Sanmarkosene zahar etxeko langileek akordioa lortu dute, hiru hilabetez greba egin eta gero

Adostutakoaren arabera, ez dute langilerik kaleratuko, eta lanaldi partziala duten langileei kontratua handituko diete.

Errenteriako Sanmarkosene egoitzako langileek egindako elkarretaratzea 50. greba egunean, Txara II egoitzaren aurrean. GORKA RUBIO / FOKU
Errenteriako Sanmarkosene egoitzako langileek egindako elkarretaratzea, 50. greba egunean, Txara II egoitzaren aurrean. GORKA RUBIO / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko otsailaren 12a
17:15
Entzun

Atzo bukatu zen Errenteriako (Gipuzkoa) Sanmarkosene zahar etxeko langileek azaroaren 18an hasi zuten greba mugagabea, 81 egunez mobilizazioak egin eta gero. Langileek akordio bat sinatu zuten enpresarekin Gipuzkoako Lan Ordezkaritzan, iazko urrian lan baldintzak hobetzeko hasitako lan gatazkari amaiera emateko.

Gureak enpresak kudeatzen du Sanmarkosene zahar etxea, baina eskaintzen dituen leku gehienak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itunduak dira. Sanmarkosenen 125 bat langile dira, ia denak emakumeak.

Lortutako akordioa «oso positiboa» izan dela esan du Feli Velazquezek, ELA sindikatuko ordezkari eta Sanmarkoseneko langileak. ELA, LAB eta ESK sindikatuek babestu dute akordioa. Velazquezek azaldu du zenbait hobekuntza lortu dituztela; esaterako, kaleratzerik ez da izango, eta eutsi egingo diete enpresak proposatutako aldaketaren aurreko soldatei: «2023ko abenduaren 31n zituzten ehunekoei eustea lortu dugu; %75eko, %80ko eta %85eko kontratuak izango dira». 2026tik aurrera, berriz, lanaldi partziala duten langileen kontratuak %60tik %81era igaroko dira, eta horrek «lan egonkortasuna izaten lagunduko die». 

Akordioari esker lantaldea handitzea ere lortu dutela dio Velazquezek: «Goizeko txandan 11 pertsona zeuden orain arte, eta hemezortzi gara orain; arratsaldeko txandan, bederatzi zeuden lehen, eta hamabi orain». Horrek lan karga murriztuko du, eta egoitzako erabiltzaileei «arreta eraginkorragoa» emateko modua emango die. «Lehen, txandetan lan egiten zuten langileen laguntza jasotzen genuen, baina orain denek lanaldi osoa egingo dugu, eta horrek aukera emango digu egoiliarrentzako arretaren kalitatea hobetzeko», azaldu du Velazquezek. 

Lan egutegiari dagokionez, langileek lortu dute aurreko lan baldintzei «eustea»: jarraian egin beharreko lanegunen kopurua eta lan egin beharreko gauena mugatzea, besteak beste. Velazquezek zehaztu du ez dutela lortu lehengo egutegiari eustea, baina akordioak ziurtatzen duela ez direla oinarrizko eskubideak ezabatuko.  

Sanmarkoseneko langileen greba mugagabeak ia hiru hilabete iraun du. Borroka «luzea eta zaila» izan den arren, Velazquezek nabarmendu du greba funtsezkoa izan dela hobekuntzak lortzeko: «Greba ezinbestekoa izan da egoera hobeago batera iristeko; hori gabe, egutegiak eta lan baldintzak askoz okerragoak izango lirateke». Azpimarratu du akordioa «garaipen garrantzitsua» dela, ez soilik langileentzat, baita egoiliarrentzat ere, arreta zerbitzu hobea izango dutelako. 

Akordioa sinatu ondoren, langileak beren lanpostuetara itzuli dira, hilabeteetako borrokaren lorpenengatik «oso pozik»: «Ez genuen uste inoiz hau lortuko genuenik; beraz, oso harro gaude borrokan lortu dugun guztiarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.