Akordioa egin dute zigor neurri alternatiboak sustatzeko

Edurne Begiristain.
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Presoek zigorra komunitatearen onerako lanen bitartez bete dezaten, akordioa egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek. Hitzarmenaren bidez sustatu nahi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 251 udalerrietako udalek eta toki erakundeek ahalik eta postu gehien eskaintzea presoek gisa horretako neurri penal alternatiboak bete ditzaten. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak atzo sinatu zuten akordioa, Gasteizen. Hitzarmenak lau urte iraungo du.

Artolazabalek nabarmendu zuenez, komunitatearen onerako lanak zigor neurri alternatiboak dira, eta horiek bat egiten dute Eusko Jaurlaritzak bultzatu nahi duen «justizia errestauratiboarekin». Egun, 12.000 pertsona inguru ari dira komunitatearen onerako lanak egiten hiru lurraldeetan. Sailburuak udalei eskatu zien esku har dezatela askatasunik ez duten horiek zigorrak espetxetik kanpo bete ahal izateko.

Aldi berean, hirugarren sektorea osatzen duten entitateei ere egin zien eskaera, zigorrak betetzeko programekin elkarlanean aritzeko. Hain zuzen, entitate horietako batean sinatu zuten hitzarmena atzo, Gasteizen: Berjantzin, arropa birziklatzen duen enpresa batean. Caritasek kudeatzen du, eta pertsona zaurgarriei gizarteratzen eta laneratzen laguntzen die.

Presoek zigorrak erdi askatasunean betetzea da Jaurlaritzaren espetxe ereduaren helburuetako bat, eta, haren bidez, gizarteratzeko pausoak ematea, Justizia sailburuak azpimarratu zuenez. Zigor neurri alternatiboen bitartez xede hori erdiesten dela berretsi zuen.

Udalak, aliatu

Urtaranek, berriz, udalek presoen «gizarteratzean» duten egitekoa nabarmendu zuen. Haren hitzetan, «beharrezko aliatuak» dira prozesu horretan, zigorra betetzeak «onura bikoitza» izan dezan, pertsonarentzat eta gizartearentzat.

«Gure konpromisoa da ahalik eta pertsona gehienek zigorra beren udalerrian bete ahal izatea; horrela, familiatik, gizartetik eta lan ingurunetik deserrotzea eragozten da», adierazi zuen. Urtaranek udalei dei egin zien, postuak eskaini diezazkieten programa horiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.