Akordio «historikoa» hitzartu dute Iruñeko Erorien Monumentuari beste esanahi bat emateko

EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik hitzartu dute akordioa. Sinbologia frankista duten arkitektura elementuak eraitsi nahi dituzte, kupula ezkutatu, eta memoria demokratikoaren zentro bat sortu, Maravillas Lamberto izena hartuko duena.

Erorien Monumentuaren aurkako protesta egin zuten hainbat elkarte memorialistak, apirilean. IÑIGO URIZ / FOKU
Erorien Monumentuaren aurkako protesta egin zuten hainbat elkarte memorialistak apirilean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko azaroaren 20a
12:30
Entzun

Erorien Monumentuaren inguruko korapiloa askatutzat jo dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik. Aspaldiko eztabaida izan da hori Nafarroan eta hiriburuan. Francisco Franco diktadorea hil zeneko egunaren urteurrenean Iruñean diktaduraren sinbolo gorenari beste esanahi bat emateko akordioa izenpetu dute hiru alderdiek, eta «historikotzat» jo dute.

PSNko Ramon Alzorrizen arabera, hirian «eremu berri bat sortzeko eta demokratizatzeko» balioko du. EH Bilduko Miren Zabaletaren irudiko, Maravillas Lamberto izena hartuko duen interpretazio zentroak faxismoa salatuko du, eta memoria demokratikoa landuko. Halaber, Geroa Baiko Pablo Azkonak gaineratu du «nolabaiteko konponbidea» aurkitu dutela luzaroan iraun duen arazo batentzat. 

«Zorigaiztoko toki ilun hori eraldatuko dugu, demokraziaren, bakearen eta elkarbizitzaren balioak zabalduko ditugu, eta iruindarrentzat toki hori berreskuratuko dugu». 

RAMON ALZORRIZPSNko eleduna

Berez, Iruñeko udal gobernuak iaz adostu zuen Erorien Monumentuaren auziari konponbidea ematen saiatuko zela legealdi honetan. Hala, alderdiek hitzartu dute 2019ko ideien lehiaketa bertan behera uztea eta beste bat egitea.

Bertan, Iruñerrian hainbat norabidetatik ikusten den eraikinaren kupula desagerraraziko da; Emilio Mola eta Jose Sanjurjo militar kolpistak hobiraturik izan zireneko kripta eraitsiko da; 1942an eraikina inauguratu zenean ezarri ziren marmol harriak kendu egingo dira, bertan ezkutuan Francoren izena baitago zizelkaturik; Ramon Solzen margolanei eutsi egingo zaie, baina ez dira jendaurrean bistaratutako, eta interpretazio zentroan horien irakurketa kritikoa egingo da. Eraikinaren arkuak eraitsi egingo dituzte, eta kanpoaldean aldaketa esanguratsuak egingo dituzte.

Beste aldaketa adierazgarria izango da memoria demokratikoaren zentro bat sortuko dutela, eta sinbologia bereziko izena jarriko diote: Maravillas Lamberto, 1936ko gerran frankistek bortxatu eta eraildako hamahiru urteko neska larragarra. Akordioak dioenez, «1942an altxatu zen eraikina, Iruñearen bihotzean, estatu kolpea eman zutenen altxamendua oroitzeko eta goratzeko, bai eta ondorengo erregimen totalitarioa ere». Sinatzaileek adierazten dute eraikin frankista horren aurka «irmo, argi eta modu adierazgarrian» ekin behar dela.

Alderdien iritzia

Akordioa eman eta gutxira, haren xehetasunak eman dituzte EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik. Negoziazio taldean parte hartu duten hiru alderdietako Nafarroako arduradunak izan dira bertan: Miren Zabaleta, Ramon Alzorriz eta Pablo Azkona, euren udal taldeetako ordezkariekin batera —Joxe Abaurrea, Marina Curiel eta Javi Leoz—.  Izan ere, udal gobernuari dagokion auzia bada ere, bere eragin sinboliko eta politikoa handia da, Euskal Herrian egun zutik den sinbolo frankistarik esanguratsuena baita.

Diktadura goratzen duen eraikinari guztiz bestelako esanahia eman nahi diotela azpimarratu dute hiru alderdietako eledunek, eta gaineratu akordioak ez diola soilik iraganari begiratzen. Eskuin muturra eta gorroto mezuak gorantz ari diren honetan, orainari eta etorkizunari ere begiratu nahi diote.

Alzorrizek azaldu du politika baliagarriaren garrantzia azpimarratzen duela itunak eta ondorengo belaunaldientzako hezkuntza programen ardatz izango direla interpretazio zentroan. «Posible egingo dugu eta modu nabarmenean esku hartuko. Zorigaiztoko toki ilun hori eraldatuko dugu, demokraziaren, bakearen eta balioak zabalduko ditugu eta iruindarrentzat toki hori berreskuratuko dugu».

«Frankismoaren biktimak eta herritarrak oro har mindu dituen arazo izateari utzi, eta aukera historiko bihurtu da»

MIREN ZABALETAEH Bilduko Nafarroako koordinatzailea

Alderdi antifaxista izanik, akordioarekin «pozik eta harro» azaldu da Miren Zabaleta. Sinbolo faxistak bestelako sinboloekin borrokatzen direla nabarmenduta, olatu autoritarioaren «antidoto gisa» ikusten du Maravillas Lamberto zentroa, eta haren balio politikoa azpimarratu du: «Frankismoaren biktimak eta herritarrak oro har mindu dituen arazo izatetik aukera historiko izatera pasa da». Eskuin muturraren forma berriei aurre egiteko desberdinen arteko akordioaren formula aldarrikatu du, eta uste du balioko duela «memoria historia XXI. mendera ekartzeko eta garaiko mehatxuei aurre egiteko».  

Geroa Baiko Pablo Azkonaren arabera, «gaia konplikatua da, eta gutxieneko akordio bat lortu da, aurrera egin ahal izateko modua emango duena». Haren hitzetan, luzaroan memoriaren arloan politika publikorik ez zen izan, 2015ean Geroa Baik zuzendutako departamentuak bide bati ekin zion arte. Azkonak gogoratu du akordioa blokeatuta zegoela aspaldiko urteotan, eta horrek ezer ez egiten ez den itxura eman zezakeela iritzi dio. Funtsezkotzat jo du kupula desagerraraztea eta Nafarroako Gobernuaren memoria institutuaren eta interpretazio zentroaren arteko bikoizketak eragoztea.

Aurreko saiakerak

Aurretik ere izan dira Erorien Monumentuaren auzia konpontzeko saiakerak. 2015-2019ko legealdian, Joseba Asironen gobernu taldeak ideia lehiaketa bat jarri zuen martxan. Aurkeztutako zazpi proiektuetatik batzuek planteatzen zuten monumentuari bere horretan eustea, elementu eta izkribu faxistak kenduta; beste batzuek proposatu zuten eraikina sakon eraldatzea; azkenik, beste aukera bat ere aurkeztu zuten: goitik behera eraistea. Ondorengo legealdian, baina, UPNren udalak alde batera utzi zuen auzia.

Alderdiek zehaztu dute orain beste lehiaketa bat egingo dela. Bertan aurkezten diren egitasmoek kontuan eduki beharko dituzte akordioan jasotako puntuak; esaterako, kupula desagerrarazteko konponbide arkitektonikoak bilatu beharko dituzte. Udal gobernuaren esku egongo da lehiaketa abiaraztea, eta bertan herritarren ekinaldiak jasotzeko prozesu parte hartzailea jasoko da. Epeei buruz galdetuta, Zabaleta ez da ausartu epemugarik jartzera, baina zehaztu du «legealdi amaierarako» burutzea nahiko luketela. Gainera, Nafarroako Parlamentuan «behar besteko aldaketak» egingo dituzte prozesu horri erabateko segurtasun juridikoa emateko.

«Gaia konplikatua da. Gutxieneko akordio bat lortu da, eta aurrera egin ahal izateko modua emango du» 

PABLO AZKONAGeroa Baiko eleduna

Aurtengo otsailean, monumentua «erabat eraisteko» eskatu zuten hemeretzi elkarte memorialistak. PSNk, baina, duela bi hilabete uko egin zion horri, eta mausoleo frankistari beste esanahi bat ematearen alde egin zuen. Alzorrizek esan du talde memorialisten iritzia aintzat hartu dutela, baina blokeo horri irtenbide bat bilatzeko akordio politikoa izango dela. EH Bilduk gaineratu du ondorengo egunetan bilerak izango dituztela talde memorialistekin edukia ezagutarazteko. Halaber, Zabaletak zehaztu du koalizioko erabaki organoek «aho batez» hartu dutela erabakia eta etzi zein larunbatean akordioaren berri emango dietela militanteei.

Lehen erreakzioak

Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek hitzaldia zuen arratsaldean Tuteran, baina bertan behera utzi du. Eguerdian, Zurekin Nafarroako kideekin batera komunikatua irakurri du, haserrea adierazteko. Izan ere, Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko udal gobernuko bazkide da koalizioa. «Beharrezko azalpen guztiak» eskatuko dituzte. Zurekin Nafarroak eraikina eraistea defenditzen du, eta hori bultzatzeko «oldarraldi politiko instituzionala» iragarri du.

Haserre, Guzmanek salatu du asteartean «arratsaldeko bostetan» izan zutela akordioaren berri. «Ez dugu negoziazio prozesuan parte hartu. Ez da Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren akordioa, hiru alderdien artekoa baizik». Horrekin aditzera eman du haiek kanpoan utzi nahi izan dituztela. Azterketa sakonagoaren zain, akordioa gaitzetsi dute, «forman eta edukian».

«Ez dugu negoziazio prozesuan parte hartu. Ez da Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren akordioa, hiru alderdien artekoa baizik» 

CARLOS GUZMANZurekin Nafarroako eleduna

PPk salatu du «irain bat» dela EH Bilduren eskutik elkarbizitzaren aldeko gune bat bultzatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.