Ez da ohikoa izaten euskarari buruzko gaietan erabateko adostasuna lortzea Eusko Legebiltzarrean. Salbuespena izan da oraingoa. Parlamentuak aho batez eskatu du EGA Euskararen Gaitasun Agiria eta beste euskara egiaztagiriak lortzeko probak aztertzea. Testu xumea da, bi puntukoa: batetik, Jaurlaritzari agindu diote lau hilabeteko epean iker dezala probaren egoera; bestetik, eskatu dute proposa ditzala hobekuntzak, azterketak «errealitate soziolinguistikora eta bete beharreko zereginetara egokitzeko». Gobernuak lantalde bat sortuko du.
Udan jarri zuen gaia mahai gainean PSE-EEk. Gaindituen kopurua oso apala zela ohartarazi zuen Isabel Zelaa legebiltzarkideak, eta zer gertatzen den aztertu beharra dagoela. Polemika eragin zuen. «Ekaitz politikoa», Zelaaren ahotan. Testuingurua kontuan hartu behar da. Batetik, tituluaren maila: Europako eskalan C1 kategoria du, seitik bosgarrena, ingelesezko Advanced tituluaren parekidea. Bestetik, probara joaten direnen soslaia: 17 urterekin egin daiteke azterketa, eta «ohituraz» joaten dira asko, Garbiñe Mendizabal EAJko parlamentariaren esanetan. Ikasle horien maila giltzarria da. Ikerketa bat bada Europako markoaren arabera egina. Emaitza: 16 urterekin, D ereduko ikasleen %68k dute B2 maila, eta B eredukoen %33k. B2 EGAren aurreko maila da. Handik urtebetera, EGAra joaten dira gaztetxoak.
Ebaluaziorik ez orain arte
Gaindituen portzentaje txikia ez da berria. «Emaitza eskasak urtez urte ari dira izaten, eta ez dugu esplikaziorik». Horri heldu dio Zelaak proposamena justifikatzeko: EGA abian jarri zutenetik ez dela ebaluaziorik egin, nahiz eta egoera soziolinguistikoa asko aldatu 1982tik. EAJk ere normaltzat jo du ebaluatzea, baina ohar egin du tituluez: «Euskaraz normal aritzeko ez da prezisoa EGA edukitzea».
EH Bilduk nabarmendu du arazoa ez dela EGA, baina azterketa egiteko eskaria babestu egin du; «normalizazioaren alde» hartu dute erabaki hori, Xabier Isasi legebiltzarkidearen esanetan. Testu labur bat adostu dute EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, eta bozketan batu zaizkie PP eta UPD. Hiru aldetatik eskatu dute ebaluazioa: proben orientabidea eta edukiak, emaitzak, eta arrazoiak. Ikerketaren ondorioak aurkezteko, lau hilabeteko epea dauka Jaurlaritzak.
Azterketa eskatzeko adostasuna lortu bai, baina talde bakoitzak agerian utzi ditu gai horri buruz dauzkan desberdintasunak. Lan aldetik erreparatu diote PSE-EEk, PPk eta UPDk. Zelaak adierazi du lanpostu publiko bat lortu edo ez EGAren arabera egoten dela maiz. PPk uste du hizkuntza eskakizunen sistema egokitu behar dela, postu bakoitzean behar dena eskatzeko. Eskakizunak «behar denean» soilik jartzea galdegin du Gorka Maneirok, «diskriminazio eta gehiegikeriarik» ez sortzeko.
Hiru taldeek argi utzi dute, hala ere, ez dutela nahi EGAren maila jaistea. Maneirok bere buruaz hitz egin du: ez du EGArik. «Suspenditu egin nuen; baina ez azterketa gaizki planteatua zegoelako, baizik eta mailarik ez dudalako». Kezka agertu du, gainera, gainditzen dutenen portzentaje baxua ez ote den «errealitate gordina».
Markora nola moldatu
EGAra ez, oinarrira jotzeko eskatu du EH Bilduk. «Hizkuntzen arteko asimetria izan beharko genuke hizketagai: gaztelania jakin behar da, nonahi dago... Euskara, ez». Hezkuntza sistemari begira ere jarri da: «Ahalbidetu beharko luke denek maila nahikoa lortzea. Ereduen sistema gainditu beharra dago horretarako». EGAren maila jasoa dela gogorarazi du: «Espainolez egingo bagenu proba, zenbatek gaindituko lukete?».
EAJk goratu egin du urteotan EGAk izan duen funtzioa, baina ontzat jo du egokitzea. Jaurlaritza horretan hasia dela nabarmendu du Mendizabalek; besteak beste, euskararen egoera Europako erreferentzia markora egokitzea aipatu du; izan ere, atzerriko hizkuntzetarako egina da markoa.
Gaia Jaurlaritzaren esku geratu da orain. Hil hasieran bildu zen tituluen inguruan 2008an osatutako batzordea, eta lantalde bat antolatzea erabaki zuen; teknikariak eta adituak egongo dira —ez dute zehaztu zein—. Lau hilabete izango dituzte ondorioak lortzeko.
Akordioa EGA aztertzeko
Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu du euskara tituluen egoera ikertzea.Lau hilabeteko epea jarri dio Jaurlaritzari adituekin hitz egin eta ondorioak ateratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu