ELA, LAB, Steilas, UGT eta CCOO sindikatuek deituta, ikastetxe erlijiosoetako langileek elkarretaratzea egin dute Donostian, Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean, arlo horretako patronalei eskatzeko bete dezatela otsailaren 5ean hitzartutako akordioa. Hamabost greba egunen ostean adostu zuten, eta hark amaiera eman zien lanuzteei, baina sindikatuek diote geroztik Kristau Eskola eta IZEA patronalek ez dutela borondaterik izan itunean agertzen ziren neurriak aurrera eramateko.
Astelehenean, sindikatuek iragarri zuten mobilizazioak egingo zituztela, eskatzeko bete dezatela otsailaren 5ean izenpetutako akordioa. Greba amaitzeko balio izan zuen akordio hark; baina, sindikatuen arabera, geroztik patronalek ez dute bete ituna, eta «erresistentziak» jartzen ari dira «lan hitzarmen berrian aurrerapausoak ematea galarazteko». Gaur ez ezik, sindikatuek protestak egingo dituzte maiatzaren 22an ere, eskoletan, eta, maiatzaren 29an egingo den negoziazio mahaiaren bileran egoera ez balitz konponduko, auzitara joko dute, iragarri dutenez.
Hitzarmenean agertzen ziren soldata igoerak «behin betikotzat» jotzea nahi dute sindikatuek, «Jaurlaritzak ontzat eman arte itxaron gabe», eta 2024rako adosturiko igoerak ordaintzen hasteko data bat ezarri. Lanaldi murrizketa eta otsaileko itunean onartutako beste zenbait neurri ere lan hitzarmenean jasotzeko eskatu dute.
«Oztopoak eta atzerapenak»
ELAk ohartarazi du patronalek «oztopoekin eta atzerapenekin» jarraitzen badute ikastetxe erlijiosoetan aritzen diren 9.000 langileek ez dutela izango «mobilizazioen bideari eta bide judizialari ekitea» beste aukerarik. LABek, berriz, gogorarazi du orain arte izandako negoziazio guztietan «gizarte ekimeneko langileen baldintzak arlo publikoko langileen egoerarekin parekatzea» galdegin dutela, eta esan dute lanean jarraituko dutela xede horren alde.
Jaurlaritza berria ez da eratu oraindik, eta, LABek dioenez, badakite horrek zaildu egiten duela akordioa betetzeko beharrezko finantzaketa publikoa eskuratzea. Hala ere, sindikatuak uste du patronalek erantzun egin behar dutela, eta eskatutako neurriak negoziazio mahaiaren hurrengo bileran aurkeztu. Bilera hori maiatzaren 29an izango da; han arazoa konponduko ez balitz, mobilizazio gehiago egiteko eta «bide judiziala jorratzeko» prest daude sindikatuak.
Kristau Eskolak, ordea, oso bestelako ikuspegia du gatazkaren inguruan, eta herenegun «harrituta» agertu zen sindikatuen akusazioak direla eta: «Ez dute oinarririk adierazteko patronalek ez dutela sinatutakoa bete nahi». Haren hitzetan, patronalak «lanean» ari dira akordioan jasotako neurriak betetzeko, eta prest daude soldata igoerari, lanaldia murrizteari eta langileen egoera hobetzeari buruzko neurriak gauzatzeko.