Akordio «historikoa» hitzartu dute EH Bilduk eta PSNk Asiron Iruñeko alkate egiteko

Udal gobernua osatzeko elkarrizketa hasiko dute aurki, eta asmoa da abenduaren 28ko udalbatzarrean bozkatzea Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa. Sozialistek eta EH Bilduk ukatu dute itunak Sanchezen inbestidurarekin lotura duela: «Iruñerako da».

Miren Zabaleta eta Joseba Asiron
Miren Zabaleta eta Joseba Asiron, atzo. IÑAKI PORTO / EFE
joxerra senar
2023ko abenduaren 13a
20:20
Entzun

Goizeko lehen orduetan udaletxearen inguruak lasai zeuden. Herritar bakar batzuk joan-etorrian ari ziren, isil, eta eraikineko argi batzuk piztuta zeuden. 08:00ak baino lehen zabaldu zen albistea. EH Bilduk eta PSNk akordioa egina zuten, eta ados jarriak ziren Joseba Asiron alkate egiteko. Handik minutu gutxira, eraikinera sartu zen Cristina Ibarrola alkatea, arrapaladan eta urduri. 09:00etarako EH Bilduko, PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako hamasei hautetsiak banaka sartu ziren udal idazkariaren bulegoan, Ibarrola kargutik kentzeko zentsura mozioa sinatzera. EH Bilduren irudiko, «akordio historikoa» da.

Ondorengo orduetan, banaka, mozioa aurkeztu duten lau alderdietako ordezkariek azalpenak eman dituzte. Lehena EH Bildu izan da. 11:30erako deitu du prentsaurrekora, eta, ordu horretarako, Iruñeko Kale Berriko egoitzan, ikusmin handia nabari zen komunikabideen artean. Areto txikian apenas zegoen tokirik argazkilari eta kamerarien artean Miren Zabaleta Nafarroako koordinatzailearen eta Asiron beraren irudiak hartzeko.

Hamasei boto

Joseba Asironen arabera, «lehen eguneko ilusioa» du, eta «Iruñearekiko konpromisoa». «Gure hoberena emango dugu hirian elkarbizitza eta elkar ulertzea lehenesteko». Datozen orduetan bilduko da alderdiekin udal gobernuaren antolamendua eta xehetasunak argitzeko. Abenduaren 28an egingo den udalbatzarrean bozkatuko dute zentsura mozioa. EH Bilduk zortzi hautetsi ditu, PSNk bost, Geroa Baik bi eta Zurekin Nafarroak bat. 

«Egun trinkoak ditugu aurrean abenduaren 28ra arte. Zinez nahiko genuke PSN udal gobernuan egotea, baina haiei dagokie erabakitzea», aitortu du Asironek. Alta, akordioan zehazten da PSN ez dela udal gobernuan sartuko. Geroa Baiko Koldo Martinez, aldiz, prest azaldu da sartzeko,  eta Zurekin Nafarroak EH Bildurekin izango duen bilerarako utzi du gai hori.

Zabaletak ontzat jo du akordioa. Ekainean ez zen modurik izan Asiron Iruñeko alkate egitea, eta nabarmendu du EH Bildu eta PSN orain gai izan direla korapilo hori askatzeko eta «orain arte posible izan ez dena posible egiteko». Horregatik, balio politiko berezia duela uste du: «Ados jartzeko gai izan gara ez soilik udal gobernu bati oposizioa egiteko, baizik eta gobernu eta norabide alternatibo bat proposatu ahal izateko».

«Iruñetik eta Iruñearentzat» egindako akordioa izan dela nabarmendu du, eta ukatu egin zuen Pedro Sanchezen inbestidurarekin inongo zerikusik duela. Haren hitzetan, «oinarrian» bat egiten dute hiriari buruz duten diagnostikoarekin: UPNren udal gobernuarekin hiria «blokeatuta eta paralizatuta» dago, ez dira gai izan aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta udala «Nafarroako Gobernuaren aurka egiteko erabili dute».

Hiru ardatz

Edukiari dagokionez, edukiak hiru ardatz nagusi ditu, eta hainbat konpromiso. Lehenik, Iruñea «bizikidetzaren hiri» bihurtu nahi dute. Memoriaren, justiziaren eta erreparazioaren arloari garrantzia berezia emango zaio: «Konpromisoa hartzen dugu ETAren indarkeriak eragindako biktimak aitortzeko, erreparatzeko eta ez umiliatzeko, bai eta motibazio politikoko biktimak aitortzeko, erreparatzeko eta ez umiliatzeko ere», azpimarratu du Zabaletak. Bide beretik, euskara sustatuko dute, eta indarkeria matxistaren aurkako borroka bultzatu.

Hiriko proiektuei dagokienez, berriz, Iruñeari begirako lehentasunak zerrendatu ditu Asironek: besteak beste, etxebizitza plan bat eratzea, Sarasate pasealekuko proiektua, Erorien Monumentuan esku hartzea, eta Zangoza kaleko aparkalekuaren proiektua gelditzea.

Ordubete geroago, 12:30ean, PSNk eman du prentsaurrekoa. Ramon Alzorriz parlamentariak aipatu du zuzendaritzak «aho batez» hartu duela erabakia, PSOErekin elkarlanean. hasieratik argi utzi nahi izan du ez direla udalean egongo eta EH Bilduk konpromisoa hartu duela ados ez diren gaietan alderdiekin negoziatzeko eta gehiengoaren iritzia errespetatzeko.

Etengabe galdetu diote ea zer aldatu den ekainetik edo 2019tik, eta zergatik egin duten urrats hori. Gogora ekarri du aurreko agintaldian UPNrekin hitzartu zuten akordioa hark ez zuela bete. Gerora, Cristina Ibarrolari leporatu zioten ez zela gai izan ezer hitzartzeko: «Ardura dela medio, ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Iruñeak aldaketa behar du, eta garai berri bat hasi, UPNren eta eskuinaren gatazka etengabea utzi eta batzen gaituena lehenetsiz». 

Nabarmendu ere egin diote EH Bilduk ez duela ETAren indarkeria gaitzesten. Alzorrizek erantzun du, ordea, ETAk hautetsi sozialistak hil zituela eta bera bizkartzainekin ibili izan dela, baina aurrera begiratu behar dela uste du: «Baina azken hamar urteetan bakean bizi gara. Eskuina ez da gai elkarbizitzan aurrera egiteko. Alderdi Sozialista, bai», erantzun zuen, eta aurrerago gaineratu: «Beti arlo semantikoari erreparatzen zaio.  Gaitzespen hitza ez dago, baina ETAren terrorismoaren biktimen aitortza eta erreparazioa onartu dute, ezin direla umiliatu. Aurrerapausoak dira». 

Geroa Bai, «pozik»

Geroa Baiko Koldo Martinez «pozik» azaldu da, baina aldarrikatu du zentsura mozioaren akordioa lau alderdiren artekoa dela: «Hamalau zinegotzi behar dira, eta bitarako akordioa balitz ez litzateke nahikoa zentsura mozioa egiteko. Hemen biren arteko desakordioa zegoen, eta, orain, lauren arteko akordioa dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.