Akize-Gasteiz AHT zatia egiteko proiektua aitzina doala ohartarazi du CADEk

Obrak noiz hasiko liratekeen ez dute zehazturik, baina CADEk gogorarazi du 19,5 milioi euro esleitu dituztela proiektuaren azterketarako.

Victor Pachon eta Pierre Errekarte CADEko kideek eman dute prentsaurrekoa, goizean. BERRIA
Victor Pachon eta Pierre Errekarte CADEko kideek eman dute prentsaurrekoa, goizean. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2024ko irailaren 18a
16:45
Entzun

Europako Batzordeak joan den uztailaren 17an argitaratu zituen Europako Interkonexiorako Mekanismoaren 2023ko proiektu deialdiaren emaitzak: 19,5 milioi euro aurreikusi zituen Akize (Okzitania) eta Gasteiz lotuko lituzkeen abiadura handiko trenaren linea aztertzeko. Oso aspaldiko gaia izanik ere, orain arte informazio handirik ez da eman linea horren inguruan: urteak pasatu dira, eta obrak noiz hasiko lituzketen ez dute sekula zehaztu. Baina, orain azterketarako dirua ematen baldin badute, CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboaren ustez erran nahi du proiektuak beti aitzina egiten duela; hain zuzen ere, horren inguruan alarma pizteko egin dute prentsaurrekoa goiz honetan. Irailaren 26an Mugerreko (Lapurdi) Haitz Ondoan aretoan 20:15ean eginen duten bilkura publikorako deia ere zabaldu dute.

Proiektuaren lehen aipamena 1992an egin zen, baina hor jadanik eginak ziren trenbideen berritzea hobesten zuten batzuk. Erraterako, horretan datza AHTren inguruko eztabaida nagusia: hobea al da abiadura handiko lineak sortzea, ala jadanik badiren lineak berritzea? CADEko kideek argi dute hobe dela lineak berritzea, eta hori defendatzen dute hasieratik.

Trenbidearen saturazioa da Ipar Euskal Herritik igaroko litzatekeen AHT abiadura handiko trena zilegitzeko asmoz Frantziako Gobernuak erabiltzen dituen argudioetako bat. Hau da, gaur egungo trenbideak ezin dezakeela jasan AHTak, TER eskualde trenak eta merkantzia trenak denak batera haren gainetik pasatzea.

Hori gezurra dela dio CADE kolektiboak: «Trenak zenbatzen hasi ginen, eta konturatu ginen aipatzen zituzten zenbakiak gureak baino bi aldiz handiagoak zirela. Afera da tren bakoitza bi aldiz zenbatzen zutela, abiatzean eta iristean».

Erabilitako beste argudioetarik bat bidaiariek irabaziko luketen denbora da; hori ere zalantzan jartzen du CADEk. Trenbide azpiegiturez arduratzen den RFF konpainiak 2006. urtean egin eztabaida publikoaren arabera, Baiona eta Bordele arteko bidaia baten erreferentziako denbora ordu bat eta 36 minutu zen; trenbideak berrituz gero, ordu bat eta hemeretzi minutura jaits liteke; eta, AHTarekin, berriz, oren bat eta laurden behar litzateke. Hala, zehazki, lau minuturen aldea litzateke trenbide berrituen eta AHT linearen artean. Baina bigarrenak «kalte ekologiko larriak» ekarriko lituzke, baita gastu oso handiak ere. 

Proiektu orokorrago bat

Akize-Gasteiz linea GPSO Hego Mendebaldeko Trenbide Egitasmo Handiaren barnean ulertu behar da. Hasiera batean, Bordele-Tolosa (Okzitania) eta Bordele-Akize (Okzitania) eraiki nahi dituzte, eta, azken horren jarraipenean sortuko lukete Akize-Gasteiz, Ipar Euskal Herritik pasatuz, beraz.

2023ko urtarrilean Frantziako Garraio ministroak obren egitaraua finkatu zuen: 2023aren bukaera eta 2024aren hasiera aldera, Bordele hegoaldeko eta Tolosa iparraldeko obren abiatzea; 2027an, zati komunaren eta Tolosara ala Akizera joateko bidebanatzearen eraikuntza; 2028an, Bordele-Tolosa trenbidearen obren hasiera, 2032an erabilgarria izan dadin; eta, horren segidan, Akizera doan trenbidearen eraikitzea. Baina azken horrendako datarik ez dute batere zehazturik, eta, beraz, haren jarraipenean Euskal Herrira helduko litzatekeenarendako ere ez. Ordea, CADE kolektiboak agerrarazi du proiektuaren azterketarako dirua esleitu dutela, eta xedea aitzinera doala, beraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.