Atxiloketak

Aketza Galarza da Ertzaintzak Trapagan atxilotu duen gaztea

Kale indarkeriaren aurkako operazio bat Bizkaian eta Gipuzkoan abian dela iragarri du Javier Balza Jaurlaritzako Barne sailburuak gaur goizean Radio Euskadin, baina oraingoz, bi atxiloketa izan dira, eta biak Bizkaian. 24 urteko Endika Lejarzegi atxilotu dute Leioan eta Aketza Galarza Trapagan.

2003ko ekainaren 23a
19:43
Entzun
Balzak goizean iragarritako operazioa oraindik irekita dagoela jakinarazi dute Barne Saileko iturriek arratsaldeko lehen orduan. Ildo horretatik, bi lagun atxilotu dituztela jakinarazi dute: bat Leioan eta bestea Trapagan, baina ez baten, ez bestearen nortasunik ez dute argitu. Askatasuna erakundeak, ordea, Leioan atxilotutako gaztea 24 urteko Endika Lejarzegi dela ziurtatu du. Beste lagunari buruzko argitasunik ez du eman, baina arratsalde partean jakin da bigarrengoaren nortasuna: Aketza Galarza.

Askatasunak azaldu duenez, goizeko zortziak inguruan atxilotu dute Endika Lejarzegi. Hain zuzen ere, etxetik atera denean bi gizonezko inguratu zaizkio. eta "terrorismo delituengatik" atxilotzen zutela jakinarazi diote. Halaber, ertzainak direla esan diote.

Endika Lejarzegi joan den urrian ere atxilotu zuen Ertzaintzak beste bost gazterekin batera. Inkomunikazioak iraun zuen epean kolpeak, mehatxuak eta irain sexualak jasan zituztela salatu zuten bost gazteek aske geratu zirenean. Era berean, poliziaren egoitzetan egon ziren denboran substantzia aluzinagarriak eman zizkietela azaldu zuten.

Barne Sailak kale indarkeriarekin lotu ditu bi atxiloketak, baina aurreko astean Bilbon aurreraeramandako operazioarekin ez duela zerikusirik ziurtatu du Balzak Radio Euskadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.