Indarkeria matxistaren aurkako borrokan zigor sistemak mugak dituela onartu beharra ikusten du Miren Ortubai EHUko Zigor Zuzenbideko irakasleak (Gasteiz, 1958). 2004an Espainiako Gobernuak genero indarkeriaren aurkako lege organikoa abiatu zuenetik Bizkaian egon diren epaiak aztertu zituen ostegunean, Basauriko Marienea etxean emandako hitzaldian.
Zein muga du zigor sistemak genero indarkeriaren kasuetan esku hartzean?
2004ko legea arazo konplexu bati eman beharreko erantzun integralaz mintzatzen da, eta teorian prebentzioaz hitz egiten du, baina praktikan horretarako aurrekonturik ez dago, eta erantzun nagusia zigorra da. Sistema penalak muga asko ditu, bere ezaugarriengatik, delituak zigortzeko pentsatuta dagoelako, norbaitek debekatutako ekintza edo jokabide bat gauzatu duela frogatzeko.
Eta ohiko tratu txarrak erraz frogatzen dira?
Ez. Oro har, pertsonaren erabateko kontrola helburu duen tratu txar sistematikoa psikologikoa da neurri handi batean: umiliazioak, etengabeko izua… Hori frogatzea ia ezinekoa da zigor zuzenbidean, azaleratzen diren jokabideetarako pentsatuta dagoelako. Batzuetan, indarkeria hori urteetan jasan ondoren, egun batean bortizkeria agerian uzten duen zerbait gertatzen da: bizilagunek oihuak entzuten dituzte, kolpe batek ubeldurak uzten dizkio… Horrek gertakizun zehatz bat froga dezake; baina nahikoa denez zigortzeko, ikusten ari gara epaileak ez direla ari baliabideak jartzen ikerketa luze eta konplexuagoak egiteko. Unean uneko jardun batzuk zigortzen ari dira, eta ezkutuan uzten ari dira kasu larriago eta kezkagarriagoak.
Hala ere, zigorraren kontzeptuak ez al du laguntzen indarkeriari zilegitasuna kentzen?
Bai. Zerbait delitutzat hartzeak indar sinboliko handia du, gizarteari helarazten diolako onartezina dela. Horregatik, ukaezina da erantzun penalaren beharra. Baina 2004ko legeak delitutzat hartzen du edozein eraso, eta uste dut hori auzitan jar daitekeela: mehatxu arin bat edo bultzada bat delitutzat jo eta kartzela zigorra jaso ahal izateak ez du proportzionaltasun printzipioa errespetatzen.
Orduan, maila juridikoan, zer egin beharko litzateke mehatxu eta antzekoekin?
Nire ustez, indarkeria sistematikoa eta unean uneko gatazkak bereiztea da garrantzitsuena, baina zailena ere bai. Legeak antzera tratatzen ditu kasu diferenteak: edozein tratu txar edo eraso, arina izanda ere, ondorio larriagoak ekar ditzakeen espiral baten hasiera izan daitekeela dio, eta espiral hori hasieratik moztea du helburu. Baina hipotesi hori ez dago frogatuta praktikan. Batzuetan hala da, eta beste batzuetan tratu txarrak errespetu faltekin nahasten dira. Sarri bikoteetan gatazkak hitz eginez eta bortizkeriarik gabe konpontzeko gaitasuna falta da, eta gazteetan agerikoa da, adibidez, irainen bidez. Jokabide deitoragarri horiek aldatzen saiatu behar dugu, baina ezin dute epaitegi batean amaitu: beste modu batera konpontzeko gai izan behar dugu. Sistema penala ez dago halakoetarako pentsatuta, baizik eta pertsonek konpondu ezin dituzten auzi larriagoetarako, aldeen artean desoreka handia dagoelako. Elkarri irainka ari den bikote baten gatazka ezin da bost urtez indarkeria jasan duen andrearen kasuarekin parekatu, ez dira gauza bera.
Gehiegi azpimarratu al da salaketa jartzearen nahitaezkotasuna?
Emakumeei salaketa jartzeko etengabe errepikatzen diegunean, ardura asko uzten da euren bizkar gainean, esanez baliabideak badaudela baina haiek salatu ezean ezin dela ezer egin. Baina zer da salatzea? Andreei irekitzen zaien ate bakarra sistema penalarena da, eta uste dut akats bat dela. Hasteko, ez zaielako azaltzen zer dakarren halako prozesu bat abiatzeak: gatazkaren protagonistak bigarren planoan geratzen dira, erabakiak hartzeko eta gatazka kudeatzeko ahalmena galtzen dute... Horrek biktimizazio bikoitza dakarkie. Hain justu, zigor prozedura hain gogorra delako, uste dut salaketak tresna bat izan behar duela, eta ez helburu bat: andreak salaketa jarri behar du prest dagoenean.
Ulertzen duzu emakume batzuek salaketa bertan behera uztea?
Noski. Ez zaizkielako azaltzen salaketaren ondorioak. Emakume askok ez dute senarrarentzako zigorrik nahi, baizik eta bakean utz ditzaten. Agian Poliziari deitu diote laguntza eske, baina ez salaketa jartzeko. Haiek hautatu ez duten prozesu hori bide bakarra dela konturatzean, salaketa erretiratzen dute. Hori ulergarria da, eta manipulazio erabat demagogikoa da esatea salaketa faltsuak zirela.
Gizartean zein erakundeetan indarkeriatik ateratzeko beste moduak artikulatu beharko liratekeela?
Esfortzua egin beharko litzateke salaketa jartzen ez duten andreak laguntzeko. Hainbat baliabide edo laguntza jasotzeko, salaketa behar da; biktima etiketa eduki behar izatea arazo bat da, nire ustez, baina konponbidea ere zaila da. Azkenean, hain da arazo konplexua, hain daukagu barneratua, ezen konponbide bakarrak epe luzerakoak diren: berdintasuna sustatzeko hezkuntza.
Orduan, zigor zuzenbidean berrikuntza sustatu behar da?
Nire ustez, legeak nora garamatzan ebaluatu beharko litzateke: konturatu zer gertatzen ari den, pentsatu, eta, nolabait, legea aldatzen ausartu. Emakumeak jabetzeko moduak ere aurkitu behar ditugu, haien autonomia eta independentzia sustatu, eta zigor zuzenbideari dagokion esparrua utzi: kasu larrienak.
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna. Miren Ortubai. EHUko Zigor Zuzenbideko irakaslea
«Akatsa da emakumeei irekitako ate bakarra zigor sistemarena izatea»
Indarkeria matxistarekin lotutako auzietan zigor zuzenbideak muga gehiegi dituela uste du Ortubayk. Kasu batzuen kudeaketa eta konponbidea epaitegietatik kanpo uztearen alde agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu