Akainen ugaritzea, arazo

Hainbat gaixotasun transmiti ditzakete akainek, eta horietan larriena da Lyme gaitza, 'Borrelia burgdorferi' bakterioak eragindakoa. Azken datuen arabera, intzidentzia tasak gora egin du.

Akain bat. BERRIA
Akain bat. BERRIA
Jone Bastida Alzuru.
2024ko uztailaren 3a
05:00
Entzun

Neguan, apenas, baina eguraldi ona sumatzean, udaberrian eta udan, akainak maiz izaten dira hizketagai. Eta azken urteetan, areago. Izan ere, akainak ugaritu diren pertzepzioa dute adituek, pertzepzioa berresten duen datu zientifikorik egon ez arren. Zergatia ez dago hain argi. Animalia basatien edo abereen zabaltzeak eragina izan dezakeela uste du Aitor Cevidanes Neikerreko Animalia Osasun departamentuko ikertzaileak: «Orokorrean, akainen ugaritzea klima aldaketarekin erlazionatzen da, baina gure lurraldean ez da hori espero, ez behintzat ohikoena den akain espeziearekin: gurean ditugun akain espezie gehienek ez dute lehortasuna gustuko, hezetasuna behar dute». 

Euskal Herrian hemeretzi akain espezie inguru detektatu dituztela argitu du. Ixodes ricinus espeziea da ugariena, eta basoetan eta mendietan aurkitu ohi da. «Animalia ugari parasitatzen ditu: etxe abereak, ugaztun basatiak, hegaztiak eta narrastiak. Eta gizakiei zizta egiten aurkitu dugun espezie ugariena da. Bere bizi zikloko hiru faseak —larbak, ninfak eta helduak— aurkitu ditzakegu landaredian ia urte osoan, gehienbat udaberrian eta udan».

Akainen ugaritzeen erakusle izan daiteke Lyme gaitzaren intzidentzia tasak gora egin izana ere. Hainbat gaixotasun transmiti ditzakete akainek, eta horietan larriena da Lyme gaitza, Borrelia burgdorferi bakterioak eragindakoa. Akainei erasaten dien gaitz bat da, eta hortik zabaltzen da pertsonengana. 

Gaixotasuna transmititzeko, beraz, baldintza batzuk bete behar dira: akainak berak kutsatuta egon behar du, eta gutxienez 36-48 ordu pasatu behar ditu biktimaren odola xurgatzen; 72 ordu edo gehiago pasatzen baditu, kutsatzeko aukerak handiak dira. «Lyme gaixotasuna hanturazko afekzio kronikoa da, multisistemikoa, eta batez ere larruazalari, nerbio sistema zentralari eta periferikoari, artikulazioei eta bihotzari eragiten die», azpimarratu du Cevidanesek. Ez bada garaiz diagnostikatu eta tratatzen, kroniko bihurtu daiteke.

«Lyme gaixotasuna hanturazko afekzio kronikoa da, multisistemikoa, eta batez ere larruazalari, nerbio sistema zentralari eta periferikoari, artikulazioei eta bihotzari eragiten die».

AITOR CEVIDANESNeikerreko Animalia Osasun departamenduko ikertzailea

Sintomatologia, berriz, askotarikoa da, eta fase desberdinak ditu. Hasieran, gripearen sintomak eta ahuldadea sumatzen dute gaixoek, eta, kasu batzuetan, gorritu egin daiteke akainak zizta egindako tokia —ez du zertan—.

Ez bada garaiz tratatzen, sintomak ugaritzen dira —hilabeteak pasatuta ere ager daitezke—: ondorio neurologikoak, arazo kognitiboak, memoria arazoak, aurpegiko paralisia, bihotzeko edo biriketako arazoak, ikusmena lausotzea, artritisa...

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren azken datuen arabera, iaz akainen bidez transmititutako gaitzen 75 kasu diagnostikatu zituzten: 59 Lyme kasu —8,78 kasu 100.000 biztanleko—, eta sukar botonoso mediterraneoaren hamasei kasu —2,38 kasu 100.000 biztanleko—. Lyme kasuek, beraz, goranzko joeran segitzen dute: 36 kasu atzeman zituzten 2022an; 32, 2021ean; 20, 2020an; 13, 2019an; eta 8, 2018an. Institutuaren iritziz, gorakada «diagnostikoa eta jarraipena hobetzearen ondorio» izan daiteke. Era berean, klima aldaketak kaparren ugaritzean eragina izan dezakeela uste du.

Osakidetzak bildutako azken datuak, berriz, 2022koak dira —BERRIA jarri da Jaurlaritzako Osasun Sailarekin harremanetan, baina ez ditu datu berrituak jaso—. Txostenean jasotzen denez, 2018tik 2022ra kaparrek transmititutako sukar itzulkorreko hamabost kasu atzeman zituzten EAEn: hiru Araban, bost Bizkaian eta zazpi Gipuzkoan. Lyme gaitza, baina, ez da aipatu ere egiten. 

Kontuan izan behar da Lyme gaixotasuna ez dagoela aitortua Euskal Herrian, eta, beraz, ez dela derrigorrezkoa kasuen berri eman eta datuak erregistratzea.

Informazioa, beharrezkoa

Hain zuzen, Lyme gaixotasunaren inguruko informazioa zabaltzea «oso garrantzitsua» dela uste du Naiara Olaguek. Lyme kronikoa du, eta haren kasuaren lekukotza eman du. Azaldu duenez, 2016an, lanean ari zela, ikusmena galdu zuen minutu batzuez, eta bista arazoekin geratu zen. Medikuetara joan zen orduan: «Ez zekiten zer gertatzen zitzaidan, baina gaitzak baztertzen joan ziren». Ikusmen arazoez gain, bazituen beste sintoma batzuk ere: muturreko nekea, giharretako eta artikulazioetako mina, zorabioak, aurpegiko paralisia, arazo kognitiboak, memoria arazoak, argiarekiko intolerantzia...

Halako batean, Lyme zehaztugabea eman zuen proba batean, eta gaixotasunaren inguruan informatzen hasi zen, bere kabuz. Egunkari batean Hondarribiko (Gipuzkoa) herritar batzuen lekukotasuna ikusi zuen, eta haiekin harremanetan jarri zen: «Berretsi nuen pairatzen ari nintzen guztiak izen bat zuela, eta Lyme gaixotasuna deitzen zela». Gogoratu du gaur egun Euskal Herriko osasun sisteman ez dagoela gaitza atzemateko proba «guztiz fidagarririk».

«Gizarte Segurantzan ez ninduten tratatu nahi. Zehaztugabe hori negatiboa zela esaten zidaten, ez neukala ezer. Sendagiria eman zidaten, baina ni gaizki nengoen. Orduan, Belgikara joatea erabakia nuen, mediku espezialista batengana», kontatu du Olaguek.

«Gizarte Segurantzan ez ninduten tratatu nahi. Zehaztugabe hori negatiboa zela esaten zidaten, ez neukala ezer. Alta eman zidaten, baina ni gaizki nengoen. Orduan, Belgikara joatea erabakia nuen, mediku espezialista batengana».

NAIARA OLAGUELyme kronikoa duen gaixoa

Azkenean, 2018an jaso zuen diagnostikoa: Lyme kronikoa. «Belgikan egon nintzen tratamendua jasotzen, eta bi-hiru hilabetean behin joaten nintzen kontsultara. Aurrez aurrekoa zen. Gero, koronabirusa iritsi zen, bidaiatzea oso zaila zen, bakartuta egon behar zenuen... Beraz, Madrilgo klinika pribatu batean tratatzea erabaki nuen. Gaur arte».

Gainera, haren poltsikotik ordaindu behar izan du guztia: «Gizarte Segurantzan ez dizute gaixotasuna diagnostikatzen, ez zaituzte tratatzen, eta beraz, zeure kabuz moldatu behar duzu. Ni, zorionez, nahiko ondo nago, baina oso larri dauden kasu asko daude, ezin dutenak lanik egin. Orduan, ez baduzu lan egiten, eta osasun publikoarentzat ez baduzu Lyme gaixotasuna, ez daukazulako diagnostikorik, ezin dizute gaixo agiria eman. Gaixo askok elbarritasun maila bat eskatzen dugu nondik mantendu izateko, eta ukatu egiten digute, gaixotasuna ez dagoelako onartua».

Olaguek esan du gaur egun «askoz hobeto» dagoela, baina oraindik tratamenduan jarraitzen du. «Bakterioa sor eduki behar duzu». Baditu ere Lyme gaitzak eragindako gaixotasun patologiko batzuk: arazo kardiako eta neurologikoak, erretinako gaixotasuna...

Azaldu duenez, zaila da Lyme gaitza diagnostikatzea. Alde batetik, beste gaixotasun batzuen sintomak hartzen dituelako —mozorrotu egiten dela esan ohi da—. Eta, beste alde batetik, ez dagoelako test serologiko «fidagarririk», eta, beraz, azterketa klinikoaren bidez diagnostikatzen delako: «Beste gaixotasun askoren antza du: lupusa, artritis erreumatoidea, esklerosi anizkoitza, ELA, parkinsona... Horrek asko zailtzen du diagnostikoa, eta pertsona asko infradiagnostikatuta edo gaizki diagnostikatuta daude».

Eskakizunak

Lyme kronikoa duten gaixoen izenean, hainbat eskakizun egin ditu Olaguek. Besteak beste, informazio eta prebentzio kanpainak abiatzea, Lyme gaixotasunaren nahitaezko deklarazioa onartzea eta gaitza diagnostikatzeko probak hobetzea; «edo, behintzat, gaixook atzerriko, beste erkidego bateko edo laborategi pribatu bateko azterketa analitiko batekin joaten bagara medikuarengana, aintzat hartzea».

Beste eskakizun bat ere egin du: Lyme kronikoa aitortzea Gizarte Segurantzan. Izan ere, nahiz eta tratamendua jaso, gaitza kroniko bihurtu daitekeela adierazi du. «Egoera lehenbailehen aldatzea behar dugu. Biztanleria osoa jabetu behar da». Hain zuzen, gaixotasunaren berri emateko, Lymetro a metro kanpaina jarri zuten martxan hark eta bere senarrak.

Neiker zentroak ere ikerketa bat abiatu du: PyrTick: Pirinioetako kaparrak eta transmititutako gaixotasunak: ezagutza eguneratzea, azterketa harmonizatzea eta prebentziorako proposamenak.

protokoloa

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak badute akainen ziztada prebenitzeko gida, baita, ziztatuz gero, zer urrats egin behar diren ere. Mendian eta landa inguruetan adi ibiltzea gomendatzen dute, eta hauek dira ematen dituzten oharrak:


BABES NEURRIAK


1. Ahal dela, ez ibili landare altuak dauden lekuetan. «Seguruagoa da bidezidorren erdialdetik ibiltzea».
2. Galtza luzeak jantzi baso itxian, belar luzeko larreetan edo landare askoko tokietan.
3. Galtza-barrenak galtzerdien barrutik sartu.
4. Kolore argiko arropak jantzi, errazagoa delako horietan kaparrak ikustea.
5. Intsektu uxagarria erabili.
6. Ahal dela, ez eseri landareak dauden lekuetan.
7. Akainak egon daitezkeen lekuetan ibiliz gero, gainbegiratu arropa eta azala, kaparrik ba ote den ikusteko.

ZIZTATUZ GERO, ZER
1.
Saiatu akaina ahalik eta azkarrena kentzen.
2. Burutik edo ahotik heldu kaparrari punta fineko pintza batekin, eta tira egin, tinko baina goxo, «inoiz ez modu zakarrean».
3. Ez kendu akaina eskuarekin.
4. Behin akaina ateratakoan, ziztadaren eremua urarekin eta xaboiarekin garbitu; hau da, zauria desinfektatu. Kaparra osorik atera ez bada, osasun etxe batera joan.
5. Akaina kendu ondoren, adi egon hurrengo egunetan. Eritasun baten sintomak izan daitezke eremu ziztatua gorritzea edo sukarra izatea.
6. Halakorik bada, medikuarengana joan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.