Geneak ikertzen ibilbide luzea du Ana Zubiaga Elordietak (Forua, Bizkaia, 1959), baina beste hamaika arlok ere pizten diote jakin-mina. Ezagutza zabaltzeak eta sustatzeak gozamena ematen dio, eta hori da, hain zuzen ere, Jakiunde zientzia, arte eta letren akademiaren xedea. Zubiaga azaroan izendatu zuten akademiako lehendakari, eta denetariko erronkei heltzeko prest dago.
Akademiaren munduan hiru kontinente bereiz dira oraindik ere zientziak, arteak eta letrak?
Hein batean, baina egia da gure akademian ahaleginak egiten ditugula itxuraz guztiz banatuta dauden esparru horiek elkartzeko. Egitasmo batzuk ditugu, adibidez, arteak eta zientziak nolako harremana daukaten ikusteko. Begira, orain irtengo den Riev aldizkariaren zenbakiak izenburu hau izango du: Arte zientifikoen edertasuna. Normalean, arte ederrak pintura-eta izaten dira, baina zientzia eta artea uztartzeak daukan edertasuna landu dute hor. Esate baterako, esfera: artearen ikuspegitik begiratu diezaiokezu —hainbat irudi eta argazki egin dira esferaren inguruan—, baina ikuspegi matematiko edo fisiko batetik ere bai. Nire ustez, badaude ikuspegiak printzipioz guztiz desberdinak diruditen esparruak elkartu ditzaketenak.
Hotsak egitasmoa ere horren harira antolatu ohi duzue.
Musika eta zientzia. Nafarroan mahai inguruak eta aurkezpenak egin izan ditugu, adibidez, musika arkeologiarekin lotuz. Hortik ateratzen diren perspektibak guztiz aberasgarriak dira. Askotan ez duzu modu horretan begiratzen; askotan musikari ez diozu loturarik aurkitzen beste esparru batzuekin, baina badago. Bilatu behar da.
Bilaketa lan hori da akaso Jakiunderen egiteko nagusia?
Ez nuke esango egiteko nagusia denik, baina egin, egiten dugu. Gure helburu nagusia da ezagutza orokorra sustatu eta zabaltzea.
Nola bultzatzen du Jakiundek ezagutza?
Modu bat baino gehiago ditugu. Ehun pertsona baino gehiago gara, hainbat esparrutan adituak. Elkartu, eta gustatzen zaigunaren —egiten dugunaren— berri ematen diogu elkarri. Foroak izaten ditugu, eta oso pentsaera interesgarriak ateratzen dira halakoetan. Ezagutzak gozamena ematen digu guztioi. Hori, barrura begiratuta.
Eta kanpora?
Uste dugu gure jakituria partekatu dezakegula beste batzuekin, Jakiundekoak ez direnekin. Uste dugu hori bi modutara egin daitekeela. Aholku ematen diegu erakunde publikoei eta pribatuei: uste dugu guk ikasi dugun eta dakigun hori baliagarria izan daitekeela Eusko Jaurlaritzarentzat, aldundientzat eta ekinaldi pribatuentzat. Geure burua eskaintzen dugu horrelako aholkularitza lanetarako, eta erakundeek galderak egiteko deitzen digute; adibidez, adimen artifizialean edo Euskal Herriko ikerkuntzan interesa dutenean. Horrelako gaiak tartean daudenean, erakundeentzat interesgarri izan daitezkeenak, guregana etortzen dira, galdetzera eta aholku bila.
«Uste dugu guk dakigun hori baliagarria izan daitekeela Eusko Jaurlaritzarentzat, aldundientzat eta ekinaldi pribatuentzat»
Bestelako egitasmoak ere badituzue.
Bai. Uste dugu edonori interesatu dakiokeela dakigun hori kontatzea. Niretzat gozamena den heinean zerbaiti buruz jakitea, iruditzen zait beste askori ere gauza bera gertatuko zaiela. Bide horretan, zenbait egitasmo ditugu: Jakin-mina delakoa da bat. Interes handia jartzen dugu horretan. Batez ere, DBHko ikasleentzat da. Uste dugu DBHko 4. maila oso garai kritikoa dela gazteentzat, interesa pizteko zientzian, artean eta letretan. Gazteentzat lagungarria izan daiteke adituak entzutea zenbait gairi buruz hitz egiten, erabakiak hartzeko eta norantz jo nahi duten argitzeko. Zientziak, arteak eta letrak ukitzen dituen akademia bat gara, eta aprobetxatu egin behar dugu hori, jendeari zabaltzeko.
Gazteei ez ezik, helduei ere eskaintzen dizkiezue hainbat egitasmo: Uxueko udako ikastaroak, Hotsak, solasaldiak...
Mahai inguruak egiten ditugu; erronka demografikoari buruzkoak egon ziren iaz, eta seguruenik aurten ere segituko dugu. Orain dela bi urte hasi ginen Jakiunden dauden emakumeei ikusgaitasuna ematen, eta argazki erakusketa ibiltari bat dugu. Orain Kimika Fakultatean dago, Donostian. Erakusketaren harira, zenbait hitzaldi antolatu ditugu, eta aurrerago Madrilgo Errege Lorategi Botanikora mugituko dugu. Gure interesa, batez ere, ezagutza zabaltzea eta ezagutzaz gozatzea da.
Hain zuzen, ikertzaile potentzialei erreferenteak erakustea da bide bat.
Horixe. Batez ere, hori zen hasierako interesa, ikusgaitasuna emanez erreferente gehiago sortzen dira eta. Emakume asko ari dira azken ehun urteetan lan oso nabaria eta interesgarria egiten, baina ez dira hain ezagunak. Urteetako diskriminazioak hor dirau, eta hori gainditzea ez da erraza, ez da urte batetik bestera egiten. Askotan konturatu ere ez gara egiten, ez gizonezkoak, ez emakumezkoak, diskriminazio hori dagoenik. Askotan diskriminazio hori oso sotila da, eta ez da ondo ikusten. Pentsatu genuen aukera ona zela erakusketa hori egitea: ingeniariak, biologoak, musikariak, idazleak eta denetarik daude. Bakoitzak bere esparruan upa lako lana egin du, eta uste dugu garai ona dela hori erakusteko. Horrek lagun dezake gazteagoek ikusteko hor altxor bat dagoela.
Zure argazkia ere badago erakusketan?
Bai, badago!
«Kontua ez da marketin handia egitea, baina nahi dugu jende gehiagok jakitea existitzen garela, uste baitugu badugula zer eskaini»
Azaroan izendatu zintuzten Jakiundeko lehendakari. Nola eramango duzu akademia honen lema?
Nire aurretik egon diren lehendakariak ikaragarri onak izan dira: [Pedro Miguel] Etxenike, ez dago gehiago esan beharrik; Jesus Ugalde, Donostian superezaguna; eta Juan Ignacio Perez Iglesias, orain [Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza] sailburua dena. Atera kontuak zelakoak ditudan nire aurretik! Haien antzera egiten badut, nahikoa. Argi dugu erronkak non dauden; behin hasten garenean, beste erronka batzuk ere agertzen dira askotan. Hortik abiatu, eta ikusiko dugu nora iritsiko garen.
Izan ere, zientziak hala funtzionatzen du.
Hala da. Noraezean ezin gara ibili. Ingurua ondo aztertzen dugu, eta horrek eramaten gaitu hipotesi bat botatzera. Gero, ikusten dugu ea frogatu dezakegun egia dela. Hemen ere gauza bera egingo dugu.
Hipotesi bat da behar beste jendek ez duela ezagutzen Jakiunderen lana zertan datzan?
Hori da dauzkagun erronketako bat. Oso jende gutxik ezagutzen du, eta hor lan asko dugu egiteko. Kontua ez da marketin handia egitea, baina nahi dugu jende gehiagok jakitea existitzen garela, uste baitugu badugula zer eskaini. Hori Euskal Herri osoan egin behar dugu. Izan ere, akademia honek denona eta denontzako modukoa izan behar du. Gainera, esparru guztiak ez daude berdin ordezkatuta: natur zientzietan ari garenak bagaude, baina ingurumen zientzietan gutxiago dauzkagu, hezkuntzako ordezkari gutxiago... Horiek, nire ustez, landu egin behar ditugu.
Lehenago azaldu duzu aholkulari izateko borondatea duela Jakiundek. Adibide bat?
Lehendakaria naizenetik, harremanetan nago Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuarekin, eta helarazi didate interes handia daukatela zenbait arlotan sakontzeko eta gure aholkuak jasotzeko. Ez dugu oraindik ondo adostu zeintzuk izango diren gaiak, baina ikusi dute Jakiunderen ezagutza erabilgarria izan daitekeela haientzat, eta aprobetxatu egin nahi dute hori. Zertarako jo kanpo aholkularitzetara —beste batzuek egingo luketen moduan—, hemen baldin badaukagu? Laster sinatuko dugu hitzarmen bat Eusko Jaurlaritzarekin.
Euskal Herriak behar duen zientzia politikari buruz aholkua emateko eskatuko balizute, zer esango zenuke?
Litekeena da Eusko Jaurlaritzak horrelako galderaren bat egitea. Lehenengo, batzorde txiki bat eratuko nuke. Konplexua denez, ikuspegi asko dauzka, eta leku desberdinetatik begiratu behar zaio. Ikuspegi guztiak aztertu behar ditugu, ikuspegi horiek elkartu, eta ahots bateratu bat atera. Uste dut hori egin behar duela Jakiundek. Leku on bat da, hain zuzen ere, esparru horiek guztiak ordezkatuta daudelako.
«Bateratu egin behar ditugu naturaren ezagutza, politikaren ezagutza, demografiarena, soziologiarena... Ezagutzak integratzea falta zaigu»
Zu biologiaren arloan aritzen zara, eta ibilbide luzea duzu geneak ikertzen.
Geneen erregulazioaren gailurrean dagoen gene talde batekin egiten dut lan. Ikusi dugu gene horiek oso garrantzitsuak direla, batez ere genoma egonkor mantentzeko. Mutazio asko pilatzeak desegonkortu egiten du genoma, eta horrek heriotza zelularra edo minbizia eragin ditzake. Nik aztertzen ditudan geneek ziurtatzen dute horrelakorik ez gertatzea: zaindari moduan aritzen dira. Zaindari horiek ez badute ondo funtzionatzen egoera arrunt batean, zelulek mutazioak pilatzen jarraitzen dute, eta, azkenean, heriotza eta zahartze goiztiarra dakartzate. Baina gauzak desberdinak dira minbizi zelula batean. Izan ere, zelula horiek kentzen edo inhibitzen badituzu, mutazioek pilatzen jarraitzen dute, baina halako batean, horrenbeste mutazio izatearen eraginez, zelula horiek zaurgarriago bilakatzen dira. Horren ondorioz, minbizi zelula horiek hil daitezke. Ona da minbizien tratamenduaren ikuspegitik. Gainontzeko zelulei zahartzea bultzatzen zaie. Horregatik, tarteko bide bat bilatu behar da, tratamendu eraginkor bat aurkitu ahal izateko. Horretan ari gara, ikusten ea nola egin daitekeen hori. Itxaropentsua da.
Biologoa izango zinateke baserriko alaba izango ez bazina?
Zaila da jakitea zergatik hartu ditugun erabaki batzuk. Batxilergoan Biologia irakasle oso on bat izan nuen, eragina izan zuen [Felix] Rodriguez de la Fuentek, eta, jakina, baserrikoa izanda, beti izan dut lotura naturarekin.
Naturari bizkarra emanda bizi da gizartea?
Hirietan bizi den jendeak naturarekin daukan lotura motak ez dauka zerikusirik nik izan nuenarekin. Klima aldaketa hor dago, eta espero dut gero eta gazte gehiagok interesa izatea ingurumen zientzietan, etorriko dena ez baita batere samurra izango.
Zientzia ezinbestekoa da horretarako.
Zientzia ezinbestekoa da, eta gero eta gehiago ikasi behar ditugu natur zientziak, jakiteko zer galdera egin behar ditugun, zer politika eraman behar dugun aurrera. Horretarako, bateratu egin behar ditugu naturaren ezagutza, politikaren ezagutza, demografiarena, soziologiarena... Ezagutzak integratzea falta zaigu.