Akabo «inpunitatearen aroa»

«Aitortza» eskatu dute torturaren aurka egindako manifestazioan, Bilbon. Datorren asteko epaiketaren garrantzia nabarmendu dute, «zigorgabetasuna bukatu den jakiteko». Bideoa, albistearen amaieran.

Manifestazioaren burua Arriaga plazarako bidean, Bilbon, atzo; aurrean, auto bat, Unai Romanoren irudiarekin. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Torturak salatu dituzten zenbait herritarrek deituta, manifestazioa egin dute Bilbon, «aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak» eskatzeko torturatuentzat. Sandra Barrenetxeak salatutako torturen harira, epaiketa izango da Bilbon datorren astean, lau guardia zibilen kontra, eta hori ere gogoan izan dute manifestazioan parte hartu dutenek. «Inpunitatearen aroa amaitzea espero dugu», esan dute antolatzaileek.

Bilboko Moyua plazatik abiatu da manifestazioa, eta Arriaga plazan bukatu da. Sei autok zabaldu dute, goiko aldean torturaren inguruko irudi bana zeramatela: Joxe Arregiren oin erreak, Mikel Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaitik atera berritan, Unai Romanoren aurpegi puztua, Amparo Arangoa ospitaleko ohean, gorputz osoa ubeldurez betea... Jende ugari zebilen Bilboko erdigunean, turistak horietako asko, eta guztiengan zirrara berezia eragin dute irudiok.

Autoen atzean, Sandra Barrenetxea eta, hark bezala, torturak pairatu izana salatu duten beste hainbat herritar joan dira, manifestazioaren leloa zeraman pankarta eskuan: 5.657 torturatu. Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak. Horien atzean, zenbait gaztek Inpunitateari stop leloa osatu dute, hizki banarekin.

Manifestazioaren goiburuen atzean ehunka lagunek —3.000 inguruk, zenbait iturriren arabera— egin dute bat aldarrikapen horiekin. Manifestariek Bilboko Kale Nagusi osoa hartu dute Moyua plazatik aurrera: manifestazioaren burua Plaza Biribilera iritsi denean ari ziren azken manifestariak Moyua plazatik ateratzen. Torturarik ez izan da gehien errepikaturiko oihua, baina torturari erreferentzia egiten zioten bestelako leloak ere entzun dira, esaterako, Aquí se tortura como en la dictadura (Hemen torturatzen da, diktaduran bezala) eta Ertzaintzak ere torturatzen du.

Bost egunean behin

Arriaga plazara iritsitakoan hasi da ekitaldi politikoa, eta, han, Eneko Compainsek eta Ixone Fernandezek irakurri dute agiria: biak ala biak, Sandra Barrenetxearekin atxilotuak eta torturak salatutako herritarrak. Gogoratu dute Euskal Memoria fundazioak 5.657 tortura kasu zerrendatu dituela, eta kopuruaren handia nabarmendu dute, kasuok hiru milioi biztanleko herri batean gertatu direla kontuan hartuta. «Bost egunean behin egon da tortura kasu bat», argitu dute.

«Hemen, mundu guztiak daki urte askoan torturatu egin dela», esan du Ixone Fernandezek; «erakundeek ezin dute jarraitu albo batera begiratzen». Horregatik, dei zuzena egin die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, «torturak Euskal Herrira ekarri dituen ondorio guztiak aztertzeko». Torturaren ondorioz hildakoak, utzi dituzten ondorio fisiko eta psikologikoak eta tortura saioetan lortutako inkulpazio eta autoinkulpazioak» aipatu dituzte aztertu beharreko arloen artean. «Borondate politikoa» baldin badago, bide horretan laguntzeko prest azaldu dira.

Fernandezek eta Compainsek gogorarazi dute torturatuak ere «biktimak» direla, eta gainerako biktimen eskubide berak dagozkiela. Aitortza eskatu dute, erreparazioa, «torturatzaileen eta haien arduradun politikoen kontrako neurriak» hartzea eta, batez ere, bermeak ezartzea «ankerkeria hau berriro inoiz gerta ez dadin».

Asteartean hasiko da Sandra Barrenetxeak salatutako torturen inguruko epaiketa, eta Eneko Compainsek Barrenetxeari adore emateko hitzak izan ditu. «Gogorra» izango dela jakin arren, «torturatzaileen aurrean begirada ez jaisteko» eskatu dio: «Epaia edozein delarik ere, torturatzaileek dagoeneko badute euren kondena». Epaiketari begira, «inpunitatearen aroa amaitu ote den» jakiteko balioko duela erantsi dute.

Tortura «sistematikoa»

Manifestazioa hasi aurretik, Sortuko bozeramaile Arkaitz Rodriguezek esan du Euskal Herrian tortura «sistematikoa» izan dela, «modu egituratuan erabili delako herri honen parte baten kontra».

Rodriguezek «kezka» azaldu du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren jarreragatik. Otsailean, Joxe Arregiren heriotzaren urteurrenaren harira, Sortuk Ertzaintza ere egin zuen torturen erantzule Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin batera, eta Urkulluk gogor jo zuen Sorturen kontra adierazpen horiengatik. «Negazionismoan aritzea» eta «errealitatearen zati bat ezkutatu nahi izatea» leporatu dio Rodriguezek Urkulluri.

Era berean, «harridura» agertu du Jaurlaritzak torturen inguruan agindutako txostena oraindik ez delako argitaratu —joan den abenduan plazaratzekoa zen—. Atzerapen horren arrazoiez galdetu du. «Ez dugu gaizki pentsatu nahi», esan du Rodriguezek, «eta espero dugu inor ez ibiltzea ingeniaritza juridikoa edo ingeniaritza semantikoa egiten benetan gertatutakoa ezkutatzeko». Ernaiko eledun Mikel Urdangarinek ere bat egin du manifestazioaren helburuekin.

Manifestazioaren bideoa (Argazki Press).

[youtube]https://youtu.be/LgnUJLMI2PM[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.