Aintzane Pujana donostiarraren hilketaren epaiketa hondarretan den honetan, gaur hainbat lekukok eta bi akusatuek deklaratzea aurreikusten zen. Ordea, froga dokumentalen errepasoak hartu du ia saio osoa, eta, azkenean, bihar deklaratuko dute bi akusatuek. Halere, saioak utzi du berritasunik. Izan ere, orain arte Gipuzkoako Fiskaltzak zigor eskaera bera proposatzen zuen bi akusatuendako: espetxealdi iraunkor berrikusgarria hilketagatik, bortz urteko kartzela zigorra Pujana legez kanpo atxikitzeagatik, eta hiru urte eta sei hilabetekoa sexualki esplotatzeagatik. Halere, saioa hasi baino lehenago, fiskalak berak jakinarazi du aztertzen ari direla atzera botatzea akusatutako emakumearentzat eskatzen zuten espetxealdi iraunkor berrikusgarria. Izan ere, epaiketan emaztekiaren defentsak nabarmendu eta frogatu du «gaitasun mugatuak» dituela, %78ko desgaitasuna, eta «hiltzeko beldurra» zuela, gizonaren mehatxupean bizi zelako.
Ildo horretatik, bertze froga batzuk aurkeztu zituzten herenegungo eta atzoko saioetan: asteartean psikiatra batek deklaratu zuen, eta erran emaztekiak buruko nahasmendu bat duela; ideia hori baieztatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko psikologo batek atzo, akusatuari desgaitasuna aitortua ziotela erranez.
Zehazki, 2019an txosten bat egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarendako Matia fundazioak, eta, hor, akusatutako andreak %78ko desgaitasuna duela baieztatu zuten. «Behin-behineko ondorioak idatzi genituenean ez genekien aditu bidezko froga horiek aurkeztuko zirenik. Aditu txosten bat aurkeztu zuten herenegun, eta, horregatik, pentsatu behar dugu ea akusatutako andreari egotzitako kargua murriztu ahal diogun, eta, ondorioz, espetxealdi iraunkor berrikusgarria atzera bota ahal den aztertu», zehaztu du fiskalak. Akusatutako gizonari buruz bertzela mintzatu da: «Frogak lehen bezain zurrunak dira orain ere».
Akusatuen deklarazioa egun bat gibelatu dutenez, litekeena da heldu den astelehenera arte gibelatzea biharko aurreikusita zegoen behin betiko ondorioen aurkezpena. Horri dagokionez, fiskalak azaldu du berak kontuan izan behar dituela «akusatuei mesede eta kalte egiten dieten kontu guztiak», eta «neutraltasunez» jokatu behar duela.
Errenteriakoak dira bi akusatuak, emakume bat eta gizon bat, eta 23 eta 24 urte zituzten orduan, hurrenez hurren. Orduan egindako ikerketaren arabera, labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. Gorpua, baina, hilaren 4an agertu zen, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan. Hortaz, Pujana legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta hil izana leporatzen diete biei. Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak behin-behineko espetxeratzea ebatzi zuen bi akusatuendako, 2020ko urtarrilaren 15ean.
Lekuko anitz
Orain arteko saioetan, bi akusatuen defentsek zeinek bere bertsioa aurkeztu du: bigarren saioan, emakumearen defentsak onartu egin zuen emakumeak Pujanari labankadak eman zizkiola, baina zehaztu bertze akusatuak «behartu» egin zuela hori guztia egitera. Gehitu zuen emakumeak arazo psikologikoak dituela. Gizonaren defentsak, berriz, akusazio guztiak ukatu zituen, eta erran emakumearena dela gertatutakoaren erantzukizun guztia.
Hirugarren saioan, berriz, Ertzaintzako orduko agenteek deklaratu zuten. Horietako bat ikerketa haren burua zen, eta erran zuen Pujanaren kasua inoiz landu duten «bortitzena» izan dela. Poliziaren hipotesi nagusia azaldu zuen, akusatutako emakumeak egindako deklarazioan oinarrituta. Erran zuen biktima hiltzeko erabilitako labana ez dutela topatu, baina bai haren zorroa. Objektu horren barnean biktimaren DNA topatu dute, eta kanpoan, berriz, akusatutako gizonarena.
Lekuko horrek berak azaldu zuen akusatutako gizonak salaketa bat duela indarkeria matxistagatik, bikotekide ohiak jarria. Horrez gain, ertzain horrek berak erran zuenez, bi akusatuak bertze emakume bat sexualki esplotatzen saiatu ziren: Errenterian gertatu zen, eta emazteki hura desintoxikazio prozesuan zegoen.