Aizarnazabalgo hilketagatik akusatutako biak bertze emakume bat sexualki esplotatzen saiatu ziren

Aintzane Pujana legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta hil izana leporatzen diete bi herritarri. Ikerketan parte hartutako ertzainek deklaratu dute, eta azaldu akusatutako emakumeak aitortu ziela gizonaren «beldur» zela.

Aintzane Pujana donostiarraren hilketaren epaiketa. JON URBE / FOKU
Aintzane Pujana donostiarraren hilketaren epaiketa. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
Donosti
2024ko irailaren 30a
15:15
Entzun

Aintzane Pujana donostiarraren hilketaren epaiketako hirugarren saioa da gaurkoa. Hainbat lagunek deklaratu dute: hilketa izan zeneko gau hartan, bi akusatuak ikusi zituzten taxi gidariak eta garabi langileak, biktimaren gorpua aurkitu zuen emakumeak —Aizarnazabalgo alkatea bera—, kutxako langile batek, bi psikiatrak eta hiru ertzainek. Lekukoek azaldu dute ez zutela «jarrera susmagarririk» ikusi akusatuengan. Ertzainek informazio berria eman dute: akusatuta dagoen gizonari salaketa jarri zion bertze emakume batek indarkeria matxistagatik; bi akusatuak saiatu ziren bertze emakume bat sexualki esplotatzen; eta akusatuta dagoen emakumeak «beldurtuta» zegoela erran zion Poliziari deklaratu zuenean.

Errenteriakoak dira bi akusatuak, emakume bat eta gizon bat, eta 23 eta 24 urte zituzten orduan, hurrenez hurren. Orduan egindako ikerketaren arabera, labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. Gorpua, baina, hilaren 4an agertu zen, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan. Hortaz, Pujana legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta hil izana leporatzen diete biei.

Hilketako gau hartan, bi akusatuak eta biktimaren txakurra auto batean zihoazen, eta Poliziak gelditu egin zituen. Agenteek ikusi zutenez autoa ez zegoela errepidean jarraitzeko moduan, garabi bat eskatzea erabaki zuten, baita taxi bat ere. Taxi eta garabi gidaria izan dira deklaratzen lehenbizikoak, eta azaldu dute bi akusatuak «normal» zeudela, ez zituztela urduri ikusi.

Ertzaintzako orduko agenteek egindako deklarazioetan izan da informaziorik berriena: hiru lagunek deklaratu dute. Horietako bat ikerketa haren burua zen, eta erran du Pujanaren kasua inoiz landu duten «bortitzena» izan dela. Poliziaren hipotesi nagusia azaldu du, akusatutako emakumeak egindako deklarazioan oinarrituta. Zehazki, testigantza hartatik abiatuta, TAO zerbitzuko gordekin bat topatu zuten gorpua aurkitu zuten lekutik gertu, bi akusatuen autoaren matrikula zuena. Auto hura eta haien etxea miatzea erabaki zuten gero, eta biktimaren odol zantzuak aurkitu zituzten han. Biktima hiltzeko erabilitako labana ez dute topatu, baina bai haren zorroa. Objektu horren barnean biktimaren DNA topatu dute, eta kanpoan, berriz, akusatutako gizonarena.

Akusatu horrek berak azaldu du salaketa bat duela indarkeria matxistagatik, bikotekide ohiak jarria. Horrez gain, ertzain horrek berak erran duenez, bi akusatuak bertze emakume bat sexualki esplotatzen saiatu ziren: Errenterian gertatu zen, eta emazteki hura desintoxikazio prozesuan zegoen.

Deklarazioa oinarri

2021eko urtarrilaren 12an atxilotu zituzten bi akusatuak, eta orduan kontatu zuen dena emakumeak. Deklarazio hura hartu zion ertzaina ere solastatu da gaur: andrea «izututa eta nahigabetuta» zegoela ikusi zuen, eta laguntza eskaintzera joan zitzaion. Atxilotuak beldurtuta zegoela erran ondoren, agenteak lasaitu zuen. Emakumeak deklaratzea erabaki zuen, baldintza batekin: bertze akusatuari deus ere ez erratea. Hala gertatu zen, eta saio hura erabili dute ikerketako oinarri gisa.

Aizarnazabalgo alkateak ere deklaratu du, hark aurkitu baitzuen gorpua. Azadlu du ibaiko bazterrak garbitzera atera zirela Eguberrietako bestak izan eta gero. Errepidetik zerbait arraroa ikusi zuen, eta, ibaiertzera hurbildu zenean, gorpu bat zela baieztatu. Ertzaintza deitzea erabaki zuen. Psikiatra batek eta psikologo batek ere deklaratu dute: haietako batek biktima eta akusatutako emakumea artatu izan ditu, eta bertzeak biktima soilik. Azaldu dute biktimak buru nahasmendu bat zuela, eta akusatuak ere bai.

Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak behin-behineko espetxeratzea ebatzi zuen bi akusatuendako, 2020ko urtarrilaren 15ean. Orain, berriz, Gipuzkoako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatzen du hilketagatik, bortz urteko kartzela zigorra Pujana legez kanpo atxikitzeagatik, eta hiru urte eta sei hilabetekoa sexualki esplotatzeagatik.

Akusazioak elkarri

Joan den ortziralean, berriz, bi akusatuen defentsek zeinek bere bertsioa aurkeztu zuen: emakumearen defentsak onartu egin zuen emakumeak Pujanari labankadak eman zizkiola, baina zehaztu bertze akusatuak «behartu» egin zuela hori guztia egitera. Gehitu zuen emakumeak arazo psikologikoak dituela. Gizonaren defentsak, berriz, akusazio guztiak ukatu zituen, eta erran emakumearena dela gertatutakoaren erantzukizun guztia.

Bertze bortz lagun deklaratzekoak ziren, guztiak lekukoak —horietako birekin harremanetan jartzea ez zuten lortu—. Biktimaren bikotekide ohia izan zen deklaratu zuten lekukoetako bat: urtarrilaren 1ean jarria zuen haren desagerpenari buruzko salaketa, eta Polizia biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen aritua zen geroztik.

Bihar jarraituko dute deklaratzen, eta, aurreikusi denez, ertzain gehiagok emanen dute beren testigantza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.