Aintzane Pujana donostiarraren hilketaren epaiketak gaur jarraitu du, baina bi akusatuek ez dute deklaratu. Pujana legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta hil izana leporatzen diete; defentsek, baina, elkarri egozten dizkiote akusazio guztiak. Errenteriakoak dira bi akusatuak: emakume bat eta gizon bat, eta 23 eta 24 urte zituzten orduan, hurrenez hurren.
Akusatuta dagoen emakumearen defentsak onartu egin du emakumeak Pujanari labankadak eman zizkiola, baina zehaztu du bertze akusatuak «behartu» egin zuela hori guztia egitera. Gehitu du emakumeak arazo psikologikoak dituela. Gizonaren defentsak, berriz, akusazio guztiak ukatu ditu, eta erran du emakumearena dela gertatutakoaren erantzukizun guztia.
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Fiskaltzak eman dio hasiera saioari, eta gertatutakoa azaldu dio epaimahaiari: 2021eko urtarrilaren 12an atxilotu zituzten bi akusatuak, eta Azpeitiko instrukzio epaitegiak prebentziozko espetxeratzea ebatzi zuen biendako, hilabete hartako 15ean. Orduan egindako ikerketaren arabera, labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. Gorpua, baina, hilaren 4an agertu zen, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan. Urola ibaiaren ertzean garbiketa lanak egiten ari ziren langile batzuek topatu zuten. Biktimaren bikotekideak urtarrilaren 1ean jarria zuen haren desagerpenari buruzko salaketa, eta Polizia biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen aritua zen geroztik.
«Bertze aukerarik ez»
Akusatutako emakumearen defentsak hartu du hitza gero, eta aitortu egin du emakumea dela «hilketaren egile materiala». Halere, zehaztu du bertze akusatuak hala erranda hil zuela, ez ziolako «bertze aukerarik utzi». Defentsak azpimarratu du, gainera, emakumeak egindakoa egin zuela «irmoki» uste zuelako hori egiten ez bazuen bertze akusatuak berari ere gauza bera eginen ziola.
«Hilketa bat egozteko, hiltzeaz gain, hiltzeko asmoa ere izan behar da. Eta berak ez zuen», gehitu du emakumearen defentsak. Izan ere, abokatuak nabarmendu du «gaitasun mugatuak» dituela, %78ko desgaitasuna, eta «hiltzeko beldurra» zuela, gizonaren mehatxupean bizi zelako. Horrez gain, erantsi du Poliziarekin lan egin zuela, eta lagundu egin ziela. Arrazoi horiengatik guztiengatik, zigorra aldatzeko eskatu du.
Bertzela mintzatu da akusatutako gizonaren defentsa: akusazio guztiak ukatu ditu, eta erran emakumeak hil zuela Pujana. Oroitarazi du «jokabide nahasmendu» bat duela hark, drogen kontsumoak bultzatua. Gehitu du egindakoaren gaineko «erantzukizun guztia» duela, kartzelan sartu eta gero azpimarratu zuelako desgaitasuna zuela, eta orduan hasi zelako «ezgaitasuna aitortzeko eskatzen».
Bien bitartean, Gipuzkoako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatzen du hilketagatik, bortz urteko kartzela zigorra Pujana legez kanpo atxikitzeagatik, eta hiru urte eta sei hilabetekoa sexualki esplotatzeagatik. Lehenbiziko aldia da Gipuzkoako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatzen duena.
Hiru lekuko
Lekukoen txanda iritsi da gero: bortz lagun ziren deklaratzekoak, baina ez dute lortu horietako birekin harremanetan jartzea. Solastatu diren lekukoen artean dago biktimaren bikotekide ohia. Erran du harremana akitu zutenean kontaktuan jarraitu zutela, eta hil zuten egunean deitu egin ziola, «jotzen» ari zitzaizkiolako, eta txakurra kendu ziotelako. Hori izan zen biktimarekin solastatu zuen azkeneko aldia: lekukoak behin baino gehiagotan deitu zion, baina biktimaren sakelakoa «itzalita» zegoen.
Gehitu du akusatuek biharamunean deitu ziotela, biktimaren txakurraren bila joateko. Pujana non ote zegoen galdetu zien, eta haiek erantzun «bezero batekin» joana zela. Lekukoak erran du «harrituta» gelditu zela, uste zuelako jada ez zela horretan aritzen. Pujana agertzen ez zenez, haren desagerpenaren berri eman zion Poliziari.
Biktimarekin bi hilabeteko harremana izan zuen gizon batek ere deklaratu du. Harremana utzia zutenean Pujanari deitu ziola azaldu du, nola zegoen jakiteko. Ordea, deia gizon batek erantzun ziola, «bere neskak» ez molestatzeko erranez. Izan ere, elkarrekin bizi ziren bi atxilotuak eta Pujana, Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamentu batean. Ikerketak erakutsi zuenez, gorpua ibai ondoan utzi eta gero, Gipuzkoan zehar ibili zen bikotea, frogak ezkutatzeko. Etxea ere goitik behera garbitu zuten, delituaren zantzuak ezabatzeko.
Datorren astelehenean jarraituko dute deklarazioek, eta aurreikusten da urriaren 21ean emanen dutela epaiaren berri.