Moulins-Yzeureko (Frantzia) espetxera bidean izan zuten auto istripua Aitzol Iriondo euskal presoaren lagunek,Etxerat-ek berri eman duenez, Montluçonetik gertu —Euskal Herritik 620 kilometro ingurura—. Bost ordu eta erdi zeramatzaten bidaian, eta espetxera iristeko ordubete inguru falta zitzaiela izan zuten ezbeharra, baina kalte larririk izan ez zutenez, bidaiarekin jarraitu ahal izan zuten. Iriondo 2008an atxilotu zuten, eta 20 urteko zigorra ezarri zioten 2013an. Duela bi urte, berriz, hamabi urteko beste zigor bat ezarri zion Parisko Auzitegi Kriminalak.
Etxerat-ek gogora ekarri duenez, sei istripu izan dituzte aurten euskal presoen senide eta lagunek. 13 pertsona izan dira kaltetuak, tartean, 23 hilabeteko haur bat. "Onartezina da euskal preso politikoen senide eta lagunen kontrako mendeku eta txantaian oinarritutako politika oraindik martxan egotea", salatu du senide eta lagunen elkarteak, eta mobilizaziora deitu ditu herritarrak.
Astelehenean, Iruñean egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Bilbon eta Gasteizen, 19:30ean elkartuko dira asteartean, hurrenez hurren, Arriaga plazan eta Andra Mari Zuriarenean. Azkenik, asteazkenean, Donostiako Bulebarrean egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan.
Sareren protesta, gaur
Sarek ere elkarretaratzea egingo du gaur, Lasarteko Zabaleta auzoko jaietan, 21:00etan. Bertsolarien saioa amaitu ondoren egingo dute protesta, "sakabanaketa politikaren amaiera eskatu eta preso guztien berehalako Euskal Herriratzea" eskatzeko.