Aitzol Gogorza Otaegi (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) euskal presoa Basauriko (Bizkaia) espetxetik atera dute gaur, falta zaion zigorra etxean bete dezan. 100.2 artikuluari eta Basauriko espetxeko tratamendu batzordeak egindako proposamenari jarraituz, presoari bigarren gradua "modu malguan" ezarri diote, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak sinatutako autoan azaldu dutenez. Gaitz larri eta sendaezinak dituzten presoen zerrendan zegoen Gogorza; zehazki, obsesio konpultsio desoreka du, urte luzeetako garapen kronikoarekin, Jaiki Hadi Elkartearen azken txostenaren arabera.
1999an atxilotu zuten Frantzian, eta hamar urteko zigorra bete ondoren, 2011n eraman zuten Espainiara. "Tentsio egoerak" bizi izan zituen hasieratik Soto del Real espetxean, eta bakartze egoeran ezarri zuten. Ordutik aurrera, larriagotu egin zen haren osasun egoera. 2012tik dago Basauriko espetxean. 2016an, gose greba bat ere egin zuen bere egoera salatzeko. Jaiki Hadiren arabera, azken bost urteetan 27 aldiz eraman behar izan dute ospitalera. Espainiako Auzitegi Nazionalean 20 urtera zigortu zuten.
Hainbatetan graduz aldatzeko eskatu izan du, baita baldintzapeko askatasuna ere, baina hainbatetan ukatu izan dizkiote eskaerak. 2017ko otsailean, 100.2 artikulua aplikatzeko eskatu zuen, eta Frantzian preso emandako denbora zigorren baturan aintzat hartzeko ere eskatu zuen Estrasburgoko auzitegian.
Igandean da Osasunaren Nazioarteko Eguna. Martxoaren 16an, NI ZU BI ekinbidean Sarek dei egin zuen herriz herri "norbere herriko zubia betetzera": "Osasuna giza eskubide bat da, eta espetxe sistema honek larriki kaltetzen du: isolamendu aldi mugagabeak, kondenen luzatze arbitrarioak, oinarrizko eskubideen etengabeko urraketek ondorioak dituzte osasun fisiko eta mentalean"
Erabakia orokortzeko eskatu dute
EH Bilduk ontzat eman du Gogorza espetxetik ateratzeko erabakia. Neurria "arrazoizkoa" dela adierazi du Julen Arzuaga legebiltzarkideak. "Horixe da gaixotasun larriak dituzten presoei eman beharreko irtenbide duina eta arrazoizkoa, tratamendu mediku egokia jasotzeko aukera emango diona". Arzuagak irizpide hori orokortzeko eskatu du eta dei egin dio Espetxeetako Zuzendaritzari "larri dauden preso guztiei" aplikatzeko neurri bera. Zentzu horretan, gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrak hala galdegin duela behin baino gehiagotan eta adostasuna ia erabatekoa dela euskal alderdien artean, PP baita eskari horrekin bat egiten ez duen indar bakarra.
Sarek ere egoki jo Gogorza kartzelatik etxera eraman izana, eta nabarmendu du Errenteriako herritarren, eragileen eta erakundeen "aktibazioa eta konpromisoa" ezinbesteko izan direla "Aitzolen etxeratzea lortzeko". Sarek ohartarazi du beste 20 euskal preso daudela gaixotasun larriekin espetxean. Horiek ere "baldintza egoki eta duinetan" artatuak izan daitezen mobilizatzera deitu du. Hain justu, apirilaren 7an Naziarteko Osasunaren Egunean, herrietako zubiak larriki gaixorik dauden presoen etxeratzearen alde betetzeko eskatu die herritarrei.