Aitzinkontua ez emendatzea bozkatu du EEPk

Alain Iriartek kontra bozkatu du, eta abstentzio bat izan da. Euskal Konfederazioko kideak EEPren biltzar nagusira sartu dira arratsalde honetan, «haserrea» erakusteko.

Euskal Konfederazioko kideak EEPren biltzar nagusira sartu dira. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko apirilaren 8a
14:30
Entzun

2024ko aurrekontua bozkatu du EEP Euskararen Erakunde Publikoak; iazko bera. Euskararen aldeko hizkuntza politikari diru gehiago ez ematea erabaki du gehiengo zabal batek, hala nola Maider Behotegi EEPko lehendakariak eta Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak. Alain Iriart Euskal Elkargoko ordezkaria izan da kontra bozkatu duen bakarra; abstentzio bat ere izan da. Ondorioz, EEP osatzen duten erakundeetako partaideek ez diete erantzun euskalgintzaren azken hilabeteetako deiadarrei eta eskaerei.

Arratsalde hastapenean protesta egin dute Euskal Konfederazioko kideek, eta 14:30ean hastekoa zen biltzar nagusira sartu dira, beren kexua entzunarazteko. Euskal Konfederazioak salatu du 2017tik aitzinkontua ez dela «zentimo bakar bat emendatu». Hautetsiei eskatu diete aurkeztutako aurrekontu proposamenaren kontra bozkatzeko, baina ez dituzte entzun.

«EEPk irailean aurkeztu zigun bide orria anbizio eskasekoa zen 2050eko horizonteari begira. Baina hautetsiek finkatu helburu apal horretara heltzeko ere aurrekontuaren %50 igotzeko xedea agertu zuten. Gaurko bilkuran proposatzen dutena %0 da!», salatu dute euskalgintzako kideek hautetsien eta Frantziako Estatuko ordezkarien aitzinean. «Euskara eta euskalgintza kondenatzeko erabakia da. EEP osatzen duten instituzioek sinesgarritasun guztia galdu dute hizkuntza politika eraginkorra egin nahi dutela diotenean».

Euskal Konfederazioaren hitzetan, erakunde publikoek ezin dute orain arte bezala segitu. «Eta ezin dute 2004 aitzin bezala hizkuntza politikaren pisu guzia euskalgintza sozialaren gain ezarri, eragile horien prekaritatea areagotuz. Hizkuntza politika publiko partekatua landu, definitu eta obratzea da Euskararen Erakunde Publikoaren betebeharra. Ipar Euskal Herri osoan, bai eta erakunde bakoitzaren baitan». Baina EEPk «kontzertazio gune» izateari utzi izana ere deitoratu dute, adibide bat baino gehiago emanez: hala nola azterketak euskaraz egiteko eskubideari emandako errefusa eta euskara hutsezko ikasgelen eta sail elebidunen irekitzeetan finkatu helburuak ez betetzea. 

Berehalako neurriak hartzeko eskatu diete EEP osatzen duten erakunde partaideetako ordezkariei. Aurtengo aurrekontu proposamenaren kontra bozkatzea lehenik: «Alde bozkatuz gero, euskara egunez egun biziarazten duten egiturak prekaritate handiagoan aritzera kondenatuak lirateke —langileen lan baldintzak okertuz, proiektu berriak ezin abiatuz...—, eta batzuk hesteko arriskuan lirateke».

(ID_13767819) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Euskal konfederazioa manifeste son mécontentement lors de l\'assemblée générale de ...
Euskal Konfederazioko kideak EEPko ordezkarien aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU

Horrez gain, aitzineko urteetako soberakinetarik eman gabe diren 750.000 euro EEPren lankidetza fondora bideratzeko eskatu dute, «iaz izan ziren aitzinamenduak segurtatzeko, 2017tik igoerarik ukan ez duten eragileei inflazioaren araberako igoera segurtatzeko, eta sortu diren proiektu berrien oinarrizko diruztatzea segurtatzeko». Azkenik, udazkenean aurrekontu berri bat bozkatzeko eskatu diete, egungoa halako bi litzatekeena. 

Behotegi: «Porrot kolektiboa da»

Biltzar nagusitik ateratzean, Maider Behotegi EEPko lehendakariak «aurrekontua hein berean» bozkatu dutela baieztatu zuen [Departamendu Kontseilua ordezkatzen du]; berezitasun batekin, haatik: aurrekontu lerro bat ireki dutela «ohiz kanpoko laguntza batzuentzat». Baina lehengoaren pareko aurrekontua bozkatu dute. Erran duenez, departamenduak «ezin zuen diru gehiago ekarri», bere eskumen nagusietan «lehentasunak eta urgentziak» dituelako. Lehentasun horiek zerrendatu ditu, bere jarrera esplikatzeko: gutxieneko errenta, laguntzarik gabeko adingabeak, adineko jendeak. Erakundearen ahalak zuhurtu direla dio. «Departamenduak ez du gehiago zergarik bere esku», gehitu du, emendatzerik eza esplikatzeko. Bere aurrekontua bideratua izanen delarik, «ondoko hilabeteetarako hitzordua» ezarriko du, jakiteko laguntza gehigarririk jarriko duen EEPrentzat. Erran duenez, estatuak bilkurak egitekoak ditu apiril hondar-maiatza hastapenetan emendatze bat izateko aukeraz aritzeko. «Hemengo lau erakundeak egoeraz ohartuak» direla gehitu du Behotegik, baina egoera ezberdinak dituztela. Halere, asumitu du departamenduaren gaurko hautua.

EEPren aurrekontuak aitzina egin dezan, lehenik lau erakundeetako ordezkari izendatuek alde egin behar dute, aho batez, eta hala egin dute. Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko ordezkari eta EEPko lehendakari ohiak ere, beraz. Beste ordezkariek bozkatzeko zuzena zuten bigarren bozketan. Euskal Elkargoko ordezkari eta Bil Gaiten taldeko Alain Iriartek kontra bozkatu du. Elkargoko hirugarren ordezkari Christine Martin-Dolhagarai abstenitu da. Beste guziek (estatua, departamendua, eskualdea) alde bozkatu dute.

Kurutxarrik, Jean-Rene Etxegarai Elkargoko lehendakariaren ordezkari gisa, aurrekontua lehen bezala atxikitzearen alde bozkatu du, «diru guzia ez blokeatzeko» eta «euskalgintzak diru hori behar duelako», haren hitzetan. EEPko lehendakari zela, zerbitzuekin aurrekontuaren %40ko emendatze bat egitea proposatu zien erakunde partaideei, baina azkenean ez dute onartu, gaurko bozka ikusita. Kurutxarrik aitortu du «porrot» bat dela beretzat.

Elkargoak martxo hondarreko batzar orokorrean onartu zuen 650.000 euro emendatzea EEPn duen partea (+ %75). Denek ber mailan emendatzea eskatzen duenez, «galdegin dugu hau ez horretan egotea», erran du Kurutxarrik. «Nahi dugu lau egiturek ardura har dezaten eta goiti joan daitezen». Ondoko hilabeteetako solasetan jarri du esperantza, laguntza gehigarriak jar ditzaten batzuek eta bestek aurten. Departamenduak ez du erantzunik eman. Akitania Berriak dio bilkura batzuk egin behar dituela zerbait erabakitzeko, eta Kurutxarrik erran duenez, «estatuak ez dio ezetz erran» bere partearen emendatzeari.

Azkenik, Kurutxarrik aitortu du Euskal Konfederazioko kideen kexua ulertzen duela: «Ikusiz EEPn baduela urte bat lanean ari garela diru emendaketaren inguruan, eta ikusiz gaur horretaratuak garela, bai, haien erreakzioa ulergarria da».

Alain Iriartek damugarritzat jo du, bilkuratik ateratzean, «gauza batzuk azken momentuan jakin» izana. Denen arteko elkarrizketa gehiagoren beharra adierazi die biltzarreko kideei: «Azpimarratu dut holako egoeretan behar zela eztabaida mahai inguruan ezarri, ados ez bagara ere». Gehitu du hizkuntza politikaren aldeko eleak ez direla nahikoak: «Euskararen aldeko anbizioa ez da bakarrik hitzetan gauzatzen. Hozka handi bat gainditu behar da, orain». Aurkeztu zen aldaketarik gabeko aurrekontuaren kontra bozkatu duen bakarra da, eta bere erabakia esplikatu du: «Ikusiz euskararen egoera eta hainbat euskal egituren ahal eskasia, ene aldetik erran dut diru ahal horiek doblatu behar zirela». Elkargoak bere partea egin duela azpimarratu du Iriartek, emendatzea bozkatuz. «Suprefetari erran diot estatuak ere behar zuela emendatu», adierazi du. Horren ondorioz, departamenduak eta eskualdeak segituko dutela espero du.

Kurutxarriren erranen haritik, Behotegik onartu du «porrot kolektiboa» zela «orain», baina, «lehendakari karguaren rola itxaropena atxikitzea» dela. Ez du erran zenbat denbora hartuko duten solasek erabaki bat hartzeko. «Lasterrena litzateke hoberena. Espero dut sei hilabete barne denen erantzun bat izanen dugula».

Aspaldiko eskaera

Duela urte bat kasik, Ipar Euskal Herriko euskalgintza Baionako karriketara atera zen, «euskararentzat aro berri bat zabaltzea» eta «hizkuntza politika berri bat» osatzea galdegiteko. Euskarak bizi behar du eta Azterketak euskaraz leloak jarri zituzten aitzinean.

Irakaskuntzako postu eskasia, AEK-ko langileen baldintza prekarioak eta Uda Lekuren kinka ekonomiko larria salatu zituzten orduan. Euskararen Erakunde Publikoak salbuespenezko laguntza gehigarriak onartu zizkien AEKri, Euskal Irratiei eta Uda Lekuri, besteak beste, gelditzen zitzaion erreserbatik. Erakundeak urrian aldatu zuen lehendakaria. Izan ere, Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariorde Antton Kurutxarrik lekua utzi zion Pirinio Atlantikoetako Maider Behotegiri.

Estatuak egin ikuskaritza urtea izan du EEPk, erabaki aitzinetik egitura gisa bertze sei urteko berritzea edo luzeagorako egituratzea. Horrez gain, aurrekontu berri baten lantzen aritu zen EEPko lantaldea.

Behotegik kargua hartu zuen egun berean, Euskal Konfederazioak agerraldia egin zuen erakunde publikoaren egoitzaren aitzinean. Inkesta soziolinguistikoko ondorioak ikusita, egoeraren larria izartzera deitu zituen EEPko erakunde diruztatzaileak (estatua, eskualdea, departamendua, Elkargoa eta Eusko Jaurlaritza). Adierazi zuen egungo erritmoan eta oraingo baliabideekin segitzea «euskara hiltzera kondenatzea» litzatekeela. Oroitarazi zuen Unescoren arabera hizkuntza batek gutienez zer hiztun ehuneko izan behar duen iraupena bermatzeko: %30. Ipar Euskal Herrian, %20 inguru dira egun, inkestaren arabera. «Nola egin 2050ean euskaldunak %30 izan daitezen, euskararen iraupenaren segurtatzeko?», galdetu zuen Euskal Konfederazioak, eta mezu bat igorri zion EEPri: «Hori da EEP osatzen duten erakunde publikoek egin behar duten galdera eta atzeman behar dituzten erantzunak».

Helburu hori erdiesteko, benetako aurrekontu lanketa bat eskatu zion EEPri, eta oroitarazi euskalgintzaren prekaritatea ikusirik aurrekontuak oraingoa halako bi izan beharko lukeela.

 

eep-ko biltzar nagusian bozkatzen dutenak

Estatutik hiru ordezkari:

- Julien Charles, Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeta

- Anne Bisagni-Faure,  Bordeleko Akademiako Errektorea

- Maylis Descazeaux, kultur saileko eskualdeko zuzendaria.

 

Akitania Berria eskualdetik, hiru ordezkari:

- Frederique Espagnac, Rousset lehendakariaren ordezkaria

- Jean-Luc Armand, eskualde kontseilaria (ordezkoa: Mathieu Berge)

- Andde Sainte-Marie, eskualdeko kontseilaria (ordezkoa: Charline Claveau)

 

Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseilutik, hiru ordezkari:

- Maider Behotegi, Lasserre lehendakariaren ordezkaria

- Max Brisson, Departamendu kontseilaria (ordezkoa: Benedicte Luberriaga)

- Annick Trounday-Idiart, Departamendu kontseilaria (ordezkoa: Anne-Marie Bruthe)

 

Euskal Hirigune Elkargotik hiru ordezkari:

- Antton Kurutxarri, lehendakariaren ordezkaria

- Alain Iriart, Elkargoko kontseilaria (ordezkoa: Chantal Ergi)

- Christine Martin-Dolhagarai, Elkargoko kontseilaria (ordezkoa: Maitena Kurutxet).

 

Hamabi ordezkari horiek Euskararen Erakunde Publikoaren Biltzar Nagusia osatzen dute, egitura horren erabakigunea.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.