Elkargoak aitzinkontua berrikusi du, CFEren kontrako helegitearen testuinguruan

Etxegaraik eta Ezenarrok berretsi dute ezinbestekoa zela CFE zergaren emendatzea. Emisio gutxiko eremua ezarriko dute Lapurdiko kostaldean 2025 hasieran.

Etxegarai eta Ezenarro Euskal Elkargoaren batzarrean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Etxegarai eta Ezenarro Euskal Elkargoaren batzarrean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko irailaren 28a
15:42
Entzun

Ohikoa da erakunde publiko batek bere aurrekontua urtean zehar berrikustea. Urte hasieran egindako aurreikuspenak ez dira beti betetzen, eta izan diren irabazien eta gastuen araberako moldaketak onartzen dituzte. Baina urte honetako lehen biltzar orokorrean Euskal Hirigune Elkargoak bozkatu duen aitzinkontu berrikuspena testuinguru berezian gertatu da: martxoan onartu zuten CFE enpresen gaineko zergaren igoeraren kontrako helegitea jarri zuen prefeturak uztailean. Astelehenean aztertuko dute bigarren instantzian, Bordeleko (Okzitania) administrazio auzitegian. 232 hautetsitik 123k bakarrik bozkatu dute aitzinkontu berrikuspenaren alde. Ezkerreko abertzaleak biltzen dituen Bil Gaiten taldeak abstenitzea erabaki du.

Alain Iriart Bil Gaiten-eko hautetsiak udaberrian adierazi zuen posible zela aitzinkontua orekatzea zerga emendatzerik gabe. Bi argudio eman zituen: batetik, elkargoaren inbertsioen obratzea %70 ingurukoa zela, aitzineko soberakinak kontuan hartu behar zirela; bestetik, instituzioak bazuela oraindik mailegatzeko gaitasuna. Elkargoan erabakiak hartzeko moldeaz ere zalantzak agertu zituen BERRIAri eskainitako elkarrizketan: «Ez dugu sekula elkarrekin erabakitzen zer den inportanteena eta zeri buruz joan behar den».

Bat egin du ohar horiekin Peio Etxeleku Elkarrekin Herriarentzat talde politikoko buruak ere BERRIAri egindako adierazpenetan. Zergen emendatzea azken aukera izan beharko litzateke haren iritziz, gainerako aterabideak agortu ondokoa. «Ez da izan hausnarketa sakonik funtzionamendu gastuaren emendatzeari buruz; ez dugu egin ebaluaziorik. Hori egin aitzin ezin da erabaki; bestela, bukaerarik gabeko putzu batean sartzen gara».

Funtzionamendu gastuaren emendatzeari buruz behin baino gehiagotan entzun duen kritikari erantzun dio Jean Rene Etxegarai lehendakariak. «Langileen gastua jartzen dute anitzek ezbaian, baina ez dut sekula inor entzun elkargoko zerbitzuek herriko etxeei ematen dieten laguntzaz kexatzen».

CFE gabe orekatua

Prefeturak ezarritako helegitearen harira, CFEaren igoeratik espero zuten diru sarrera ez dute kontuan hartu aitzinkontu moldaketan, eta hornidura bezala atxiki dute, auzitegiek erabakiko dutenaren beha. Elementu hori nabarmendu du Iriartek, eta berretsi du zerga igoera ez zela beharrezkoa: «Udaberrian zentzuzkoa ez zena udazkenean gauzatzen da».

Kotte Ezenarro Finantza lehendakariordearen hitzetan, CFEaren igoeraren kontrako helegiteak indarra eman dio fiskalitate arloan hartu zuten erabakiari, diru iturri hori gabe behartuak izan direlako elkargoaren zorra handitzera. «Arazoa ez da 2024ari begira; arazoa sortuko da 2025ean eta 2026an, gure zorpetzeko gaitasuna okerragoa izanen baita, eta beharbada denentzat garrantzitsuak diren proiektu batzuk bazter uztera behartuak izanen baikara». Testuinguru ekonomikoa aipatu du, erakunde publikoak faltan direla erranez. 

Defizit publikoa aipatu du Jean Rene Etxegarai lehendakariak ere. «Ekonomiak egin genitzake nahitaezkoak ez diren gure eskumenekin; eta ekonomia asko eginen genuke». Pirinio Atlantikoetako departamenduaren adibidea eman du, bere politiketan murrizketak egitera behartua baita. «Elkargoan ez gara aberatsagoak, baina botere fiskal handiagoa dugu, eta erabiltzen dugu. Gaur erraten didazue gabe egin genezakeela; ados naiz. Eta bihar zer? Eta etzi? Ez dugu etorkizuna aurreikusten? Ez dugu politika publikorik garatu behar? Ez dugu gehiago anbiziorik?».

Justizia fiskala ere aipatu du, herritarrentzat zergak emendatu direla erranez. «Zer pribilegioren izenean enpresek ez lukete indarrik egin behar? Alta, eskumen ekonomikoa badugu —hau nahitaezkoa—, eta enpresen proiektuak laguntzen ditugu». Euskal Hirigune Elkargoan Akitania Berria eskualdeko langabezia tasarik apalena dela ere azpimarratu du. 

Bordelera begira

Astelehenean aztertuko dute CFE enpresen zergaren kontra ezarritako helegitea Bordeleko administrazio auzitegian. Lehen instantzian, igoeraren kontra helegitea jarri zuen Pirinio Atlantikoetako prefeturari arrazoi eman zion Paueko administrazio auzitegiak. Frantziako estatu ordezkaritzaren jokaera «eskandalu» bat dela erran du Etxegaraik, eta Estatu Kontseiluraino joateko prest agertu da. 

Apirilean prefeturak harengana jo zuenean «konbentzituko» zuela «sinetsi» zuela erran du. «Errekurtsoaren berri izan nuenean abisatu nituen hautetsiak», adierazi du, batzuen kritikari erantzunez. «Defendatzen ari gara; geure burua defendatu behar dugu estatuaren aurrean».

emisio gutxiko eremua ezarriko dute lapurdi kostaldean

Gehien kutsatzen duten autoei zirkulazioa debekatuko diete Lapurdi kostaldean 2025eko urtarriletik aitzina. Oraindik erabat erabaki ez bada ere, asmoarekin bat egin dute Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek. Lapurdiko 27 herriko eremua definitu zuen Frantziako Gobernuak martxoan: Bokale, Urketa, Larresoro eta Hendaia artean. Debekua 2000. urte aurreko gasolio ibilgailuek eta sailkatu gabekoek izanen dute.
Klima aldaketaren erronkari heltzeko beharrarekin bat egin badute ere, hainbat hautetsik dudak agertu dituzte. Filipe Aramendi Urruñako auzapezak erran du neurriak ez duela kontuan hartuko A63 autobidea, hori delarik kutsadura iturri nagusia. Tren zerbitzua hobetzeko beharra ere azpimarratu dute hautetsi batek baino gehiagok. Claude Olive Angeluko auzapezak beste kutsadura iturriei heltzeko beharra ere aipatu du, hala nola Baionako portuaren kutsadurari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.