«Testu honen bidez, AHTaren Aurkako Asanblada orokorra osatzen dugun taldeok borroka koordinazio tresna hau amaitutzat jotzen dugula jakinarazi nahi dizuegu urte luzeetan alboan izan zaituztegun guztioi». AHT abiadura handiko trenaren aurkako mugimenduan aitzindari izan zen taldeak ia hogei urteko lanari bukaera eman zion, hitz horiekin, duela aste bat.
Agur agirian, 2009. urtea hartu dute AHTaren Aurkako Asanbladaren amaieraren hasieratzat. Ordutik aurrera mugimendua «baretu» egin zela azaldu dute, eta beste faktore batzuk ere azaldu dituzte: «suntsipenak» sortutako etsipena, AHTaren aurkako mugimenduaren aurkako errepresioa, gatazka urteetan luzatu izana, talde barruko arazoak... «Ahuldade honetan, batzar orokorrak bere koordinazio funtzioa galdu du, eta bertan behera uztea erabaki dugu».
Taldeak emandako arrazoi horietatik batzuk eztabaidatu, eta arrazoiak gehitu edo zehaztu dira joan den astelehenetik. Ordea, argi dagoena da gatazka urteetan luzatu dela, eta AHTaren Aurkako Asanblada hasieratik egon dela horretan. Argigarri dira sorreratik igarotako hemeretzi urte luzeak. Tarte horretan egindako lana ezagutu diote guztiek, mugimendua abiarazi eta ildo argia eman baitzion hasieratik.
1993. urteko apirilean hasi zuen bidea taldeak, tren azkarraren aurka, eta hasieratik bertatik inguruko mugimenduekiko autonomia aldarrikatu zuen. Sortze beretik, kideek eztabaida ideologiko sakonak egin zituzten, oinarri sendoak finkatzeko, eta aurreko mugimenduetatik ikasitakoa borroka ildo berrian txertatzeko.
Ildo horietako bat «alternatiben» aurkako jarrera izan zen. Irurtzun-Andoain autobidearen aurkako mugimenduan sortu zen Lurraldea Alternatibak eraginda; negoziatzeari begirako planteamenduak ukatu egin zituen taldeak —ez AHTrik, ezta beste tren lasterrik ere—. Erabaki horri tinko eutsi zion, AHTari buruzko eztabaidak aurrera egin ahala, bestelako proposamenak agertzean: tren soziala, EuskalU-a, Y-a, H-a...
Bestetik, AHTaren Aurkako Asanbladak izaera antidesarrollista bereganatu zuen, eta egungo gizarte eredua errotik eraldatzearen premia aldarrikatu. Leitzarango autobideak eragindako kritiken eskutik heldu zen nortasun hori, baita garai hartan martxan zeuden azpiegiturek zuten eragin sozialaren eskutik ere. Hazkunde ekonomikoa bera ezbaian jarri zuen, eredu horrek planetak bizirik irautea kolokan jartzeaz gain, gizarte desorekak sortzen zituelakoan.
Taldea sortu eta hilabete gutxira, AHTak eragingo zituen kalteei buruzko txostena prestatu zuen, eta egitasmoaren aurkako kontzientzia kritikoa sortzeari ekin zion. Informazio jarduerez gain, egitasmoaren izapideak egiteko prozesuaren etapa bakoitzean alegazioak aurkeztu zituen, baita udaletara igorri ere, kontzientzia hori sorrarazteko. Bideoak, jardunaldiak... egin zituen. Horrez gain, 1996tik aurrera, funtsezko jo daitekeen egitasmoa abiarazi zuen: AHTaren aurkako kanpaldiak.
Gero eta erakunde gehiagok AHTaren aurkako jarrera bereganatu eta erakutsi zuten, eta horiek biltzeko tresnaren baten beharra sumatu zen. Hortaz, 2001ean, Euskal Y izena eman zitzaion egitasmoa behin betiko onartu zen urtean bertan, AHT Gelditu Elkarlana sortu zen. Taldeak Elkarlanaren sorreran eta jardueran hasieratik parte hartu zuen. Horrek taldea eztabaida sortu zuen, baina Elkarlanaren bitartez borrokak oihartzun eta eragin handiagoa lortu zuen.
Elkarlana tresna baliagarria izan zen taldearen aldarrikapenak defendatzeko, bai gizarte ereduari buruzko eztabaida zabaltzeari dagokionean, eta bai AHTari eta ordezko egitasmoei ezetz esaterakoan. Hala, gehiengo sindikalak tren lasterra kritikatu, baina hori ordezkatzeko tren sozialaren aldeko mugimendua abiarazi zuen. Sindikatuek 2005. urtera arte indarrak pilatzeko ahalegina egin zuten, baina, urte hartan, tren sozialaren aldeko sareak indarra galdu, eta AHTaren aurkako erakunde guztiek beren indarrak AHT Gelditu Elkarlanaren ildoan jarri zituzten.
Lanekin batera, ekintza
Euskal Y-a Europako laguntzetatik at geratu ondoren, Espainiako Gobernuak —PSOEren gidaritzapean— bere gain hartu zuen egitasmoa aurrera eramateko ardura, hirukoaren gidaritzapean zegoen Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Lan hastearekin batera, ordura arteko lan ildoetan errotiko aldaketa gertatu zen, eta obren inguruko ekintzak nagusitu ziren. Adierazgarriena 2006ko azarotik 2007ko urtarrilera arte iraun zuen Urbinako Erresistentzia Gunea izan zen; «konfrontazio zuzenerako» bidea zabaldu zuen, eta AHTaren aurkari berriak ere erakarri zituen.
Gatazka zabaldu zen, eta ez AHTaren Aurkako Asanbladan ezta Elkarlanean ere koordinatzen ez zen ingurune bat gehitu zen, talde «informalez» osatua. Horrek mugimenduaren barruan gaizki ulertzeak eta inkomunikazioa eragin zituen. Baina, AHTaren aurkako mugimendura bilduriko jende eta sektore guztien ekimenari esker, AHTaren aurkako borrokak gaina jo zuen 2007. urtearen bukaeran. Dena den, ordurako AHTaren aurkako mugimenduaren kriminalizatzeko neurriak martxan zeuden; Poliziaren jazarpena eta hedabide batzuen esku hartzea aipatu izan ditu asanbladak.
ETAk AHTaren aurka hasitako ekintzek ez zuten lagundu, eta horri buruzko gogoetarako beharra areagotu zuen taldean. 2008 bukaeran, ETAk Ignacio Uria enpresaburua tiroz hil zuenean, eztabaida hori bizitu, eta AHTaren gatazkan parte ez hartzeko eskatu zion taldeak ETAri. Ordea, gertaera horrek ordura arteko kriminalizazioa areagotu zuen, Urbinako 2009ko urtarrileko manifestazioan islatu zen bezala.
Egoera horretan, obren hedapenak zenbait eskualdetan sortutako «kolpe psikologikoak» errepresioak eta aurrera begira lehenetsi beharreko ekintza moldeak adosteko zailtasunak eraginda, borroka geldiune batean sartu zen. Taldearen barruan, Elkarlanari buruzko eztabaida piztu zen, eta, egoera hartan, agurra ekarri duen bidea hasi zen.
Agur agirian, AHTaren Aurkako Asanbladak nabarmendu du ia hogei urteotako borroka ez dela «antzua» izan. Pertsonen arteko harremanetatik ikasitakoak, kanpaldietako esperientziak, sortutako sareak, desobedientzia ekintzak, eztabaidak... hor geldituko direla. Halaber, AHTaren Aurkako Asanblada Orokorrak agur esan arren, beste bideetatik borrokan jarraituko dutela azaldu dute.
Abiadura handiko trena. AHTaren Aurkako Asanbladaren agurra
Aitzindariak hegan egin du
Ia hogei urteko ibilbidearen ostean, AHTaren Aurkako Asanblada Orokorrak bidea bukatutzat jo du; tarte horretan tren lasterraren aurka haziz joan zen mugimendua lehen lerrotik ikusi izan du, baita eragile ugarirekin izandako gorabeherak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu