Baionako Adierazpenaren sinatzaileak, hiru urtez aritu dira elkarrizketan Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin zenetik. Xabi Larraldek (Izura-Azme, 1970), sinatzaileetako batek, adierazpenean ageri diren zenbait puntu azaldu ditu.
Nolakoa izan da hiru urteko lanketa?
Ordu batzuk pasatu ditugu lanean, eta elkarrizketa doinuak batzuetan aldakorrak izan dira. Baina, nire ustez, funtsa hasierako posizioan dago. Disposizio zintzoa Euskal Herrian, Aieteko Konferentziarekin eta gero ETAk borroka armatua etengo zuela esanez egindako iragarpenarekin. Ipar Euskal Herrian zein Euskal Herri osoan, egoera berri horri heltzeko eta egoera berri hori irudikatzeko disposizio zintzoa. Zailtasun guztien gainetik aitzina egitea lortu da, adostasun puntu batlortzeko.
Orain jakinarazi duzue adierazpena. Zergatik?
Batetik, Aieteko konferentziaren hirugarren urtemuga delako. Bestetik, estatu frantsesari begirako lanketan, beste etapa batera iristeko beharra ikusten delako.
Izenpetzaileen artean sindikatu bakarra ageri da, CFDT. Zergatik?
Aieten parte hartu dugunak azaltzen gara. Eragile politikoen ekarpena inportantea den bezala, eragile sozialen ekarpena ere garrantzitsua da. Gogoan dut ELAk eta LABek Lizarra-Garazi garaian egindako ekarpena. Funtsezkoa izan zen beraien ekarpena, eta, nire ustez, horrelako adostasun bat falta da esparru sozial eta sindikalean. Prozesuari bultzada emateko esparru interesgarria da. Baikorra da CFDT sindikatuaizenpetzaileen artean egotea. Iparraldeko sindikatu garrantzitsubat da. Bestetik, CGT sindikatuarekin zailtasunak ditugu. Besteak beste, duten ikuspegi jakobinoa dela eta.
Ostiralean, horrelako desmartxen garrantzia azpimarratu zen. Zergatik dira garrantzitsuak?
Halako adostasunak eraikitzen eta plazaratzen baldin badira Euskal Herrian, arazoa konpontzeko posizioan gaudela erran nahi du. Estatuei begira, prozesuari bultzada emateko indar posizioan gaude. Sar-hitzan aipatzen dugun bezala, gainera, gure ustez, landutako puntuekiko kontsentsu zabal bat dago Iparraldeko gizartean. Izenpetzaile batzuk, alderdiaren izenean agertu dira, beste batzuk, ordea, ez. Alderdiaren izenpeak pisua badu, baina horrela egin ez dutenek, onartzen dute haien alderdian eztabaidak edukitzea. Gizartearen nahia eta gizarteak nahi duen adostasuna kontuan hartu dute,eta jarrera hori txalogarria da
Lehen aldia da Ipar Euskal Herriko ia klase politiko osoak maila horretako adierazpen bateratua aurkezten duela. Garai berri baten isla dela erran genezake?
Bai, dudarik gabe. Aieteko Konferentzia eta ETAren iragarpena abiapuntutzat harturik, bi lerro garatu dira. Lehenik eta behin, konponbidearen aldeko konpromiso sendo bat. Bestetik, lerro politikoan, geroari begirako giro berri bat Euskal Herrian. Lehengo tabu batzuk gainditu ditugu. Orain dela bi urte, adostasun zabalez Ipar Euskal Herriarentzako estatus berezia definitu zen: Lurralde Kolektibitatearen estatusa. Nire ustez, gatazka gainditzeko fase berri batean gaude. Beraz, bada garaia estatus bereziko esparru instituzional bat indarrean jartzeko. Eta bada garaia, beraz, adostasun zabalak eraikitzeko. Baita frantziar estatuari gizarte honek nahi duena entzunarazteko. Iparraldeko zenbait politikarik beren ardurak hartu dituzte,eta erantzukizun osoz heldu diote garai berriari. Izan konponbidean inplikatuz edo estatus politiko berri bat helburu, adostasuneko lanketan murgilduz.
Estatus bereziko ezagutza instituzionala beharrezkoa dela azpimarratzen duzue.
Elkarbizitzarako esparru bat sortu nahi da Euskal Herrian. Ez ditugu proiektu politiko berdinak. Euskal Herrian nortasun politiko eta kultural desberdinak daude, baita Euskal Herria zer den ulertzeko garaian ere. Aniztasun horren aitzinean, elkarbizitza da gure erronka. Elkarbizitzarako esparruak eraikitzea eta herri honi, molde demokratikoan, egin nahi duen bidea eraiki eta posible bilakatu. Elkarbizitzarako esparruak geruza politikoa behar du. Forma bat hartu behar du, eta, memento honetan, Iparraldean ez dago formarik, ez baitago esparru politiko instituzionalik. Ipar Euskal Herrian beharrezkoak ziren beharrak aztertu ziren. Zeregoeratan gauden, geroari begira nola heldu erronka batzuei eta erronka horiek nolako politika publikoa behar zuten. Ariketa horretan esparruaren definizioa etorri da.
Amnistiaren aldarria. Posible ikusten duzue arrazoizko epe batean?
Bertan eginen den ariketa, konponbide orokorraren argazkia osatzea izanen da. Presoen gaia, nire ustez, hiru sekuentziatan eramanen da. Lehen sekuentzia oraintxe jokatzen ari da. Indarrean dagoen esparru juridikoa erabili, eta ahalik eta preso gehien askatu. Oraindik badira aplikatzen ez diren neurri batzuk, baldintzapean aske uztea, adibidez, eta horiek irabazi behar ditugu. Bigarren sekuentzian aipatzen da gogoeta bat egin behar izatea. Lege esparrua aldatzeko. Azkenik, perspektiba gisan, amnistiaren legea indarrean jarri. Gomendioetan erraten da epe arrazional batean presoak askatu beharko direla. Zaila da horri data bat jartzea, baina berresten ahal da perspektiba hori, preso guztiak kalean egotea, Euskal Herri osoan dagoen kontsentsu zabal bat dela.
Egia eta adiskidetze taldeasortzea aipatzen duzue. Bi aldeak prest ote dira elkarrekin lan egiteko?
Uste dut badela aukerarik. Azkeneko urteetan egin dira ariketatxo batzuk, eta lortu izan da bi aldeetako biktimak elkartzea eta haien artean elkarrizketa bat sortzea. Iparraldean ere holako ariketatxo bat egin da Atxik Berrituz taldearekin. Bi kontu daude horretan. Batetik, aitortu bi aldeen iraganeko sufrikarioak, eta, bestetik, geroan halakorik berriz ez gertatzeko beharrezkoak diren baldintzak sortu. Behin agerraldia eginda eta testua jakinarazita, nik dudan inpresioa da azkeneanborondate oneko gizon etaemakumeekin badela posibilitatea Euskal Herriak aitzina egiteko.
Zein erantzun espero duzue?
Jakinarazi dugun adostasun horrek perspektiba berritu batzuk irekitzen dizkigu estatu frantsesari begira lanean aritzeko. Frantzia eta Espainia bi estatu oso ezberdinak dira, eta erran behar da, halaber, ezberdina dela estatu frantseseko kokapena euskal gatazkarekiko. Frantziak, biziki estatu bortitza den arren, gauza sozialetan eta eskubide demokratikoen inguruan, kultura nahiko errotua du. Nire ustez, gizarte horretan, frantses gizarte horretan, badago lanerako aukerarik, gizarte espainiarrean ez bezala.
Xabi Larralde. Sortuko arduraduna Ipar Euskal Herrian
«Aitzina egin dugu, eta gatazka gainditzeko fase berri batean gaude»
Baionako adierazpenaren garrantziaz mintzo da. Hasieratik izan dela «disposizio zintzoa», lortu dela «kontsentsua» eta gainditu direla «tabuak». Garbi dauka: «Prozesuari bultzada emateko indar posizioan gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu