'MOZAL LEGEA'

Aitzina doa EAJk 'mozal legea' aldatzeko egindako proposamenaren eztabaida

PPk osoko zuzenketa aurkeztu dio erreformari, baina gainontzeko alderdien babesari esker eginen du eztabaidak aitzinera. 2015eko legeak biltzen dituen arau hauste batzuk kentzea proposatu du EAJk: tartean, Poliziaren irudiak erabiltzeari buruzkoa.

Mikel Legarda EAJko diputatua eta Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidentea, gaur. MARISCAL / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 4a
14:19
Entzun

EAJk mozal legea aldatzeko proposamena aurkeztu zuen urtarrilaren 20an Espainiako Kongresuan, eta haren eztabaidak aitzinera egin du gaur, PP ez gainontzeko diputatuen babesarekin. Alderdi Popularrak osoko zuzenketa aurkeztu dio legeari, aldatu ez dadin: Teresa Jimenez Becerril PPko diputatuak defendatu du beharrezkoa dela legea, eta Espainiako Gobernua «hipokrita» dela salatu du, legea aldatu nahi duelako, nahiz eta gaur egun lege hori bera betearazten ari den. PPk baino ez du babestu osoko zuzenketa, ordea. Mikel Legarda EAJko diputatuak salatu du Alderdi Popularraren zuzenketa gaur egungo legearen kopia bat dela, eta hala salatu dute bertze taldeek ere. Batzordera joanen da orain EAJren erreforma proposamena, beraz, eta taldeek zuzenketa partzialak egiteko aukera izanen dute hemendik aitzinera. EH Bilduko Jon Iñarrituk, adibidez, erran du zuzenketak aurkeztuko dizkiotela erreformari. Zehaztu du EH Bilduren helburua dela lege hori bertan behera gelditzea, «askatasunen aurkakoa» baita.

EAJk proposatzen duen testuak «funtsezko aldaketak» egiten ditu mozal legearen 44 arautan, eta hiru xedapen gehigarri ere aurkezten ditu, bertzeak bertze, elkartzeko eskubidea arautzen duen 9/1983 legea aldatzeko eta Espainiako Estatuan dauden «atzerritarren mugako itzulketak» nazioarteko giza eskubideen arauetara egokitzeko.

2015ean legea onartu zutenean eztabaida sortu zuten hainbat arau hauste kentzea ere proposatzen du erreformak. Adibidez, Poliziaren irudiak eta datu pertsonal eta profesionalak erabiltzea «arau hauste larri» gisa hartzen duena. Sonatua eta gaitzetsia izan da arau hauste hori Euskal Herrian, bertzeak bertze Axier Lopez Argia astekariko kazetariari 2016an jarritako isunagatik. EAJren arabera, informaziorako eskubidea urratzen du arau hauste horrek, eta ez ditu «errespetatzen proportzionaltasun eta neurritasun printzipioak».

Bertzelako arau hauste batzuk kentzeko ere eskatu du EAJk: gaur egun arau hauste «oso larri» gisa hartua den komunikatu gabeko bilkurak antolatzearen debekuari buruzkoa; Espainiako Kongresuaren eta Senatuaren aitzinean egindako manifestazioak eta uniforme, intsignia edo kondekorazio ofizialak behar bezala ez erabiltzea zigortzen dituztenak —arau hauste «larriak»—; eta eraikinak eskalatzea, baimenik gabeko kale salmentarako kalea okupatzea eta eraikinak zikintzea debekatzen dituztenak —arau hauste «arinak»—.

Oro har, halaber, erreformak proposatzen du arau hausteak punitzeko zigor zuzenbidea hobestea, horretarako isunak erabili beharrean. EAJk eskatu du, hain justu, «harreman orekatua» egon dadila ekintzaren «larritasunaren» eta zigorraren artean. Horretarako, zigor zuzenbideari eman nahi diote lehenik zigortzeko eskumena, eta ondoren arau hausteei, «ondasun juridiko horiek eraginkortasunez babesteko beste biderik ez dagoenean». Horrekin lotuta, EAJk proposatzen du mozal legearen arabera jarritako isunak ez daitezela izan zigor zuzenbidetik jar daitezkeenak baino handiagoak. Erreforma proposamenak eskatzen du, halaber, araua hausten duenaren «ahalmen ekonomikoak» kontuan har daitezela isuna jartzerako garaian: zigorraren zatiketa edo etena bilduko lituzke erreformak, horretarako.

«Segurtasuna», askatasunaren «zerbitzuan»

EAJren ustez, «eskubideak eta askatasunak bermatzearen zerbitzuan egon behar duen tresna bat da segurtasuna, eta ez helburu bat bere hartan». Hori dela eta, jeltzaleek uste dute «herritarren segurtasunak» ezin dituela mugatu eskubide konstituzionalak: «Askatasunen eta funtsezko eskubideen aldeko interpretazioak gailendu behar dira, batez ere elkartzeko eta manifestaziorako eskubidearen, adierazpen askatasunaren eta informaziorako eskubidearen, eta askatasun sindikalen eta grebarako eskubidearen alorretan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.