Arnasa Gara

Aitziber Garmendia: «Nesken arteko hitanoa indartu behar da»

Aitziber Garmendia izan du protagonista Arnasa Gara kanpainako bigarren elkarrizketak. Hitanoaz jardun dira aktore eta aurkezle zaldibiarra eta Nagore Arin BERRIAko kazetaria.

Garmendia, elkarrizketan. BERRIA
jon ordonez garmendia
2021eko martxoaren 31
19:18
Entzun

Arnasa Gara kanpainak gaur egin du bigarren elkarrizketa, BERRIAren Instagram kanalean. Nagore Arin BERRIAko kazetariak Aitziber Garmendia aktore eta aurkezlea elkarrizketatu du Hitanoarekin, busti gehiago bideoaren inguruan. Arazo tekniko bat dela eta, bideoa bi zatitan eman da zuzenean Instagramen. Zaldibiako aktoreak azaltzen du berak txikitatik entzun duela hika etxean, eta koadrillan ere erabiltzen duela berak, baina ez lagun denekin, eta ez dakiela zergatik: «Batzuekin horrela ateratzen da».

Hitanoak pertsonen arteko hurbiltasuna adierazten duela esan du Garmendiak elkarrizketan, eta Erlauntza filma jarri dio adibide Arinek. «Nik benetan uste dinat nesken arteko hitanoa indartu behar dugula, eta gure esku dago hori. Erlauntza-n egon zen horren inguruko eztabaida: bai, ez, naturala da... Ni beti izan naiz askatasunaren eta norberaren aukeraren aldekoa; kasu honetan, hitanoaren aldekoa. Erlauntza-n apustua izan da hitanoa erabiltzea, baina badakit jende askok ez duela ulertuko».

Donostian bizi da egun Garmendia, eta esan du Gipuzkoako hiriburuan ia ez duela entzun hika: «Donostiara etorri nintzenetik belarria asko galdu dut. Hitanoan asko galdu dinat, eta erdarakadak erabiltzeko joera gero eta handiagoa daukat. Horrek ematen dit pena». Aitortu du gizonen aldean emakumeen artean hitanoa gutxiago entzuteak ere pena ematen diola.

Arnasa Gara kanpaina Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak abiatu zuten, udalerri euskaldunetako eta arnasguneetako egoera zein den aurkezteko. Zortzi bideo dira. Lehenengoan Antton Telleria aurkezle eta umoregileak parte hartu zuen.

Garmendiak azaldu du asko gustatu zaiola kanpainaren bigarren bideoa; bikote bat ageri da terapia egiten, esanez euren arteko komunikazioak ez duela funtzionatzen. Hainbat hizkuntzetan probatu dutela diote, baita turbobatuan ere. «Probatu duzue hika?», galdetzen die psikologoak, eta horixe gomendatzen die: hika praktikan jartzea. «Garai batean hika aritzen ginen. Orain zergatik ez? Ez dadila haria eten», dio bideoak.

[YouTube]https://youtu.be/YAir5aQCjwI[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.