Suizidioa. Hildakoaren ingurukoak

Aitziber Garmendia: «Hori da une horretan daukazun bakarra: mina»

Oraindik ere nerabea zela mutil batekin hasi zuen erlazioa zortzi urteren bueltan eten zen, hark bere buruaz beste eginda; gertaerak eragindako mina oroitzen du Garmendiak, eta gainditzen ahalegintzeko bide malkarra.

arantxa iraola
Donostia
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Nerabezaroak berezko dituen sentiberatasuna eta suhartasuna erraz senti daitezke Aitziber Garmendia aktorearen hitzetan (Zaldibia, Gipuzkoa, 1982), haren gomutetan: «Zortzi urteko harreman bat izan genuen... Eta zer zortzi urte! 16 urtetik, 24ra. Oso urte indartsuak dira. Nerabezaro guztia elkarrekin pasatu genuen, elkarrekin hazi ginen, lehenengo aldi pila bat elkarrekin bizi genituen, eta derrepente bide hori mozten zaizu; espero izan gabe». Hain justu, 24 urte zituela, bere buruaz beste egin zuen bere mutil-lagunak. Orain dela 11 urte gertatu zen. Bizi oroitzen du, hala ere, egun haietako atsekabea. «Hor galdera pila bat geratzen dira, eta zure bizitza geratzen da bi gantxotatik helduta bezalaxe... Esaten duzu: 'Ea orain zer egiten dudan, nora noan'». Naufrago oroitzen da, oinazean: «Hori da une horretan daukazun bakarra: mina».

Galderak eta dudek irentsi egin zutela dio. Atzera-bueltarik gabeko oroitzapenen eztenak: «Bizirik ikusi zuen azken pertsona izan nintzen; ostirala zen, eta hurrengo egunerako geratu ginen, hondartzara joateko: hondartzarako». Galdera mingarrien gaziak: «Jende askok galdetzen zidan: 'Zergatik egin du?'. Eta nik: 'Zergatik galdetzen didazu? Nik ere ez dakit'. Galdetze horrek ere haserretu egiten ninduen». Baretzen zail ziren emozioen zamak: «Hor dago haserrea, zuri hori egin dizulako; hor dago, baita ere, errua: 'Zergatik ezin nuen nik hau saihestu?'». Abisu izan zitezkeenak oroituta sentitutako hotzikarek: «Izan ere, nik uste dut depresio batekin zebilela; ordua hartua zuen psikologoarenean, lanean estres handiarekin zebilen... Baina ez duzu pentsatzen horrelakorik egingo duenik». Itaun ia obsesiboek: «Nire beldur nagusia zen: 'Uneren batean, damutu ote zen?'». Gertatutakoa ulertu ere egiteko ezintasunak: «Une horretan, pentsatzen duzu: 'Hau ez da gertatzen ari. Ez da gertatzen ari. Ni hondartzara joateko geratuta nengoen: hondartzarako'».

Oroitzen du babesa ere: besarkaden abaroa. «Harrigarria izan zen jendea. Ez neukan ia erortzeko lekurik». Ez du dudarik: mutilagunaren familian aurkitu zuen heldulekurik handiena, ozeano bereko naufragoetan. «Nik momentu horretan behar nuen nire mina ulertuko zuen beste min igual bat, eta ez dakit arrazoia zein den, baina argi nagusia haren ama izan zen. Behar genuen mina konpartitzea. Nik mutila galdu nuen; berak, semea. Hitz handiak dira. Semea galtzea, hain gazte, eta berak ere ezer ulertu gabe...». Hunkitu egiten da oraindik ere, harreman hori oroitzean. «Bitxia izan da: minik handiena zuen pertsona izan da nire itsasargia. Eta, askotan, berak ere argirik ez zeukan, baina niretzat abiapuntu inportantea izan zen». Oraindik, 11 urteren ostean, badute geratzeko ohitura. Eta interes handiz ikusi du urteotan sortu direla antzeko esperientzietatik igaro diren senitartekoen elkarteak: txalogarritzat ditu. «Izan ere, behar duzu ulertua izatea; zeren eta zuk ez duzu ulertzen zer gertatu den. Behar duzu, gutxienez, zure mina ulertua izatea». Suizidioa prebenitzeko abian diren urratsak ere, gogo onez hartu ditu; argi baitu gai hori —eta buruko gaitzena, oro har— ezkutatzeak onik ez dakarrela. «Zergatik ematen digu horrelako apurua horretaz aritzeak? Ezkutatu beharra baino gauza okerragorik ez dago».

Aurrerabideak

Baretu da mina: ekintza hura ulertzeko modua ere bai. «Hasieran, portaera oso koldarra iruditzen zitzaidan, eta, orain, 11 urte igaro eta gero, ausardiatik puntu handi bat duela iruditzen zait». Guztiz joan ez den minaren oihartzun, itaun zaharrak tolesten zaizkio oraindik zenbaitetan pentsamenduetan: «Zergatik ez nuen ikusi?». Baina bide luzea egin du; ez da minean ainguratu. «Une hartan nioen: 'Hau ez dizut inoiz barkatuko'. Min horrekin, eta 24 urte dituzuneko indar horrekin: grina horrekin. Aldi berean, neure buruari esaten nion: 'Ez diot neure buruari inoiz barkatuko'. Haserrea hortik dator. Ez da bakarrik berekiko: da, baita ere, zeure buruarekiko. Baina haserre hori pasatu da; barkatu diot neure buruari. Barkamena dator berarekiko, eta neure buruarekiko».

Suizidioa jazo berritan, adorez aritu zen gaiaz BERRIAko Matraka gehigarrian. Orain, antzezlan baterako hizpide du. Atontzen ari da. «Komedia bat da, nire alde samurrenetik egina. Komedia beti izan dut sendagarritzat».

Edurne Pasabanen testigantza.

Markel Irizarren testigantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.