Jean François Lefort, 'Lof'. Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidea

«Aitortza politikoari buruzkoa ere bada dagoen adostasuna»

Gatazkaren ondorioen konponbidean Euskal Herriaren interesetara jartzeko eskatu dio Lefortek Eusko Jaurlaritzari, bake prozesuak Ipar Euskal Herrian ekarri duen giro «eraikitzailea» adibidetzat jarrita.

Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Askatasunako bozeramailea zela atxilotu zuten 2004an, eta urtebetez kartzelatu zuten Jean François Lefort Lof (Miarritze, 1970). Hamahiru urte geroago, prozedura bertan behera utzi du aurten Frantziako justiziak; epaiketarik gabe. Batasuneko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea eta Mahai Nazionaleko kide izan zen gero, eta, gaur egun, Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidea da.

Presoen gaian Frantzia mugituko dela jakin da. Zer irizten diozu?

Oro har, berri ona da. Orain arte, egoera erabat blokeatua zen, nahiz eta Aietetik aurrera esfortzu ainitz egin diren Euskal Herri osoan egoeraren desblokeatzeko. Maila batean baginen —eta bagara oraindik ere— erabat itxiak diren bi estaturekin. Bazen helburu garrantzitsu bat bederen batekin egoeraren desblokeatzea. Oraindik ez dakigu zer gertatuko den,baina erraten ahal da egoera desblokeatzen ari dela.

Zer eragin izango du Espainia mugiarazteko?

Espainiako Estatua mugituko den, hori denborak erranen du. Bakartuago dagoela erran daiteke. Duen jarrera atxikitzea zailagoa izanen zaio. Ez da automatikoa izango, ordea. Frantziako Estatua mugitu da, ongi da, baina zerk permititu du? Hori aztertu behar da. Frantziako Estatua mugitu da presioa areagotu delako, eta adostasun politiko baten eraikitzea lortu delako. Herri mugimenduek, instituzioek eta presoen kolektiboek lortu dute elkarrekin komunikatzea, bide orri baten adostea; hortik etorri da presioa. Euskal Herri osoan beharko genuke halako eskema batean sartu, Eusko Jaurlaritzak beharko luke bere pentsatzeko manera berriz ikusi, eta Euskal Herriaren interesen defentsan jarri gehiago, bereen alde baino.

Eusko Jaurlaritzarena garatzen ahal duzu?

Gizarte zibila, instituzioa eta EPPK izan dira Frantziako Estatuari presioa sortu diotenak. Bakoitzak beste bidelagunak errespetatuz egin da hori, eta bakoitzak bere funtzio politikoa betez. Hori izan da garrantzitsuena. Hego Euskal Herrian ez dut uste Eusko Jaurlaritza horretan dagoenik, eta presioa ezker abertzalean areagotzen du, Espainiako Estatuan baino gehiago.

Berriki emandako elkarrizketa batean zenioen Euskal Herriak bere burua «defendatu» duela «estatuen asimilazio borondatearen aurka», eta eztabaida hori Euskal Herrian egin behar dela, eta gero estatuetara eraman.

Bada giro politiko eraikitzaile bat Ipar Euskal Herrian, aski transbertsala dena, ez bakarrik gatazkaren konponbideari buruz, baita Euskal Elkargoa erdiesteko egin diren urteetako borroketan ere. Orain, gatazka konpondu nahi dugu, eta bada eztabaida bat: «Zer da gertatutakoa? Zer izan da gatazka?». Ainitzetan presioa areagotzen da Euskal Herriaren defentsan aritu direnengan. Guk azpimarratu nahi duguna da Euskal Herriak bere eskubideak, bere izaera defendatu nahi izan dituela estatuek indarrez beraiena inposatzen saiatu direnean. Eztabaida bat ireki behar da Ipar Euskal Herrian eta Euskal Herrian, entseatzeko adosten —eta elkar ulertzen— zer gertatu den. Mami politikoari ere beharko diogu heldu. Horretarako dena zehaztu beharko dugu, gatazkaren izaera politikoa, gertatutakoa... Horretaz ere eztabaidatzen, adosten, hasi beharko dugu. Elementu garrantzitsua da gerorako.

Aralarrek apirilaren 8aren biharamunean zioen «bakea eraikitzeko eskubide demokratikoak onartu» behar direla, ETA «arrazoi politikoengatik sortu baitzen». Vincent Bruk zera dio: «Hori borroka politikoa da».

Bada hiztegi politiko kontu bat; kultura politiko ezberdinak. Euskal Herriaren geroari begira adostasuna lortuko dugun? Hori denborak erranen du. Baieztatzen ahal dena da dagoen adostasuna ez dela bakarrik ondorioei lotua. Nik uste dut badela adostasun zabal bat aitortza politikoaren inguruan. Orain, Euskal Elkargoarekin forma juridiko bat hartu du, baina gehiengo zabalak eta eragile gehienek hori baino haratago joan nahi dute. Ipar Euskal Herrian bada borondatea Euskal Herriari begira jartzeko atal guztietan: ekonomian, hizkuntzan... Ez da dokumentu batean formulatua, eta denok batzen gaituen adostasuna Baionako idatzi da. Deklarazioak markatzen zuen norabide bat, ez bakarrik ondorioei begira, mamiari buruz ere bai, lehen aitortza maila bat erdietsi behar zela, amnistia aipatzen zen... Denek badakigu arazo politiko bat dagoela eta aterabide politiko bat eman beharko diogula.

Azkenean, proiektu politiko ezberdinak baldin badira, zerk konprometituko zaituztete gatazkaren mamiari heltzera?

Hori gure proiektua garatzeko izango dugun gaitasunean jokatuko da. Ez diot Sorturena, baizik eta EH Bai eta EH Bildurena. Gehiengoak gurekin bat egiten badu, orduan aitzinatuko gira. Zer berme dago bidelagun izango ditugula? Konbentzitu beharko ditugu. Nik uste dut hori dela berme bakarra. Behar bati erantzuten dio. Ea ezker abertzalea gai den bere proiektua ulergarri egiteko sektore zabalagoetan. Hori dugu bidea. Ondorioz etorriko dira besteak. Bermea proiektua da.

Batzuek diotenez, esparru honetan, oraindik zapaltzen zaituenarekin bakea egitea da berradiskidetzea.

Borrokatu zarenarekin beharko duzu momentu batean bakea egin, eta adostu harekin zer diren arauak. Hori ez baduzu modu adostuan egiten, gatazkak iraunen du, armatua edo ez, baina iraunen du. Hori da filosofia. Ez da mahai gainean gaur egun, baina Euskal Herrian beharko da adostu bi estatuekin nola arautuko diren harremanak. Orain arte gatazka eta inposizioa izan da, baina hori aldatu beharko da. Beraz, bai, momentu batean borrokatu ginenekin adostu eta bakea eraiki beharko da. Bakea lortzea bada balio baikorra.

Gatazka desagertuko da ETAren desagertzearekin batera?

Ez da horrela, ez. Bortizkeriaren adierazpen bat bai, desagertuko da goiz ala berant, baina oraindik salbuespen neurriak aplikatuko dira; Polizia hemen egongo da. Hori ez da bukatuko horrela, hori segur.

Presoen arloan diren onurak EPPKtik kanpo direnei ere aplikatuko zaizkie?

Hori estatuek erabakiko dute. Aterabide orokor bat atzeman behar da gatazka honekin lotuak diren euskal preso politiko guztientzat. Estatuek nola jokatuko duten? Hori haien ardura da, eta, preso batzuk ez badira gaur egun kolektiboan, beraien erabaki politikoa ere bada. Aterabideek denentzat izan beharko dute, dudarik gabe. Konponbidearen interesa da nehor ez gehiago preso egotea; gero batzuek ez badute sartu nahi, ez dira sartuko. Frantzian balitz bat ez dena kolektiboan, ados baldin bada, bada, hurbildu beharko litzateke. Humanoki eta historikoki, ez dakit nola erran. Nire iritzi pertsonala da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.