Elizako kideen sexu abusuak jasandako sei pertsona biktimatzat aitortu ditu ofizialki Nafarroako Gobernuak; halako lehen aitortza da, baina segur aski gehiago ere izango dira: beste hemeretzi eskaera aztertzen ari dira. Justizia Departamentuak iazko urrian abiatu zuen Nafarroan Elizaren Sexu Abusuen Biktimei Ordaina Emateko Batzordea —apezpikutzaren ordezkaririk gabe—, eta, atzo, Eduardo Santos kontseilariak foru agindu baten bidez aitortu zituen biktima gisa. «Haien kasuak aztertu, kontakizuna entzun, datuak erkatu, txosten eklesiastiko eta akademikoak eskatu, eta salaketaren koherentzia aztertu ondoren, batzordeak ebatzi du lehen sei eskaera hauek merezi dutela biktima gisa ofizialki aitortzea», adierazi du gobernuak, ohar bidez.
«Askatzailea izan da, eta oso pozgarria, nahiz eta mingarria ere izan den hura gogoratzea», adierazi du Ana Luisa Anaut biktimak, gobernuak zabaldutako testigantza batean. 67 urte ditu, eta Izabako elizgizon batek egin zizkion abusuak, haur zela: «Halakoetan emakume gutxi agertzen gara, baina seguru nago badirela gehiago; izatez, nire lagun batek ere halako abusuak jasan zituen, baina hil egin zen emakume hura». Anautek azaldu du hedabideen bitartez izan zuela batzordearen lanaren berri: «Ez nion inori kontatu abusuena, ia-ia familia barruan ere ez, baina min handia nuen, eta pisu hori kentzeko beharra».
Jose Luis Perez ere aitortza jasotako lehen sei lagun horietako bat da. Garesko Erreparaziokoen ikastetxean ikasle egoiliar zela jasan zituen abusuak. Hunkituta mintzatu da Nafarroako Gobernuak zabaldutako bideo batean: «Prozesua oso gogorra izan da, latza baita hartaz hitz egitea: ate bat ireki eta zuri-beltzeko eskola batean sartzearen parekoa da, garai hartara itzultzea. Izan ere, umetan ez dakizu zer gertatzen ari zaizun, ez duzu kontzientziarik jakiteko egin dizuten hori sexuala den ala ez, ez baitakizu sexualitatea zer den ere. Urteekin ohartu nintzen haur hura hil egin zutela». Erantsi du aurkako jarrerak ere izan dituela: «Oraindik ere batzuek ez dute sinesten halakorik gertatu zenik».
Bidea ez da erraza izan, baina batzordeko kideek samurtu egin dute, Perezek nabarmendu duenez: «Oso ondo egin dute hasieratik, babesa jaso dugu une oro». «Zoragarritzat» jo du aitortua sentitzea, eta horregatik, esker onez mintzatu zaio Nafarroako Gobernuari: «Oso garrantzitsua da gobernuak egindakoa: erreferentzia bat da pederastiaren aurka».
Ebazpenaren zain
Gobernuak egun gutxi barru igorriko die biktimei izaera hori aitortzen dien agiria. Batzordeak gogora ekarri du biktima aitortza eskatu egin behar dela gobernuaren bulegoan. Orain arte, 25 txosten tramitatu dituzte: seitan aldeko ebazpena eman dute, eta beste hemeretziak datozen asteotan bideratuko dituzte.
Hain justu, ebazpenaren zain dago Marcos Leiun, Nafarroako Elizako Pederastiaren Biktimen Elkarteko burua. 74 urte ditu egun, eta 9rekin jasan zituen abusuak, maristen eskola batean: «Irakasleak nitaz abusatzen zuen, baina beste hainbatez ere bai. Jendaurrean egiten zuen, ikasgelan bertan: ukituak ziren ohikoena, adibidez, mahaiaren atzean». Abusuek bizi osoan eragin diotela gaineratu du: «Uste duzu gainditua duzula, baina bat-batean ohartzen zara gauza batzuk ez daudela ondo».
Gainerako biktimak adoretu nahi izan ditu, sexu gehiegikeriak salatu ditzaten: «Logikoa da hasieran beldurra izatea: asko ez dira ausartzen salatzera. Baina nik gomendatzen dut: askatzailea da, eta nork bere buruarenganako segurtasuna berreskuratzen laguntzen du, hori hautsi egiten baita abusuak pairatzen dituzunean». Biktima gisa ofizialki aitortua izatea «funtsezkoa» da, Leiunen hitzetan: «Gutaz abusatu zutenean kendu ziguten duintasunaren parte bat berreskuratzea dakar. Adibidez, hedabideetan lehen elkarrizketak egiten hasi ginenean, ez genuen gure izena ematen, bizkarrez agertzen ginen argazkietan, baina ohartu ginen guk ez dugula lotsatu behar gertatu zitzaigun horregatik; egin zigutenek lotsatu behar dute». Gobernuak emandako babesa ere goratu du: «Psikologia zerbitzua eskaini digu, eta horrek asko lagundu digu».
Legegintzaldi oparoa
Aurreko legegintzaldian, Nafarroako Gobernuko Justizia Departamentuak lan oparoa egin zuen Elizaren abusuen biktimen inguruan. Batetik, ikerketan: sexu gehiegikeria horiei buruzko azterketa bat ondu zuen liburu batean. Bestetik, erreparazioan: batzordea abiatzeaz gain, Nafarroako Parlamentuan biktima horiek aitortzeko lege bat ere onartzea bultzatu zuen iazko ekainean, eta jendaurreko omenaldi bat egin zien, Maria Txibite lehendakaria eta Eduardo Santos kontseilaria buru zirela.
Aitortza ofiziala sei biktimari
Elizako kideen sexu abusuak jasan dituzten sei lagun biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuko Justizia Departamentuak, lehen aldiz. Biktimek esker ona adierazi dute: «Askatzailea izan da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu