Maribi Arregi Izagirre. Joxe Arregi zenaren arreba

«Aitortza jasotzea gauza handia litzateke»

maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Otsail hasierakoak ez dira egun atseginak izaten Maribi Arregi Izagirrerentzat (Asteasu, Gipuzkoa, 1947), eta ez da preseski neguaren hotzagatik. Joxe Arregi atzeman zuten egunetik hilda itzuli zietenera artekoak «triste» igarotzen ditu: «Egun gogorrak izaten dira». 34 urte zituen anaia hil ziotenean; 74 ditu orain, baina «amorru» bera du gorputzean. Aitortzak baretuko liokeen «amorrua», iritsiko balitz: «Horrek lasaituko ninduke ni».

Duela berrogei urte torturatu eta hil zuten zure anaia. Nola oroitzen duzu gertaera?

Oso egun gogorrak izan ziren, eta berrogei urte pasatu dira, baina, nahiz eta urte asko izan, nire barrutik ez da atera daukadan amorrua. Nahiko nuke ateratzea, baina ezin dut. Ze, Joxe ez zen hil: Joxe hil egin zuten. Eta, ikusita nola torturatua izan zen, niretzat egun gogorrak dira. Urtero berdin gertatzen zait: otsailaren 4tik 13ra bitartean oso egun tristeak eta benetan gogorrak izaten dira. Eta, ikusita torturatzaileak kargu handiagoetan gelditu zirela eta medailak jasota, inongo zigorrik gabe, horrek oraindik eta amorru handiagoa sortzen du: min ematen du horrek.

Oraindik ez duzue aitortzarik jaso. Zer eragiten dizu horrek?

Aitortza jasotzea gauza handia litzateke. Justizia badakit ez dudala lortuko: zaila izango da. Erreparazioa? Niretzat heriotza batek ez dauka erreparaziorik. Nire ikuspuntua da, pertsonala, baina, niretzat, ez dauka. Orduan, ea egunen batean iristen zaigun aitortza. Horrek asko lasaituko ninduke ni.

Uste duzu iritsiko dela?

Pentsatzen dut baietz. Eusko Jaurlaritzako polizia abusuen biktimen eskaera ja bideratuta dago, eta nik uste dut lortuko dela aitortza bat. Nahi nuke behintzat.

Lan handia izan da zuentzat eskaera egitea?

Ez. Zerbait lortu nahi badugu, guk ere busti beharra daukagu: nik hala pentsatzen dut. Orduan, nik nire aldetik aitortza nahi baldin badut eta nire esku baldin badago zerbait bideratzea, ea egia den, eta lortzen dugun.

Jaurlaritzarena litzateke, ordea. Espainiak inoiz aitortuko du?

Hori posible izango balitz... Niri hemengoak ez dit azkenean ezer askorik esaten: hangoa nahiko nuke. Baina hangoa badakit oso zaila dela. Esperantza behin ere ez da galdu behar, halere: berrogei urtean itxaron badugu, ea beste pixka batean itxaroten dugun eta egunen batean iristen den.

Zer litzateke zuretzat zinezko aitortza bat?

Benetako aitortza izango litzateke onartzea Joxeri ze torturak egin zizkioten, nola bukatu zuten berarekin, eta polizia abusuen biktima bat dela aitortzea, beste batzuk bezalaxe. Eskatuko nuke benetan beste Joxe Arregi kasurik ez dadila izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.