Poliziaren indarkeriaren biktimek egun garrantzitsua zuten atzo, Eusko Legebiltzarra behin betiko onespena ematekoa zelako 1978. urtetik 1999ra bitartean Poliziaren gehiegikerien biktimei aitortza eta erreparazioa emateko legearen aldaketari. Hala egin zuen legebiltzarrak, gehiengo soilez: EAJk eta PSE-EEk eman zuten testuaren aldeko botoa (37), eta abstenitu egin ziren EH Bildu eta Elkarrekin Podemos (28); PPko bederatzi ordezkariek, berriz, kontrako botoa eman zuten.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren langa gainditzeko egin dute lege aldaketa, eta, hala ere, ez dago bermatuta arauak iraungo duenik. Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion 2016an onartutako legeari, artean agintean PP zegoela, baina, PSOE Moncloara iristean, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ados jarri ziren testua moldatu eta konstituzionalean aurkeztutako helegitea kentzeko. Aldaketaren mami nagusietako bat: delituak egiaztatzeko prozesuek aintzat hartu beharko dutela aurretik auzitegiek ebatzitakoa. Aitzitik, PPk iragarria du atzoko legea ere auzitara eramateko asmoa duela.
Hori horrela, egun «gazi-gozoa» izan zen atzo biktima horientzat, Tasio Arrizabalaga Egiari Zor fundazioko kideak adierazi zuenez: «Lege horrek ez ditu ekarriko estatuaren biolentzia jasan dugun biktimon aitortza integrala eta diskriminazioaren amaiera». Arrizabalagak biktimen arteko «kategorizazioa» arbuiatu zuen: «Lege horrek egiaren monopolioa oraindik ere gure biktimarioen eskuetan mantenduko du». Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Bizikidetza idazkariak bestelako balorazioa egin zuen: uste du «bide bat ireki» dela biktimen aitortzan, eta haien «zentralitatea» azpimarratu zuen.
Beraz, Poliziaren biktimen gainean arreta jartzeko eguna zen, baina protagonismoa polizia elkarteek bereganatu zuten. Saioan, ikusle gisara joan ziren Jusapol elkarteko kideak, eta keinuka aritu ziren, bi hatzekin ikur bat eginez; pistola baten formarena eta, era berean, J hizkiarena. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak«mespretxu osoa» adierazi zien, «lobby nazkagarri bat» direlakoan «eurek sortutako biktimak ez daitezen aitortuak izan». «Niretzat, Nurenbergen epaiketa bat egon zelako protesta egiten duten naziak zarete», erantsi zuen. Giroa are gehiago gaiztotu zen: keinuak eginez eta bizkarra emanez erantzun zioten Jusapolekoek, eta, Arzuagaren jarrerarekiko protesta gisa, PPko legebiltzarkideek aretotik alde egin zuten. Itzultzean, PPkoek PSE-EEkoekin izan zuten sesioa, eta, sartu-irten horretan, Bakartxo Tejeria legebiltzarreko lehendakariakEH Bilduko Josu Estarrona egotzi zuen. Dignidad y Justicia elkarteak, berriz, Arzuaga salatu du, gorroto delitua egotzita.
Helburua aldatu gabe
Eztabaidan, EAJko legebiltzarkide Iñigo Iturratek argudiatu zuen lege berriak ez duela aurrekoaren helburua aldatzen, bien xedea delako «eskubideak urratu zaizkien biktimei erreparazioa» ematea. Arzuagak, berriz, azaldu zuen zergatik abstenitu zen EH Bildu: «Urrats bat izanda ere, biktimen arteko mailaketan sakontzen du, eta estatuaren biktima askori ez zaie inolako erreparaziorik emango».
Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, berriz, azpimarratu zuen «lege terapeutiko bat» osatzeko beharra dagoela, horrek «osatze sozialaren bideak zabal» ditzan. Zabalaren iritziz, etorkizunean ere beharrezkoa izango da lanean jarraitzea «biktima guztien eskubide berdintasunaren printzipioa egiazkoa» izan dadin: «Lege hau moldatuta, ez da soilik oztopatzen egia jakiteko eskubidea; zuzenean, debekatu egiten da».
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia pozik agertu zen, uste baitu testu berriak «segurtasun juridikoa» ematen diela biktimei, eta «preseski baztertzen» duela «gatazkaren teoria». Carmelo Barrio PPko legebiltzarkidearen esanetan, ordea, legeak «beste pauso bat» ematen du polizien «izen ona» zikintzeko asmoan.
Aitortza «gazi-gozoa» biktimei
1978tik 1999ra Poliziaren abusuak jasan zituzten biktimak aitortzeko lege erreforma onartu du Eusko Legebiltzarrak. Liskartsua izan da saioa, polizia elkarteetako kideak EH Bilduri keinuka aritu baitira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu