«Aitortza eta egia» eskatu dute Angel Berruetaren familiarentzat

Angel Gogoan plataformak omenaldia eginen dio Berruetari, haren heriotzaren 9. urteurrenean

Iruñea
2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Egia, aitortza eta ordaina». Hori eskatu du Angel Gogoak plataformak Angel Berruetaren familiarentzat. Heldu den martxoaren 13an bederatzi urte beteko diraEspainiako polizia batek eta haren semeak Berrueta hil zutenetik. Urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi eginen dituzte Iruñeko Donibane auzoan.

Hilaren 9an, larunbatean, auzoko bizilagunei Angel Gogoan plataformaren aurkezpena eginen diete. 12:00etan izanen da hori, San Juan Xar Donibaneko auzo elkartean. Martxoaren 13an, urtero bezala, Berrueta eta haren familiari omenaldia eginen diote. Ekitaldia xumea baina maitasunez betea izanen dela adierazi du Patxi Rey plataformako kideak. 19:00etan Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean izanen da.

Orain dela urtebete baino gehiago sortu zuten hainbat auzokidek Angel Gogoan plataforma, Berruetarentzat «egia» lortzeko. «Urtebete honetan, alderdi politikoekin, gizarte eragileekin eta baita sindikatuekin ere bildu gara», jakinarazi du Reyk. Lan handia egin dutela baina oraindik garrantzitsua falta zaiela azaldu du. Izan ere, oraindik ez dute jaso inolako aitortzarik: «Ideologia edozein izanda ere, biktima guztiei egin behar zaie aitorpena».

2004ko martxoaren 11n, talde islamista batek Madrilen atentatua egin eta bi egunera hil zuten Berrueta, bere dendan ETA ez zioen kartel bat jarri nahi izan ez zuelako. Plataformak oraindik zauria itxi gabe dagoela adierazi du, eta ixteko bide bakarra Berrueta biktima politikoa izan dela aitortzea azaldu dute. «Ez dugu inork barkamena eskatzerik nahi, ezta mendekurik ere; soilik duintasuna eta justizia exijitzen dugu».

Gainera, oraindik ere aitortza garatzeko eskubidea ukatzen dietela salatu dute. «Ez gaituzte uzten Berrueta gogoratzeko plaka xume bat jartzea auzoan; instituzioek Berruetaren memoria gutxiesteaz gain, besteok ohoratzea eragozten dute». Hala ere, plataformak Angelekin eta haren senideekin «konpromiso irmoa» dutela adierazi dute. Hortaz, lanean jarraituko dute «benetako egia eta aitortza» lortu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.