UEU

Aitortza eta baliabideak eskatu ditu UEUk, 50. urtemugaren ospakizunean

Mende erdiko ibilbidea ospatu du gaur Udako Euskal Unibertsitateak Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldian.  

UEUren 50. urtemugako ospakizun ekitaldia Bilboko kafe antzokian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2022ko irailaren 21a
19:25
Entzun

UEUk festa giroan ekarri du gogora unibertsitatea euskalduntzeari egindako ekarpena eta esku bete proiektuz eta ametsez begiratu dio etorkizunari. Kepa Sarasola UEUko zuzendaria «harro» mintzatu da bost hamarkadetan egindako ibilbideaz: «UEU euskara unibertsitatean modu naturalean erabiltzeko akuilu izan da, euskara teknikoa finkatzeko agentea eta euskarazko etengabeko formazioan erreferentzia». Bide horretan erronka berriei erantzuten jarraitzeko ilusioa dutela adierazi du. Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak erronka horien berri eman du: euskara ikerketa sustatzea, euskarazko online unibertsitatea sortzea, euskarazko produkzio zientifikoa emendatzea eta etengabeko euskarazko formakuntza lehenestea aipatu ditu: «Horretarako ezagutza, sarea eta ilusioa badugun arren, aitortza eta baliabideak ere behar ditugu».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek ere aitortu du UEUren ekarpena: «Guk gure hezkuntza-sistemako irakasle guztien euskarazko gaikuntza bultzatzea jarri dugu helburutzat. Helburu horretan, UEUk ekarpen oso garrantzitsua egin du, euskarazko unibertsitate-prestakuntza duala bultzatuz irakasleen hasierako prestakuntzaren esparruan, GOI zentroaren bitartez. UEU erreferente da».

Besteak beste, Joseba Sarrionandiak ere hartu du hitza, UEUren ibilbidea goraipatzeko: «Emakumeak noiz iritsi dira unibertsitatera? Noiz langileak? Noiz euskaldunak?». Horrek are handiagoa egiten du UEUren ekarpena, bere hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.