Aitortza eske polifoniko bat

Mikel Zabalzaren senideek, alderdi politikoek eta torturaren bertze hainbat biktimak egia argitzeko eskatu diote Madrili, Gogora institutuak antolaturiko mahai inguruan.

Mikel Zabalzaren eta harekin batera torturaturikoen senideak, atzo, Gogora institutuan, solasaldia hasi aitzineko lore eskaintzan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Bilbo
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Miguel Angel Llamas Pitu-ren ustez, Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren, eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketen audioak hainbertzeko «zalaparta» sortu badu, tortura sistematikoa izan dela erakusten duelako da: «Ahotsaren hoztasuna entzunda ikusten da ohiko praktika bat zela torturarena». Non dago Mikel? dokumentala egiteko prozesuan atzeman zuten audio hori, eta, azkenean ikus-entzunezkoan ez sartzea erabaki bazuten ere, harrabots handia sortu du azken asteotan, gizartean zein politikagintzan; hain zuzen ere, horregatik: Mikel Zabalzarena ez baitzen kasu bakarra izan. «Paradoxikoki, audio horrek ekarri du torturatuekiko zegoen errezelo errezel hori kentzea».

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailearenak dira azken hitz horiek: atzo Bilbon Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren egoitzan zegoen ordezkaritza zabalaren ahotsetako batenak, eta askotariko talde horren erakusgarri. Gogora institutuak antolatuta, hain zuzen, Llamasek eta Amaia Merinok egindako Non dago Mikel? dokumentalari buruzko solasaldia egin zuten, eta egileek eta Mikel Zabalza zenaren arreba Idoia Zabalzak baino ia gehiago hitz egin zuten publikoan ziren askotariko lagunek. Gonbidatuen artean ziren, erraterako, Zabalzaren bertze hainbat senide; baina baita harekin batera sarekada berean atxilotu eta torturatutakoen familiakoak ere: erraterako, Ion Arretxe zenaren bikotekide Ana Vila Mateo eta Mikel Arretxe anaia; Idoia Aierbe zenaren ahizpa Ana Aierbe eta Marcelo Altuna bikotekidea; eta Manolo Bizkai bera, Mikel Zabalzaren torturak eta sufrimendu oihuak ondoko gelatik entzun behar izan zituena.

Ez ziren bakarrak, ordea: Paco Etxeberria auzitegi medikuak ere hartu zuen hitza, baita 1985eko udazken ilun hartan gertaturiko guziaren kronika egin zuen Koldo Ordozgoiti kazetariak ere. EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak ere han izan ziren; eta, tartean, Aitor Esteban EAJko diputatua eta Roberto Uriarte Elkarrekin Podemosekoa mintzatu ziren. Entzuleen artean zen ETAk hildako Juan Mari Jauregi zenaren alaba Maria Jauregi ere, eta torturak pairatu behar izan zituen bertze gizonezko bat ere bai, akaberan mintzatu zena: «Ez dut dokumentala ikusiko. Oso gogorra egiten ari zait».

Nork bere ikuspegitik, torturaren errealitateari ahotsa jarri zioten denek, bi ordutik goiti iraun zuen mahai inguru polifonikoan. Eta eskaera bat egin zuten hitza hartu zuten guziek, aho batez: torturari buruzko egia azaleratu dadila, eta horrekin batera aitor eta errepara dezatela gertaturikoa, berriro gerta ez dadin. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak horixe eskatu zion Espainiako Gobernuari mahai ingurua hasi baino lehen egindako hitzartzean: «Estatuak bermatu behar du Mikel Zabalzaren kasuan egiarako eskubidea, eta, hala badagokio, aitorpena, autokritika eta erantzukizunak hartzea ekarri behar luke».

Zabalzaren senideei eta harekin batera atxilotu eta torturatu zituztenei eta haien familiakoei lore eskaintza eginez hasi zuten Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ekitaldia.

Sekuentziaz sekuentzia

Peroteren eta Gomez Nietoren arteko elkarrizketarena ez da izan Non dago Mikel? dokumentalean sartu ez duten elementu bakarra, eta kanpoan utzitako hainbat irudi sekuentzia erakutsi zituzten atzo, mahai inguruaren hari gisa erabili zituztenak. Ion Arretxeren tortura testigantzak entzunarazi zituzten, erraterako, baita torturak pairatu zituen Idoia Aierberen ahizpa Anaren hitzak ere: «Idoiak ez zuen torturaz hitz egiten. Lotsa sentitzen zuela uste dut, eta pena zeukala. Errudun sentitzen zen». Ahizpak argi zuen, ordea, torturatu zutela: «Ume bat plastikozko poltsa batekin jolasten ikusten bazuen, segituan joaten zen kentzera». Esklerosi anizkoitzak jo zuen azkenean, azken egunetan burua galtzeraino. «Baina sekula ahantzi ez zitzaiona zen torturatua izan zela», zehaztu zuen Altuna bikotekideak atzo. Sirena hotsa entzutean urduri jartzen zelako, adibidez. Paco Etxeberriak jarri zion ahotsa eritasunari: «Ezin dugu ziurtatu hortik ote datorren, baina eritasunak lasterragotzen dituen faktore bat da. Horrelako gauzak hain dira gogorrak!». Hunkituta, Etxeberriak.

Ana Vila Mateok zehaztu zuen, aldiz, Ion Arretxek egunero hitz egiten zuela torturaz, eta gaur egun berak ere egunero oroitzen duela: «Ubelduak joan egiten dira, baina gainontzeko guztia gelditu egiten da». Liburu batean idatzita utzi zuen dena Arretxek, eta dokumentalerako testigantza jaso zuten. Merino: «Guretzat Mikelen ahotsa zen Ionena, eta hala izaten segitzen du. Ion Mikel da».

Ordozgoiti kazetariak ohartarazpen bat egin zuen: izan badaiteke, izan zitekeela okerragoa ere. «Komunikabideok eta herritarrek ez bagenu presiorik egin, oraindik desagertuta egongo zatekeen Zabalza». Eta ez zutela kasualitatez Endarlatsan utzi, Gipuzkoatik 100 metro eskasera, baina Nafarroan. Bat egin zuen Etxeberriak. Bi ideiekin: «Inork ez zuen sinisten bertsio ofiziala, ezta Donostiako fiskalburu Javier Zaragozak ere». Eta Jorge Argote guardia zibilen abokatuaren agerpen «ez-espontaneoa»: «Bera etorri zen kazetariongana». Kontraerranez beteriko bertsio ofiziala azaltzera.

Testigantza bezainbat eskaera egin zituzten atzoko ekitaldian. Estebanek, adibidez, eskatu zuen Espainiak desklasifika ditzala Zabalzari buruzko dokumentuak. Harago jo zuten Hernanek eta Etxeberriak: torturatu guzien egia aitortzeko ekitaldi ofizialak egitea galdegin zuten. Idoia Zabalzak, berriz, politikariei eskatu zien bete ditzatela bertzeak bertze Nafarroako Parlamentuan egindako hitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.