Aitortza arnas luzeko bideari

Coppieters fundazioak Patxi Zabaleta saritu du, «erabakitzeko eskubidearen alde» eginiko lanarengatik. Camilo Nogueira abertzale galiziar historikoak ere jaso du saria.

Camilo Nogueira eta Patxi Zabaleta, Coppieters fundazioko ordezkarien ondoan, atzo, Bruselan. ION ORZAIZ.
Ion Orzaiz.
Brusela
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun

Ibilbide politiko luze eta oparo bat saritu dute. Hizkuntza gutxituen eta herrien askatasunaren aldeko borroka bat. Saritu dute bizitza oso bat eskubide zibil eta politikoen defentsari emana. Saritu dute koherentzia. Eta sari horrek ez du hartzaile bakarra izan, bi baizik —Euskal Herrian bata, Galizian bestea—, antolatzaileen esanetan, biek ala biek defenditzen baitituzte «kultura eta hizkuntza aniztasuna, kulturarteko elkarrizketa, autodeterminazio eskubidea, gutxiengoen eskubideak, bakea, demokrazia eta Europaren batasuna».

Ibilbide politiko paraleloak izan dituzte Patxi Zabaletak (Leitza, Nafarroa, 1947) eta Camilo Nogueirak (Lavadores, Galizia, 1936), eta biei heldu zaie aitortza, Europaren bihotzetik. Atzo iluntzean, Coppieters saria eman zien izen bereko fundazioak, Bruselan.

Europako herrien kultur eta hizkuntz aniztasunaren, autodeterminazioaren eta gutxiengoen eskubideen alde lanean diharduen think tank bat da Coppieters fundazioa, eta, orain arte, Europako Parlamentuan jardun du batez ere, besteak beste, estaturik gabeko herrien aldarrikapenak Europako legebiltzarkideen agendan ezarrita. 2016. urtean hasi ziren Coppieters sariak ematen, fundazioaren printzipioen aldarrikapenean nabarmendutako politikariei. Orain arte, Eskoziako lehen ministro ohi Alex Salmondek, ANCko buru eta Kataluniako parlamentuko presidente izandako Carme Forcadellek eta Edmond Simeoni politikari korsikarrak jaso izan dute.

Atzoko ekitaldian, Coppieters fundazioko presidente Xabier Maciasek gogoan izan zituen sariaren aurreko irabazleak, eta aipamen berezia egin zien Forcadelli eta gainerako preso politiko katalanei: «Pertsona horien egoerak agerian uzten du Europako zenbait erakunderen ahulezia, autodeterminazio agindu demokratikoa era baketsuan defenditu zutenei ehun urtetik gorako kartzela zigorrak ezarri dizkietenean instituzio horiek ez baitira gai izan erabakiari kritika txikiena egiteko ere».

Hori dela eta, atzokoa «herrien Europaren aldeko aldarri bat» egiteko aukera gisa baliatu zuen Maciasek: «Egungo Europako Batasunaren dekadentziaren eta, bereziki, EBko zenbait kidek aniztasunari dioten ezinikusi irrazionalaren aurrean, alternatiba da herrien Europa bat eraikitzea».

Zabaletari buruz, Coppieters fundazioko buruak nabarmendu zuen politikari nafarra «haize kontra» mugitu izan dela bere bizitza politikoan: «Gatazka armatu bortitz baten testuinguruan, metodo baketsuen eta demokratikoen aldeko apustua egin zuen, Euskal Herriaren askapen nazionala erdiesteko bide gisa. Hasieran minoritarioak izanagatik, gehiengo batek bere egin zituen Zabaletaren ideiak zenbait urte geroago».

Politikari leitzarra «ekintzaile kulturala» ere badela esan zuen Maciasek: «Euskararen defendatzaile sutsua izan da bere bizitza osoan, eta nabarmentzekoa da filosofo, poeta eta idazle gisa egin duen ekarpen oparoa».

Zabaletak euskara hutsean egin zuen bere hitzaldia, «estatu ofizialtasunik ez duten Europako hizkuntzen europartasuna gogoratu eta aldarrikatzeko». Esker ona adierazi zien Coppieters fundazioko kideei eta baita Camilo Nogueirari ere.

Hizkuntza gutxituen estatusaz solastatu zen bere hitzartzearen lehen zatian. «Aniztasuna da Europaren ezaugarrietako bat, eta hizkuntza gutxituen egoera eta arazoak ez dira estatuen mugen barruan sartzen eta bukatzen. Estatu ofizialtasunik gabeko hizkuntzen europartasuna ez da beste hizkuntzena baino ttipiagoa edo gutxiagokoa». Hizkuntza ofizial «bat baino gehiago» dituzten estatuen eredua «gero eta ugariagoa eta ohikoagoa dela» ere esan zuen.

Bestalde, Camilo Nogueira zoriondu zuen, eta bi politikariak batzen dituzten zenbait ezaugarri nabarmendu zituen. Batetik, «abertzaletasun demokratikoa» aipatu zuen: «Erabakitzeko eskubidea demokraziaren osagarri ezinbestekoa da. Ez dago ezer transbertsalagorik erabakitzeko eskubidea baino, eta horrexegatik da benetako elkarbizitzaren oinarrietako bat». Bakearekiko konpromisoa eta «politikaren goraipamena» ere aipatu zituen Zabaletak, «soilik bake bideetatik lortu behar direlako helburu politikoak demokrazian».

«Europako egitasmo politikoaren» alde ere hitz egin zuen Aralarren sortzaileak. «Jarrera honek ez du kentzen, baizik areagotzen, gaur egun Europak dituen hutsuneak, gabeziak eta arazoak salatu beharra». Azkenik, estaturik gabeko bi herri gogoan izan zituen Zabaletak atzoko saioan: Katalunia eta Kurdistan, «herriek beren buruari ez ezik mundu guztiari egin diezaioketen ekarpenaren lekuko direlako, eta preso politikoen irudia ekartzen digutelako gogora».

Galiziatik Europara

Galiziako mugimendu abertzalearen buruzagi historikoa da Camilo Nogueira. Haren ibilbide politikoa 1960ko hamarkadan hasi zen, eta Galiziako Parlamentuko eledun izan zen 1981etik 1993ra. BNG alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, eta europarlamentari izan zen talde horren izenean. Estaturik gabeko nazioen taldeko buru ere izendatu zuten.

Zabaletak bezala, Nogueirak ere bere ama hizkuntzan egin zuen hitzartzea. Gogoan izan zituen, besteak beste, 1960ko hamarkadan, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasle zela, frankismoaren kontra eginiko protestak.

XX. mendeko Europaren historiaz solastatu zen Nogueira, Europa osatzen duten estatuen errealitatea aztertzeko: «Europa ez da aldaezina; aldatu eta hobetu daiteke. Europako Batasuna bera ezohiko erreakzio bat izan zen, XIX. mendeko triskantzen eta XX. mendeko gerren ondorioei aurre egiteko; historiak erakusten digu Europako Batasunak onartzen zuela estatuen barruko aniztasuna». Egungo Europan ere aniztasun hori sustatzearen alde azaldu zen Nogueira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.