Roger Etxegarai kardinalari azken agurra egin zioten atzo goizean Baionako katedralean. Jende anitzek parte hartu zuen, eta Euskal Herriko Elizako eta instituzio nagusietako ordezkariak ere egon ziren hileta elizkizunean. Han ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Florence Lasserre eta Vincent Bru Frantziako Asanbleako diputatuak, Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emeritua eta Marc Aillet Baionako apezpikua. Beste politikari andana ere bildu zen; tartean, EH Baiko eta EH Bilduko ordezkariak. Frantziako Gobernuaren izenean, Laurent Nuñez Barne ministerioko estatu idazkaria agertu zen, eta Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak ere parte hartu zuen zeremonian.
Euskal gizartearen «zati baten goi ordezkaria» den heinean, Urkulluk, garrantzitsutzat zuen Roger Etxegarai kardinalaren hileta elizkizunean egotea. «Nik uste dut, bera, bere izaera, eta bere ekinbidea, eredugarriak izan direla, eta direla euskal gizartearentzat. Azken batean, bere bizia egin du bake misioetan, bai eta pobreen auzia konpondu nahian ere. Betiere enpatia eta haurridetasuna bilatuz. Alde horretatik, uste dut euskal gizartearentzat eredugarri dela», adierazi zuen. Kuban, Mozanbiken eta Palestinan egindako lan diplomatikoak goraipatu zituen, eta, halaber, euskal gizarteak «pairatu» izan duen giroa «leuntzeko eta baketzeko» ahaleginak egin izan dituela azpimarratu. Joan Paulo II.aren ondoan izandako lekua ere gogoratu zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.
«Bakearen alde egindako lan isila» aipatu zuen Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak ere; eta azaldu, Adolfo Araiz Nafarroako legebiltzarkidea eta Jon Iñarritu diputatuarekin batera, «esker ona» adieraztera etorria zela.
Euskal Herriko gatazkaren konponbidean jokatu zuen rola azpimarratu zuen Etxegarai lehendakariak ere, eta oroitarazi zuen, erraterako, ETAren desegitearen harira egin zen Arnagako ekitaldian parte hartu zuen Michel Camdessus NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohiaren hurbilekoa zela. «Bagenekien Etxegarai kardinala zer lotua zen bere lurrari, bere jatorriaz elikatzen zen, eta maiz gogoratzen zuen Euskal Herrikoa zela munduan zehar zebilen garaian». Vatikanoan izan duen lekua Euskal Herriarentzat ohore bat dela nabarmendu du.
Erroma eta Ezpeleta artean
«Sarritan, bere etxean egon nintzen Erroman», azaldu du Uriarte gotzainak. «Nire ardurak eta Euskal Herriaren ardurak, Euskal Elizaren ardurak, sarritan berari agertu nizkion. Berekin, euskaraz egiten genuen zati handi bat, eta, gero, frantsesera jotzen genuen biok». Uriarteren hitzetan, «aita, anaia eta adiskidea» izan du Etxegarai kardinala. «Erroman bide batzuk ireki zituen, Euskal Herriko arazoak eta, batez ere, Euskal Elizaren arazoak zehatz-zehatz Erromak ezagut zitzan. Uste dut hori lortu zuela». Azkenera arte izan du berekin harremana. «Orain dela urtebete, hemen bisitatu nuen, Kanbon [Lapurdi] zegoen egoitzan, eta, arratsalde batez, berarekin egon nintzen. Niretzat, gaur lagun handi bat joan da, baina, badakit bizi dela, begiratzen nauela, eta lagunduko nauela. Behin erran zidan: 'ni goitik behera euskalduna naiz; goitik behera'. Hori guzti hori gogoan izan dut beregatik otoitz egin dudan artean».
Frantziako Gobernuaren ordezkari gisa etorri zen Laurent Nuñez. «Garrantzitsua zen bakearen alde hainbeste lan egin duen Elizako gizon honentzat gobernuko kide bat presente egotea; elkarrizketa gizon garrantzitsu bat zen. Laiko gisa ere, jakin behar da elkarrizketa eta bake gizonak direnei omenaldia egiten. Parte hartu dudan zeremonia hunkigarri honek erakutsi du Euskal Herriko tokiko figura handi honentzat zuen atxikimendua». Maila pertsonalean ere ezagutu zuen, 2010 eta 2012 artean Baionako suprefeta izan zenean: «Garai hartan, Vatikanoan bizi zen, Erroman, baina oso erregularki itzultzen zen».
Itzaleko diplomazialari ezpeletarra
Aitorpena bakegile isilari
Roger Etxegarai kardinalak «bakerako eta elkarrizketarako» egin duen lana goraipatu dute Baionako katedralean, eliz gizonaren hiletan elizkizunean parte hartu dutenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu