Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu dituzte Gasteizen

Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian atxiki dituzte, eta jendearen babes zabala jaso dute

Zelaia eta Barbado, Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Aitor Zelaia eta Galder Barbado atxilotu zituzten atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarria zien eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen lau urteko kartzela zigorra betearazteko. Espetxeratzeko aginduaren borondatezko epea gainditua zuten bi gazteek, eta Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian agertu ziren biak atzo, 17:00etan. Jendea eraikinera gerturatu zen kamiseta urdinekin, babesa erakustera, eta Polizia agertu zen ondoren. 18:30ean hastekoa zen manifestazio nazionala atzeratu egin zen, atxiloketaren ondorioz.

Duela bi aste Ankerkeriari Stop plataformak jakinarazi zuenez, irailaren 15ean espetxeratze agindu bana jasota, Zelaia eta Barbado gazteek hamar eguneko epea zuten borondatez kartzelan sartzeko. Epea bukatuta, ez ziren espetxean aurkeztu; beraz, Espainiako Auzitegi Gorenak atxilotze agindua eman zuen. Gobernu Militarra ertzainez inguratuta egon zen bi gazteak atxilotu artean; ehunka zeuden Leizaola plazan. Balkoian ordubete inguru egon ondoren, eraikinean sartu ziren ertzainak, eta atxilotu egin zituzten gazteak. Atzeko atetik atera, eta ertzainen ibilgailu batean eraman zituzten gero.

«Herriak ez du barkatuko»; «Aupa, bikote, zuekin gaude»... oihu artean agurtu zituzten Barbado eta Zelaia plazan zeudenek. Tentsio uneak izan ziren agenteen eta elkarretaratuen artean. Azkar baretu zen egoera, eta Artiumera joan ziren beste manifestariekin biltzera.

Milaka lagunek egin zuten Artiumetik Foru plazarainoko bidea, Euskal Herriak aurrera lelopean. Ikurrinek eta Nafarroako banderek apaindu zuten manifestazioa, eta aldarri oihuek ez zuten etenik izan ibilbide osoan zehar.

Atxilotuen bideo batekin hasi zuten Foru plazako amaiera ekitaldia, eta plataformako kideek komunikatu bat irakurri zuten ondoren: «Gaur hemen elkartu gara Aitor eta Galder espetxeratuak izan direlako; haien borondatearen eta gure borondatearen kontra. Azken momentura arte adierazitako elkartasun uholdeak segida eman dio duela lau urte adierazitakoari», hasi ziren. Eta urteotan jasotako babesa eskertu zuten azkenik: «Eskerrak eman nahi dizkiogu euskal jendarteari, berriz ere, injustizia eta ankerkeria ororen gainetik elkartasun uholde bat sortzeagatik. Elkartasuna eta borroka baitira Euskal Herriaren motorra».

Bestalde, Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari Denis Itxasok salatu egin zuen atzo Gasteizko Gobernu Militarrean bi gazteak «indarrez» sartu izana, eta instituzioak «errespetatzeko» eskatu zuen.

Lau urte baino gehiago

Duela lau urte pasatxo hasi zen Zelaiaren eta Barbadoren aurkako prozesua. Ertzaintzak 2019ko otsailean atxilotu zituen bi gazteak, Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon instrukzio epaileak aginduta.

Biei leporatu zieten Ertzaintzak hilabete batzuk lehenago Duran (Arrantzua-Ubarrundia, Araba) aurkitutako lehergailu materialaren arduradunak izatea, eta, beraz, «armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristekin gordetzea eta trafikatzea». Ia urte eta erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian, 2019tik 2020ra, epaiketaren zain.

Epaiketa amaituta, launa urteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak 2021ean. Helegitea aurkeztu zuten ebazpenaren aurka, baina aurtengo maiatzean Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen lehen epaia. Hala, aurreko astean espetxeratzeko agindua jaso zuten gazteek. Epaiaren eta espetxeratzeko aginduaren kontrako hainbat protesta egin dira azken urteetan, eta horiek areagotu egin dira azken egunetan. Gazteen babeserako Ankerkeriari Stop taldeak salatu izan du «Ertzaintzak kozinatutako prozesua» izan dela Barbadoren eta Zelaiaren aurkakoa.

Irailaren 18an, gazteen aldeko elkartasun martxetan ehunka lagun bildu ziren Agurainen, Amurrion eta Gasteizen, Ankerkeriari Stop plataformak deituta. Eta irailaren 22an Ernaik protesta egin zuen Bilbon eta Gasteizen. Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzan eta Ertzaintzaren Gasteizko egoitzan kateatu ziren hainbat gazte. Hiru pertsona atxilotu, eta ehun pertsona baino gehiago identifikatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.