Aitor Estebanentzat «ohorea» litzateke EAJko presidente izatea

Espainiako Kongresuko EAJko bozeramaileak esan du «urte asko» daramala alderdian, eta eskatu dioten «guztian» eman duela «aurrerapauso bat, beti».

Aitor Esteban, artxiboko argazki batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Aitor Esteban, artxiboko argazki batean. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2025eko urtarrilaren 16a
11:52
Entzun

EAJren Euzkadi Buru Batzarra berritzeko barne prozesua abian da, eta urtarrilaren 20an, San Sebastian egunez hasiko dira afiliatuak Uri Batzarretan alderdikideen izenak proposatzen, lehen hautespen aldi batean. Ordurako jakinaraziko du Andoni Ortuzar egungo presidenteak EAJren leman jarraitu nahi duen ala ez, eta, beraz, haren izena ere proposatu ahal izango ote duten afiliatuek batzokietan. Hilabete askoan, Ortuzarrek ez du argitu alderdiaren barruan egin duten berrikuntza zabalak bera ere errelebo batera eramango ote duen, baina Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen buruaren izena han eta hemen azaldu da Ortuzarren lekukoa hartzeko hautagai gisa. Bada, Estebanek berak gaur esan du Antena3 telebista katean «ohorea» litzatekeela beretzat EAJko presidentea izatea.

Berehala gogoratu du EAJn afiliatuen esku daudela horrelako erabakiak, baina EBBko presidente izateko prest azaldu da, eta Ortuzarrek luzatu duen prozesuaren ekuazioan beste aldagai bat sartu. EAJko eledunak esan du «urte asko» daramala alderdiarentzat lanean eta «beti» eman duela «aurrerapauso bat» eskatu dioten «guztian». «Eta esan beharrik ez dago: EAJko presidente izatea ohorea da», erantsi du.

Afiliatuen nahiak

EAJren barne prozesuei eta buruzagiak aukeratzeko sistemari ere erreparatu die. «Jendea ez da aurkezten», azaldu du: «Afiliatuak dira bozkatzeko bi itzulitan aukeratzen dutenak. Lehenik, proposatu egiten dute, eta, ondoren, bozkatu zein den erabakirik onena». Hala, esplikatu du «orain» ez dela jakina «EAJko afiliatuek zer nahi duten». Datorren astetik aurrera ikusiko dira nahi horiek, Estebanek zehaztu duenez. «Hamabost egun egongo dira jendeak plazaratu dezan zer nahi duen; eta asmatu egingo dugu, seguru, afliatuek hartzen duten erabakia edozein dela ere».

Asteon bertan, Aitor Estebanek EAJren lema hartzearen esanahiaz aritu da Eva Silvan politologoa BERRIAk hala galdetuta. «Aitor Estebanek nolabaiteko trantsizio bat eskainiko luke, harekin berrikuntza bailegoke buruzagitzan, baina hein batean bakarrik, Estebanek ez baitu ordezkatzen barne prozesu honetan Pradalesek ordezkatu zuen ezustea». Horrela aztertu zuen Silvanek Estebanen aukera. Alderdia barrutik oso ongi ezagutzen duela gaineratu zuen, eta Madrilen pisu handia duela. Hain zuzen, kontuan hartzekoa iruditzen zaio hori, Madrilek garrantzi handia izango duelakoan estatus berriaren auzian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.