Euzkadi Buru Batzarra berritzeko lehen hautespen aldiari lotutako izenburu deigarriak irakurri ahal izan dira asteon, han eta hemen, batik bat Ortuzarrek EAJren presidente gisa jarraitzeko azaldutako nahiaren biharamunean, ikusgai baitzen zein izango zen afiliatuen erreakzioa. Bada, hautespenaren lehen aldi honek islatu du militantziaren parte nabarmen batek ez duela begiz onez ikusi hamabi urtez alderdiaren leman izan den agintariak buruzagi gisa jarraitzea. Ortuzar gailendu da gaur arte jakinarazi dituzten batzokien emaitza gehienetan, batez ere Bizkaian, baina aurreikus zitekeen baino estutasun gehiago pilatzen ari zaizkio egungo EBBko buruari.
Eta estutasun handienaren izena Aitor Estebanena da. Militanteek EBBko burua eta kideak proposatzeko aldi honetan, Esteban gailendu da hogei batzokitan baino gehiagotan orain arte —Gipuzkoan hark du boto gehien—, baina jasotako babes esanguratsu horrek ez du zertan ondorio larririk izan Ortuzarrentzat. Edo bai. EAJren Espainiako Kongresuko eledunak erabaki bat hartu beharko du, alderdiaren organo zaintzaileak emaitzak ontzat eman eta bigarren hautespen aldian EBBrako nor lehia daitekeen zerrendatzerakoan. Ortuzarrekin bide orria adostu eta lasterketatik erretiratu, ala harekin lehiatu EAJko presidente izateko; deliberazio hori hartu beharko du Estebanek orduan. Otsailaren 2an amaituko da lehen fasea, eta bigarrena hilaren 10etik 26ra egingo dute. Beraz, otsailak hamar izan aurretik iragarri beharko du Estebanek bere erabakia.
Izenburuak izenburu, EAJren barne prozesuaren lehen hautespen aldia ez da erabakigarria. Estebanek zer-nolako asmoak dituen jakitea, hori izango da benetako giltzarria. «Erakutsitako konfiantza eta babesarengatik eskertua» azaldu da jeltzalea, gaur bertan, X sarean idatzitako txio batean: «Afiliazioaren ordua da. Alderdia. Aberria». Bistan da: Estebanek ez du aurrera daraman olatua utzi nahi oraingoz. Ortuzarrek jarraitu nahi zuela jakinarazi baino ordu batzuk lehenago, argi esan zuen «ohorea» litzatekeela beretzat EAJko presidentea izatea. Egun gutxi barru ikusiko da hitz horiek guztiak su artifizialak diren ala ez.
Ezinegona azaldu
Nolanahi ere, bigarren hautespen aldian aukeratzen dute Uri Erakundeek EBBrako hautagaien artean, eta martxan den lehen fase hau ezinegonak azaltzeko balia dezakete militanteek; ikusitakoak ikusita, badira ezinegon batzuk oinarrien artean. Azken hamarkadan EAJren barruan egon diren prozesu lasaiak atzean geratu dira. Lurralde zuzendaritzetan eta erakundeetan erreleboak bultzatu ditu EAJko buru Ortuzarrek, EH Bilduren gorakadari aurre egiteko formula gisa. Besteak beste, BBBko eta GBBko presidente ohi Itxaso Atutxa eta Joseba Egibar ordezkatu egin dituzte, eta, orain, Ortuzarren txanda egokitu den honetan, afliatu askok ez dute ulertu hark lema nagusian jarraitu nahi izatea.
Iazko urtearen hondarrean, Bizkaian eta —batez ere— Araban azaleratu zen ildo kritikoak ere aurkeztu du bere hautagaia: Etxebarriko (Bizkaia) zinegotzi Eneko Lekue. Lehen hautespen aldian hiru batzokitan boto gehien berak jasotzeko galbahea igaro behar da, bigarrenean hautagai izateko, eta Lekuek lortu du eskakizun hori betetzea jadanik, baina alderdiaren barruan «nepotismoa» salatu duten Bizkaiko kritikoen hautagaiaren aukera apala da; hasteko, proiekzio publikorik gabeko politikaria delako. Galbahea pasatu duen beste bat Markel Olano da, Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia eta egungo legebiltzarkidea. Boto gehien jasotakoen izenak badoaz azalduz batzokietan, presidenteaz gain EBBko beste zortzi burukide aukeratu behar baitituzte, martxoaren 29 eta 30eko Batzar Nagusian izendatzeko.
Batera edo bestera, lehen hautespen aldia amaitzeko geratzen den astean, Estebanen aldeko hautua indartuz doan ala ez ikusi beharko da, eta Estebanek berak ere ikusi nahiko du. Erabat apartekoa litzateke Ortuzar-Esteban buruz buruko bat egokitzea bigarren aldian. Izan ere, Ortuzarren talde gertukoenaren kidetzat jo daiteke Esteban, Joseba Aurrekoetxea eta Koldo Mediavillarekin batera. Alegia, ez litzateke izango ildo politiko desberdinen arteko lehia bat, ezta belaunaldi desberdinen artekoa ere, adin berekoak baitira biak. EAJko presidente izatea «ohorea» da bientzat, ordea.