Andoni Ortuzarrek eman dio aginte makila Aitor Estebani. EAJren Aberri Batzarreko ehun kideek aho batez izendatu dute Esteban EBB Euskadi Buru Batzarreko presidente datozen lau urteetarako, eta lemazain berria hautatzeko prozesuan izandako gorabeheren harira, batasunerako deia zabaldu dute gaur jeltzaleek. IX. Batzar Nagusian 1.800 lagun elkartu dituzte, Atano III.a pilotalekuan.
Indar erakustaldia egin nahi izan du alderdiak, eta elkartuta jarraitzearen aldeko aldarria izan da nagusi Donostian. Estebanek Ortuzarri eskaini dizkio alderdiko presidente gisa egin dituen lehen hitzak, eta eskerrak eman dizkio «Euskadiren alde pasioz egindako lanagatik; sekula ahaztuko ez dugun lana». Kargua «ohore handiz, erantzukizunez eta apaltasunez» hartuko duela hitzeman du.

EBBko presidente berriak esan du EAJn ez daudela «bi arima», aldi berean taupaka ari diren 22.000 baizik —alderdiak dituen afiliatuei erreferentzia eginez—, eta Ortuzarrek eta biek elkarri eman dioten besarkadarekin irudikatu dute batasuna. Estebanek alderdikideei eskatu die ez laguntzeko EAJren porrota desio dutenei. «Azpijokoak eta desleialtasunak ez dute lekurik erakunde honetan», azpimarratu du.
Ikusi gehiago
Mezu hori herrialdeetako alderdikideei ere zabaldu die, azken egunetan zenbait adierazpen zuzendu baitizkiete elkarri Gipuzkoako eta Arabako buruzagiek, AHT abiadura handiko trenarekin lotuta. «Denok euskaldunak gara, eta ez dago aitzakiarik jeltzale guztiok norabide berean arraun egin ez dezagun», galdegin die Estebanek.
Horretaz gain, nabarmendu du EAJ «Euskadiren erreferente» dela oraindik, eta ez doala inoren atzetik. Esan du ez dutela aukerarik galduko «Euskadiren aitortza juridikoa eta politikoa lortzeko, autogobernu gehiagoren bidez euskal gizartearen ongizatea hobetzeko». Estatus politiko berriari dagokionez, adostasun zabala lortzearen alde egin du. «Bide luzea izango da, baina partida hau irabazi beharra dago». Dena den, aitortu du «marko bakar bat eta herrialde bat lortzetik urrun» daudela, eta «herria egunero egitera» deitu du, «lurraldeen arteko loturak estutuz eta bakarra sentituz».

EAJren antza izaten saiatzea egotzi dio EH Bilduri, baina argi utzi nahi izan du «Euskadiko autogobernua eta bizi maila» jeltzaleen lanari esker lortutakoak direla: «Konbertituak, ilarara». Bere mintzaldian gazteei ere zuzendu zaie, eta alderdiaren barruan emakumeen presentzia handituko duela agindu du. Euskarari dagokionez, «bizitzako esparru eta erregistro guztietara» eramateko konpromisoa hartu du, baita esparru instituzionalean aurrera egiteko dauden aukerak agortzekoa ere.
Ortuzarren agurra
Ortuzarrek, bere azken hitzaldian, kargua pozik utziko duela azpimarratu du. «Zorionekoa eta zoriontsua izan naiz, elkarrekin gauza handiak egin ditugu», hasi da. «Alderdi hau handiagoa egin dugu, eta euskal aberri aske horretara hurbildu gara, denok amesten dugun burujabetasunera. Gure armarrian daramagun zazpiak bat horretarantz pauso berriak eman ditugu, eta gure ikurrina eta gure anagrama gorenean jarri ditugu. Ezin dut gehiago eskatu», adierazi du, hunkituta.
Ortuzarrek hamabi urte egin ditu alderdiaren gidaritzan, eta gogorarazi du azken 50 urteetan EAJ izan dela «herri hau gidatu duena eta bidea erakutsi diona». «Eta aurrerantzean ere guk izan behar dugu». EBB berriak eta Estebanek horixe egingo dutela adierazi du, eta zorterik onena opatu die: «Katea ez da eten, bidea ez da eten. Alderdia gara!». Orduan heldu da bere hitzaldiaren une gorena. Bertso bat abestu du Ortuzarrek, batasunerako deia egin du, eta alderdikideen txalo artean agurtu da.
Ortuzarren agurreko bertsoa
Hamazazpi urte Sabin Etxean,
ez da kopuru kaskarra.
Betiko ez gara arlo denetan,
dago berritu beharra.
Agur honekin mezu batean
jarri nahi dut azpimarra.
Inork ez beza inoiz ahaztu,
batasuna da indarra.
Estebanekin batera, Aberri Batzarrak oniritzia eman dio Euskadi Buru Batzar berriari ere. Zortzi kide hautatu dituzte gaur —Maitane Ipiñazar, Andoni Busquet, Manu Tejada, Miren Martiarena, Markel Olano, Jon Ganbra, Joseba Diez Antxustegi eta Javier Ollo—, eta horiei gehitu behar zaizkie azaroan lurraldeka aukeratu zituzten bost presidenteak: Jone Berriozabal (Araba), Iñigo Ansola (Bizkaia), Maria Eugenia Arrizabalaga (Gipuzkoa), Unai Hualde (Nafarroa) eta Pantxoa Bimboirek (Ipar Euskal Herria).
GOIAK ESAN DU EZ DAGOELA KRISIRIK GONZALEZEN ETA BIEN ARTEAN
Eneko Goia Donostiako alkateak azken egunetan AHTari buruz egindako adierazpenen inguruan hitz egin du. Azaldu du ez zuela esan Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia berekoia denik AHTaren lotunea Gasteizen egin nahi izateagatik, eta interpretazio hori «kazetariaren abileziaren ondorio» izan zela adierazi du. «Elkarrizketa euskaraz izan zen, eta gaizki itzuli zuten gaztelerara».
Elkar besarkatu dute gaurko batzarraren hasieran, eta alkateak azpimarratu du ez dela kontu pertsonal bat. «Nik segituko dut defendatzen Ezkio-Itsasoko lotunearena aukera dela onena, naturaltasunez, herri ikuspegi batetik. Bai Donostiagatik, baina Nafarroagatik ere bai», amaitu du. Gonzalezek ez du gaiaren inguruko hitzik egin.