Aitor Aldasoro Iturbe izango da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea

Miren Dobarani hartu dio lekukoa. Ingurumen eta Jasangarritasun sailburuordea izan zen ekainera arte, eta Beasaingo alkatea 2015etik 2020ra bitartean.

Aitor Aldasoro Iturbe, artxiboko irudi batean. KERMAN GARRALDA ZUBIMENDI / GOIERRIKO HITZA
Aitor Aldasoro Iturbe, artxiboko irudi batean. KERMAN GARRALDA ZUBIMENDI / GOIERRIKO HITZA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko abuztuaren 30a
14:15
Entzun

Aitor Aldasoro Iturbe izango da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea aurrerantzean. Politikari jeltzaleak Miren Dobarani hartu dio lekukoa. Ingurumen eta Jasangarritasun sailburuordea izan zen ekainera arte, eta Beasaingo alkatea (Gipuzkoa) 2015etik 2020ra bitartean. Euskararen Aholku Batzordeko kidea da 2017tik.

2003an abiatu zuen bere ibilbide politikoa: Beasaingo zinegotzi izan zen lehendabizi, eta alkate gero. Tarte horretan, Sasietako Mankomunitateko kidea eta presidentea izan zen bederatzi urtez, 2011tik 2020ra. Alkatetzaren lekukoa Leire Artola Ugalderi pasatu zionean —hura da gaur egun Beasaingo ordezkari nagusia—, Eusko Legebiltzarreko kidea izan zen urtebetez.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko aholkularia izan zen 2021etik 2023ko uztailera arte, eta, ordutik, Ingurumen eta Jasangarritasun sailburuorde aritu da, aurtengo ekainera arte; Arantza Tapia izan da sailburua.  

Aldasoro 1967ko urriaren 13an jaio zen, Beasainen, eta ingeniari elektronikoa da ikasketaz. Komunikabideen munduan ibilitakoa da: Miramar eta Euskadi irratietan aritu zen soinu teknikari, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Orona eta Sapa enpresetan jardundakoa ere bada. Dantzari ohia da, eta Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko Beasaingo batzordeko kide izandakoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.