Eusko Jaurlaritzak udazkenerako nahi ditu hamasei asteko aitatasun baimenak. Dekretu bat prestatzen ari da horretarako. Espainiako Gobernuak aurreikusita zeukan neurri hori 2021. urterako, baina Jaurlaritzak aurrea hartu nahi dio. Madrilek zortzi asteko aitatasun baimenak indarrean sartu dituen egun berean iragarri du bere egitasmoa Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek. Atzotik, Espainiako Estatuaren menpeko herrialde guztietan zortzi astekoak dira aitatasun baimenak; amatasun baimenak, hamaseikoak.
Artolazabalen esanetan, Jaurlaritzak dekretu berria argitaratzean —betiere egitasmoak aurrera egingo balu—, hamasei asteko baimena izango lukete erditu ez diren bikotekide guztiek eta guraso ez-biologikoek —adopzioen kasuetan—; baita guraso bakarreko familietakoek ere. Umea jaiotzen denetik, hamabi hilabete izango lituzkete aipatutako baimenak hartzeko. Aitatasunarenak, baina, ezingo luke bat egin amatasunarenarekin, Artolazabalek argitu duenez.
Espainiako Gobernuaren egitasmoak, berriz, aurreneko asteak batera hartzera behartzen ditu bi gurasoak. Hainbat eragilek kritikatu egin dute baimenak batera hartu behar izatea. PPIINA Jaiotza eta Adopzio Baimen Parekide eta Transferiezinen Aldeko Plataformarentzat, adibidez, horrek indartu egiten ditu ama zaintzailearen eta aita laguntzailearen rolak.
Lanetik kanpo daudenean jasoko luketen prestazio ekonomikoari buruz, sailburuak esan du jaiotza edo zaintzako baimeneko berberak izango liratekeela. Dekretu horretan, halaber, beste neurri batzuk jaso nahi dituzte: Artolazabalek azaldu duenez, neurri horiek eragingo liekete, besteak beste, familia ugariei, %50etik gorako desgaitasuna duen kideren bat dutenei eta genero indarkeriaren biktima izan diren amei. «Familiak laguntzeko sustapen politiketan Europan aurreratuen dauden herrialdeen artean kokatuko gaitu dekretu honek», azpimarratu du sailburuak.
Zortzi astekoa, atzotik
Zortzi asteko aitatasun baimena, berriz, indarrean dago jada; atzotik jaiotzen diren haurren gurasoek har dezakete Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak onartu berri duen berdintasunerako premiazko lege dekretuak ematen du horretarako modua.
Erditze egunean hasiko da baimeneko lehen bi asteak hartzeko aukera, eta bi gurasoak derrigortuta daude batera hartzera hamalau egun horiek; gainerako sei asteak, berriz, gurasoek erabaki dezakete noiz eta nola hartu, haurrak urtebete izan arte. Baimena besterenezina da, eta %100 ordaindua.
Aurten zortzi astekoa izan arren, legeak aurreikusten du modu mailakatuan luzatzea aitatasun baimenak; hurrengo urtean, hamabi hilabetekoa izatea; eta bi urte barru, hamaseikoa. Orduan ere baimenak hartu beharko dira haurrak urtebete egin baino lehen. Lehen sei asteak biak batera hartzea nahitaezkoa izango da, eta jarraituak izango dira. Gurasoek erabakiko dute gainerako asteak noiz eta nola hartu.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak direla eta, Kongresuko Diputazio Iraunkorrak eman behar dio oniritzia neurriari—nahiz eta indarrean dagoen jada—. Asteazkenean bilduko da. Berdintasun Ministerioak azaldu duenez, gobernuak ez du aurreikusten parlamentuko taldeek egitasmoa atzera botatzerik.
2007an Espainian Berdintasun Legea onartu zen arte, aita berriek bi egun besterik ezin zuten libre hartu Hego Euskal Herrian. 2013rako zegoen aurreikusita hilabetera luzatzea, baina 2017aren hasierara arte ez zuten egin. Iazko uztailean, berriz, bost astera luzatu zuten.
Aitatasun baimena hamasei astera luzatu nahi du aurten Jaurlaritzak
Amatasun baimenarekin parekatuko litzateke. Ezingo lirateke biak batera hartu. Madrilek zortzi astera luzatu duen egun berean iragarri du neurria Artolazabalek; udazkenerako nahi du indarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu