Aita santuak sekretu pontifikala indargabetu du sexu-abusu kasuetarako

Pederastia auziei buruzko informazioa isilpean gordetzeko obligazioa kenduta, elizbarrutiek dokumentazioa igorri ahalko dute epaitegietara

Frantzisko aita santua, Vatikanoan, iragan igandeko mezan. RICCARDO ANTIMIANI / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Sekretu pontifikala ez da elizgizonen sexu abusuak ikertzeko traba izango aurrerantzean. Edo asmo hori dute behintzat Eliza katolikoko buruzagiek. Vatikanoak atzo jakinarazi zuenez, pederastia kasuetan sekretu pontifikala indargabetzea agindu du Frantzisko aita santuak, bi arauren bidez. Hau da, orain arte isilpean gordetako dokumentuak epaitegien eta bestelako erakunde zibilen esku utzi ahalko dituzte elizbarrutiek.

Aita santuak azken urteetan pederastiaren inguruan egindako adierazpenen ildoan doaz arauok: apaizek haurren aurka hamarkadetan egindako sexu abusuak gaitzetsi izan ditu Frantziskok, baina zailtasunak izan ditu neurri praktikoak hartzeko eta betearazteko. Sekretu pontifikala indargabetzeak, aldiz, urrats bat ekar dezake; hain justu, iragan otsailean Vatikanoan abusuen inguruan egindako bilkuraren harira, biktima elkarteek horixe eskatu zuten: isiltasuna haustea, Elizatik hasita.

1968an ezarri zuen Vatikanoak sekretu pontifikala. Funtsean, barne arau bat da: gai batzuk isilpean gordetzeko betebeharra ezartzen die elizgizonei; «sekretu arruntaz» harago doa pontifikala, oso gai garrantzitsuei edota larriei eragiten die, eta informazioa babesteko «obligazioa» dakarkie apaizei eta elizbarrutiei. Orain arte oztopo handia izan da sexu abusuei buruzko auzietan, bai ikerketa kanonikoei buruzko dokumentazioa eta bestelako agiriak epaitegietara ez igortzeko, bai biktimei informazioa ukatzeko; eta, ondorioz, erasotzaileen zigorgabetasuna ekarri du. Hori dela eta, Vatikanoak «historikotzat» jo du sekretua kentzeko erabakia; biktimen hainbat elkarteren ustez ere «oso garrantzitsua» da Elizaren pausoa.

Hainbat gehiegikeria molde

Aita santuak abendu hasieran onartu zituen bi arauak. Elizgizonek egindako hainbat gehiegikeria moldetan indargabetu du sekretu pontifikala: «mehatxupean edo agintekeriaz egindako indarkeria edo sexu egintzetan», adingabeen eta pertsona zaurgarrien aurkako abusuetan, haur-pornografia auzietan, eta «gotzainek edo goragoko agintariek abusatzaileak babestu dituzten edo salatu ez dituzten kasuetan». Era berean, arauek diote ezin zaiela «isiltasunik inposatu» ez salatzaileei, ez biktimei, ezta lekukoei ere; halere, agindu horiek ez dute eraginik izango aitortza sekretuan.

Horrez gain, pederastia delituak zorrotzago arautu dituzte: 18 urtez azpiko baten —muga 14 urtean egon da orain arte— irudi pornografikoak «asmo lizunekin» hartzea, edukitzea edo zabaltzea jo dute delitutzat.

Sekretu pontifikala hausteak, halere, ez du ekarriko dokumentazioa argitara ateratzea. Justiziaren arloan izango du eragina batik bat: eskaera egiten duten epaileen esku utziko dute informazioa. Biktimei dagokienez, Vatikanoak ez du argitu zer neurritan eskuratu ahalko duten norbere kasuari buruzko informazioa. Edonola ere, biktimen elkarteak hasiak dira elizbarrutiei eskatzen Frantziskoren aginduak betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.