'Aita Mari' ontziko kideek berretsi dute ikuskapenak «gainditu» egin dituztela

Espainiako Gobernuak adierazi du itsasontziak ez duela erreskateak egiteko baimenik, nazioarteko salbamendu araudia «urratzen» duelako

Aita Mari ontzia, Getarian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA/ FOKU.
2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak mantendu egin du Aita Mari ontziari ezarri zion blokeoa: ezingo da Mediterraneora joan erreskate lanak egitera. Jose Luis Abalos Sustapen ministroak atzo Kongresuan adierazi zuenez, Aita Mari-k «urratu» egiten du nazioarteko salbamendu araudia, eta horregatik ez du itsasoratzeko baimenik. Bilbon dago Aita Mari ontzia egunotan; hura bezala, geldirik dago Open Arms ontzia ere, Bartzelonako portuan.

Tripulazioko eta Maydayterraneo elkarteko kideek, ordea, gezurtatu egin dute Abalosek esandakoa. Iñigo Gutierrezek adierazi du ikuskatze guztiak «gainditu» dituela ontziak, eta ez dutela ulertzen zein araudi urratzen duten: «Ahaleginak egin ditugu dena ongi egon dadin, eta agintariek ez dezaten izan argudio hori erabiltzeko aukerarik». Gobernuaren jarrerarekin «erabat dezepzionatuta» daudela gaineratu du.

Besteak beste, nazioarteko araudiak dio hurbilen dagoen portu seguruan kairatu behar dutela ontziek. Horren aurrean, Abalosek argudiatu du Italiako, Maltako eta Libiako agintariek ez dutela horrelako lehorreratzerik onartu: «Espainiara etorri beharko dira, eta, salbamendua izan beharrean, pertsonen garraioa izango da». Gutierrezek erantzun du Madrilek ez dakiela zein den tripulazioaren asmoa: «Espainiara iritsi aurretik, badauzkagu beste zenbait aukera».

Dena den, Aita Mari-ri eta Open Arms-i erreskateak egiten uzten ez dietenez, beste erantzun bat eskatu du Gutierrezek; salbamenduak itsas armadak egitea proposatu du: «Hau ez da gure lana; estatuek egin nahi ez dutena egiten ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.