'Aita Mari' ontziak jasoko du Sabino Arana saria

Luis Ugalde, Amaiurko Gaztelu elkartea, Bidasoa kirol taldea, Basque Culinary Center eta Luis Mari Bengoa kazetaria ere sarituko dituzte

Aita Mari ontzikoak erreskate lanetan, Maltan. UNAI BEROIZ.
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Sabino Arana fundazioak jakinarazi du nortzuk jasoko duten 2021eko Sabino Arana saria. Fundazioko presidente Mireia Zaratek iragarri duenez, Aita Mari erreskateontzia, Luis Ugalde jesulaguna, Amaiurko Gaztelu elkartea, Bidasoa kirol taldea, Basque Culinary Center eta Luis Mari Bengoa kazetaria izango dira saridunak, eta sariak emateko ekitaldia urtarrilaren 30ean egingo dute, Bilboko Arriaga antzokian.

«Giza eskubideen aldeko elkartasun borroka nekaezin eta etengabeagatik» saritu dute Aita Mari ontzia, Zaratek azaldu duenez. «Migrazio ibilbide arriskutsu hori erabiltzen dutenen bizitzaren jagole bihurtu da mundu guztiaren begien aurrean, eta agerian utzi du migrazio politika txarrak gainditu behar ditugula». 2018tik, Aita Mari ontziko eskifaiak 538 lagun bizirik erreskatatu ditu.

Luis Ugalde jesulaguna Bergaran (Gipuzkoa) jaiotakoa da, baina ibilbide gehiena Venezuelan egin du; «Venezuelako erregimenak egindako bidegabekeriak salatzeko behin eta berriz altxatu diren ahotsetako bat» izan dela nabarmendu du Zaratek.

Bidasoa kirol taldea 1962an sortu zen, eta, hortaz, aurten 60 urte beteko ditu. Hari saria emanda, Sabino Arana fundazioak gogorarazi nahi izan du kirola futbola baino gehiago dela, eta eliteko kirola hiriburuetatik kanpo ere egiten dela.

Basque Culinary Center ere izango da saridunetako bat, «hamar urteko ibilbide laburrean eredugarri bihurtu baita nazioartean sukaldaritzako prestakuntzan, berrikuntzan, ikerketan eta sustapenean», Luis Maria Bengoa herri kiroletan aditua den kazetari eta euskal produktuen sustatzaileari ere emango diote saria.

Azkenik, Amaiur Gaztelu elkarteari ere saria emango dio Sabino Arana fundazioak, euskal memoriaren alde egindako lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.