Asteon itsasoratu da berriro Aita Mari ontzia, eta dagoeneko lehen erreskatea egin du: 43 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneo Erdialdean. Guztiak gizonezkoak dira, egiptoarrak, sudandarrak eta bangladeshtarrak.
Erreskatea goizaldean egin dute, Libia inguruan. Metro bat baino altuagoko olatuen artean erreskatatu dute txalupa. Ohar bidez adierazi dutenez, berehala eman diete gertatzen ari zenaren berri Italiako, Maltako, Libiako eta Espainiako agintariei, erreskatea hasi baino lehen, erreskateak iraun bitartean eta ondoren. Hasieran ez dute erantzunik jaso, ordea: «Hainbat saiakeraren ondoren erantzunik jaso ez denez, itsas araudiaren arabera jokatu da, eta, behin laguntza emanda, Italiako Gobernuak berehala eman digu portua».
43 pertsonei lehen osasun azterketak egin dizkiete, eta ez daude larri: «Erreskatatutakoen osasun orokorra ez da larria, nahiz eta oso nekatuta eta deshidratatuta egon».
Lehorreratzea Ortonan
Aita Mari-k jada badu nora joan: Ortonan lehorreratuko dira. Bertara hilaren 20an iristea espero dute, itsaso onarekin nabigatuz gero lau egun beharko dituzte eta. Jada bidean dira, baina bidaia «luzea» izango dela salatu dute: «Bidaia luze hau gobernuek halakoetan GKE gobernuz kanpoko erakundeen baliabideak eta denbora murrizteko erabiltzen duten urruneko portuen estrategiaren eredu argia da. Era berean, erreskatatutakoen sufrimendua eta ondoeza beharrik gabe luzatzen du». Halaber, salatu dute urtea hasi zenetik ehun pertsona baino gehiago hil edo desagertu direla dagoeneko Mediterraneo Erdialdean.