‘Aita Mari’ ontziak 34 pertsona erreskatatu ditu goizaldean: «Denak ondo daude»

Italiako Gobernuak Ravennako portua ezarri die lehorreratzeko, iparraldean, eta aurreikusi dute ostiral gauean helduko direla.

'Aita Mari' ontziko eskifaiak bart gauean egin du erreskatea. ISA EGIGUREN
nerea intxausti
2024ko uztailaren 15a
14:30
Entzun

Aita Mari erreskate ontzia Mediterraneoko uretan da joan den uztailaren lehenetik, eta bart egindako operazioan 34 pertsona erreskatatu dituzte. Zehaztu dute gehien-gehienak Siriatik etorritakoak direla, eta badaude Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Hiru adingabe daude taldean, eta emakume bat haurdun, zazpi hilabeteko. Hori bai, «denak ondo daude», salbamendu taldeak jakinarazi duenez. 

Azaldu dute erreskateak zailtasunak izan dituela, batetik, gauez egin dutelako eta, bestetik, hiru itsasontzi libiar azaldu direlako, tripulatzaile kaputxadun eta armadun batzuekin. «Tentsio momentuak» eragin dituztela aitortu dute: pertsona batek uretara salto egin du. 

Dena dela, lortu dute errefuxiatuen txalupara berriro igotzea, eta Aita Mari ontziko kapitainak, Simon Vidalek, ebakuazioarekin jarraitzeko agindu duenean, Siriako itsasontzietako batek alde egin du, eta beste biak aldendu egin dira, eta begira geratu. Azkenean, utzi diote erreskateontziari bere lana egiten.

Aita Mari-k erreskateari ekin dionean, Libiako bi ontzi geratu dira apur bat urrunago, begira. Bada, erreskatea amaitzean, itsasontzi horietan zihoan gizon batek salto egin du jada hutsik zegoen errefuxiatuen ontzira, iluntasunean eta argirik gabe. Motorra martxan jarri du, eta ontzia eraman du. Mafiek ontziak berreskuratzeko egiten duten praktika bat dela azaldu dute Itsas Salbamendu Humanitariokoek.

Aita Mari: erreskate bat, iruditan. ISA EGIGUREN

Ravennara, ostiralean

Italiako Gobernuak Ravennako portua (Italia) ezarri dio Aita Mari ontziari lehorreratzeko. Erreskatea Libiako erreskategunean izan da, eta Ravennako portua 870 itsas miliatara dago, gutxienez — 1611,2 kilometrotara—. Aurreikusi dute ostiral gauean iritsiko direla bertara. Itsas Salbamendu Humanitarioko kideek salatu dute Italiako Gobernuak jarraitzen duela «munduko itsas biderik hilgarrienetako batetik» erreskate ontziak urruntzeko politikak egiten.

Bide batez, gogorarazi dute Europak finantzatzen dituela Libiako kostazainak, eta horiek erreskate operazioak erraztu beharko lituzketela, eta ez arriskuan jarri. Nabarmendu dute erreskate horiek itsas mugetako herrialdeen ardura direla.

Europako gobernuei eskatu diete bermatzeko bide legalak eta seguruak asilo bila dabiltzanentzat edo beren herrialdeetatik irten behar dutenentzat, beren bizitzak arriskuan jarri behar ez izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.