'Aita Mari' ontziak 1.200 kilometro egin behar izan ditu lehorreratzeko

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak adierazi du «premia handia» dagoela «migrazio segurua ahalbidetuko duten korridore humanitarioak sortzeko».

'Aita Mari' ontziaren lehorreratzea, Italian. ITSAS SALBAMENDU HUMANITARIOA
'Aita Mari' ontziaren lehorreratzea, Italian. ITSAS SALBAMENDU HUMANITARIOA
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 20a
11:20
Entzun

Lau eguneko bidaiaren ondoren, Aita Mari ontzia Ortonako portuan (Italia) lehorreratu da gaur goizaldean. Joan den astean erreskatatutako 43 pertsonak hango autoritateen esku gelditu dira; guztiak gizonezkoak dira, egiptoarrak, sudandarrak eta bangladeshtarrak. Administrazio prozesuak abiatuko dituzte orain, baina litekeena da gehienek kanporatze agindua jasotzea eta nazioarteko babesik ez eskaintzea. ISH Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak kudeatzen du erreskate ontzia, eta salatu du 1.200 kilometro inguru egin behar izan dituztela erreskatea egin zuten lekutik lehorreratu arte. «Ortonarako bidaian, gertuago zeuden dozenaka porturen aurretik igaro da; gehien, Sizilian, itsasontzia zegoen tokitik nabigatze egun bat baino gutxiagora», zehaztu dute.

Ez da lehenbiziko aldia gobernuek urrun dauden portuak esleitzen dituztena. Hori behin baino gehiagotan ohartarazi du ISH erakundeak, eta hala egin du oraingoan ere: «Urruneko portuak esleitzea eta antzeko neurriek agerian uzten dute Mediterraneo erdialdeko ibilbidea salbamendu baliabiderik eta lekukorik gabe uzteko asmoa, itzulketak beroan zigorrik gabe egin ahal izatea erraztuz, pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen oinarrizko giza eskubideak urratuz». Gehitu dute estrategia horrek tripulazioarendako, erreskatatutako pertsonendako eta baliabideendako «desgaste handia» dakarrela, eta «misioaren etorkizuna» arriskuan jartzen duela.

Alde horretatik, adierazi dute «premia handia» dagoela «migrazio segurua ahalbidetuko duten korridore humanitarioak» sortzeko eta pertsona horiei itsasoan laguntzeko baliabideak jartzeko: «Eskatzen dugu Europako agintariek SAR eremuetan erantzukizuna hartzea eta ez finantzatzea segurutzat jotzen ez diren estatuak mugen kontrolatzaile gisa, etengabe hausten baitute Genevako errefuxiatuen hitzarmenaren ez itzultzeko printzipioa».

Abisu gehiago

Erakundeak gehitu du lehenbiziko erreskate hura egin eta gero bertze bi abisu jaso zituztela: bat 80 pertsonakoa eta bertzea 40koa. Italiako Gobernuarekin mintzatu ziren, eta atzera egiteko erran zieten, bertze ontzien bila joateko. Agintairen ekintza hura «itxaropentsua» zela zioten, baina gero «itxuraz aldatu» zela. Izan ere, erreskatatu beharreko pertsonen ordez, Tunisiako eta Libiako kostazainek «beroan itzulitako» bi txalupa huts bertzerik ez zuten aurkitu.

Geratutakoa Italiako Gobernuari azaltzean, porturantz joateko erran zieten. «Aita Mari lau eguneko zeharkaldia egitera behartu zuten urruneko portu batera, laguntza humanitario gehiago emateko nahikoa tarterik gabe. Horrek esan nahi du 43 pertsonarekin iritsi dela portura, eta gehienezko edukiera 150 pertsonakoa da». Horrez gain, adierazi dute iragarpen meteorologikoak ontzia behartuko duela portuan egotera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.