SMH Itsas Salbamendu Humanitarioaren Aita Mari ontzia Pasaiatik atera da 09:15etan, itsasoratzea ikusteko bildu direnen animo eta txalo artean. Gobernuz kanpoko erakundeak hamahirugarren bidaia du jada: Mediterraneoan noraezean geratutako migratzaileak erreskatatzea du zeregin nagusia, eta Italiako Sirakusa portua izango du helmuga. Ontzian doazen hamalau tripulatzaileei hiru sorosle, bi erizain eta kazetari bat batu zaizkie; misioak bost aste irautea aurreikusten dute.
Azken ordura arte zalantzak izan dira laguntza humanitarioa noiz irtengo ote zen, eguraldiak ontziaren itsasoratzea baldintzatu zezakeelakoan. Azkenean, ordea, ezustekorik gabe abiatu da salbamendu ontzia, Terro Alberro Pasaiako alkatearen agurrarekin batera. Hala, hamar eguneko bidaia bati eman diote hasiera.
Aurtengo espedizioak baditu, aurrekoekin konparatuta, hainbat berrikuntza. Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak adierazi duenez, jaioberrientzako salbamendu txalekoak daramatzate lehen aldiz, adin txikikoen erreskateei erantzun egokia eman ahal izateko, azkenaldian ugaritzen ari direnez gero. Hain zuzen, Aita Mari-ko langileek ohartarazi dute laguntzen dituzten migratzaileen ezaugarriak aldatzen ari direla: garai batean, gizonak ziren gehienak, baina, orain, gero eta gehiago dira emakumeak eta haurrak.
Beste aldaketa bat ere bada, Tunisiak eta Libiak bat egin baitute Italiako eskuin muturreko gobernuak bultzatutako migrazio politikekin: Afrika Iparraldeko bi herrialde horiek indartu egin dituzte erreskate ontzien lana trabatzeko neurriak, Mediterraneoan gero eta ohikoagoak diren migrazio fluxuak oztopatzeko. Erabaki horrek bereziki arriskuan jarri duAita Mari-ren eta halako beste ontzien eragina.
2024. urtea hasi denetik orain arte, 21.700 pertsona iritsi dira Italiaraeuskal salbamendu ontziak gaur hartutako itsasbidetik. Hain zuzen, Giorgia Meloniren gobernuarekin hitzartutako migrazio itun baten erantzuna da Tunisiaren eta Libiaren jarrera, itun horren helburua baita Italiaren mugako kontrolak beste estatu batzuen laguntzarekin indartzea. Europan eskuin muturra gero eta indartsuago dagoen honetan, SMH erakundeko kideak bereziki kezkatuta daude migrazioaren inguruan bultzatutako politiken harira, argi defendatzen baitute, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko 19. artikuluaren babespean, «pertsona orok askatasunez hara eta hona ibiltzeko eta estatu baten lurraldean bizilekua aukeratzeko» duen eskubidea.