Itsas salbamendurako Aita Mari ontziak 125 pertsona erreskatatu zituen atzo Mediterraneo itsasoan: 84 noraezean zihoan txalupa batekoak ziren, eta 41, beste txalupa batekoak. Italiako agintariek Cataniako portuan lehorreratzeko esan diete ontziko kideei, eta hala egin dute gaur arratsaldean.
Aita Mari-k 108 pertsona erreskatatu zituen iragan astean. Haiek Salernon lehorreratu eta gero, berriz itsasoratu zen. Atzo goizaldean Alarm Phoneren bidezko alerta jaso zuen: 84 pertsona zihoazela hondoa hautsia zuen gomazko ontzi batean, eta jada ura sartzen ari zitzaiela barrura. Agintariei ontziaren egoerari buruzko abisua eman zieten bi orduz, baina «alferrik». Aita Mari-k gomazko ontzia aurkitu zuen. Hartan zihoazen 125 pertsonak erreskatatzen ari zirela, egurrezko ontzi bat agertu zen. Hango migratzaileak ere jaso zituzten, 41 guztira. Ontzian zeuden lau pertsonak motorrak martxan jarri zituzten, eta ihes egin.
Guztira 125 pertsona erreskatatu zituzten atzo: 106 heldu —96 gizon eta hamar emakume— eta hemeretzi adingabe. Bi emakume haurdun daude. Adingabeetatik hamaseik ez dute seniderik, eta bik 12 urte baino gutxiago dituzte. Erreskatatutakoak Beningoak, Egiptokoak, Eritreakoak, Etiopiakoak, Ghanakoak, Gineakoak, Kamerungoak, Nigerkoak, Nigeriakoak, Pakistangoak, Sudangoak eta Togokoak dira.
Kostazainen mehatxua
Aita Mari-ko ordezkariek salatu dutenez, larunbatean, itsasoan gomazko ontzi baten bila ari zirela, Libiako kostazainen patruila bat abiadura bizian gerturatu zitzaien; arma automatiko batekin mehatxu egin zieten, eta «go home [zoazte etxera]» oihukatu. Handik gutxira, kostazainek gomazko ontzi bat atzeman zuten. «Ziurrenik, ontzian zeudenak Libiako atxilotze zentroetan sartuko dituzte, haien eskubideak eta osotasun fisikoa babesteko bermerik gabe, zentro horietatik bizirik atera direnek sistematikoki salatzen duten bezala», ohartarazi dute.