'Aita Mari' erreskateontzia astelehenean itsasoratuko da Pasaiatik, misio humanitarioan

Mediterraneora abiatuko da, migratzaileak erreskatatzera. Hamahirugarren misioa izango du.

Aita Mari erreskateontzia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Aita Mari erreskateontzia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
edurne begiristain
2024ko ekainaren 29a
11:35
Entzun

Berriz itsasoratzeko prest da Aita Mari euskal erreskateontzia. Astelehenean abiatuko da Pasaiako portutik (Gipuzkoa) Mediterraneora. Ontziak egingo duen hamahirugarren misio humanitarioa izango da, eta, ohi bezala, migratzaileak erreskatatzera joango da. Martxoaren 22an iritsi zen Bilbora Aita Mari ontzia, Mediterraneo erdialdeko uretan ibili ondoren; orduko hartan, 43 pertsona erreskatatu zituen, eta Italiako portu seguru batera eraman.

Hamahiru lagunek osatzen dute Aita Mari-ko eskifaia: zortzi profesionalek eta bost boluntariok. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak kudeatzen du ontzia, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen du.

«Etorkizun ezberdin bat nahi badugu, non pertsona guztiek duintasunez eta segurtasunez bizitzeko aukera izango duten, premiaz eta konpromisoaz jardun behar dugu egungo migrazio krisiaren aurrean», adierazi du Itsas Salbamendu Humanitarioak ohar batean. Krisia ikusirik ezin dela «axolagabe» jokatu uste du, eta funtsezkotzat jo du nazioarteko komunitateak, estatuek, gobernuz kanpoko erakundeek eta gizarte zibilak migrazio behartuaren arrazoiei heltzea eta «erantzun egokia» ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.