Aita erasotzaile denean, umeak ere biktima

Tratu txarrak ematen dituen aitaren erregimen bisitak ez mugatzeak seme-alabengan ondorio kaltegarriak dituela ohartarazi du Pablo Nieva adituak. Azaldu du adingabeek «atxikimendu arazo larriak» garatzen dituztela, eta indarkeria normalizatzen.

Pablo Nieva psikologoak Gasteizko Europa jauregian eman du hitzaldia. RAUL BOGAJO / FOKU
Pablo Nieva psikologoak Gasteizko Europa jauregian eman du hitzaldia. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko martxoaren 14a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aspaldikoa da aditu askoren ohartarazpena, baina zurian beltz jarri du Pablo Nieva Gaztela-Mantxako (Espainia) indarkeria matxistaren biktima diren adingabeentzako laguntza psikologikoko zerbitzuaren koordinatzaileak: bikotea banatzean, eta indarkeriazko harremanak izan direnean, seme-alabekiko bisita erregimena mugatu egin behar zaie aita horiei. Izan ere, emakumeen aurkako bortizkeria matxistak eragin kaltegarria du haurren ongizate fisikoan eta emozionalean. Zalantzarik ez du egin psikologoak: «Aita horiei erabat debekatu behar zaizkie bisitak; kendu egin behar zaie botere hori». 

Gasteizko Udalak antolatuta, indarkeria matxistaren biktima diren haur eta nerabeei buruzko jardunaldia egin dute Europa jauregian, eta han eman du hitzaldia Nievak. Sistema judizialak bortxa matxista pairatzen duten emakumeen seme-alabak babesteko dituen gabeziez aritu da lehenik. Ohartarazi duenez, Espainiako legediak haurrak eta nerabeak indarkeriatik babesteko zenbait irizpide jasotzen ditu, baina neurri mugatzaileak hartzeko uzkur dira epaileak oraindik, aitek haurrak ikusteko eskubidea dutela argudiatuta. «Legeak babestu egiten ditu haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean, eta esaten du eten egin behar direla tratu txarrak ematen dituen aitaren bisitak tratu txar matxistengatik zigor epai bat tartean denean edota genero indarkeriako prozesu irekietan. Ordea, hori ez da gertatzen gehienetan».

«Aita horiei [erasotzaileei] erabat debekatu behar zaizkie bisitak; kendu egin behar zaie botere hori»

PABLO NIEVAPsikologoa

Gaztela-Mantxan haur eta nerabe horiei laguntza psikologikoa ematen dien zerbitzuaren datuak jarri ditu adibide gisa. 2024an, 500 adingabe baino gehiago artatu zituzten, eta horietatik %57k ohiko bisita erregimena izan zuen —aita erasotzailearekin batera—; soilik %8k erabili zuten familia elkargune bat bi gurasoak elkartu ez zitezen. Nievak adierazi du egoera hori gertatzen dela, batez ere, auzia epaitegi arrunten esku geratzen denean, eta ez hainbeste indarkeria matxistaren epaitegiek ebazten dutenean. Hala ere, uste du funtsezkoa dela sistema judizial osoa berrikustea eta epaileak trebatzea.

Bortxa haurren aurka

Gauza jakina da indarkeria matxista emakumeen gertukoengan hedatzen dela: erasotzaileak emakumeari min emateko erabiltzen ditu haurrak. Hala ere, bortizkeria kasu askotan, zaintza partekatua ezartzen dute epaileek, uste dutelako haurrarentzat ez dela txarra aitarekiko harremanetan jarraitzea, nahiz eta adingabeak bortizkeria horren lekuko izan. Nievak dioenez, aita erasotzaile batek ia beti erabiliko ditu haurrak amaren aurkako indarkeria prozesuan: «Bikotearengandik banatzen direnean, euren burua biktimatzat daukatenez, guztiz normalizatua dute indarkeria seme-alabekin erabiltzea».

Aita erasotzaileek adingabeei min emateko erabiltzen dituzten metodoak aztertu ditu Nievak: izua eragitea, haien burua eta gorputza kontrolatu nahi izatea, indarkeria fisiko eta psikologikoa erabiltzea eta biktima isolatzea, besteak beste. Eta, psikologoak azaldu duenez, tratu txar horien ondorioz, adingabe askok «atxikimendu arazo larriak» garatzen dituzte, euren emozioak «zeharo kaltetzen» dira, eta harreman afektiboekiko «lotura traumatikoa» izaten dute.

«Bikotearengandik banatzen direnean, euren burua biktimatzat daukatenez, guztiz normalizatua dute indarkeria seme-alabekin erabiltzea»

PABLO NIEVAPsikologoa

Gainera, harremanak zeharo «nahastearen» ondorioz, beste atxikimendu eredu batzuk bilatu behar izaten ditu adingabeak: «Ohikoa izaten da seme-alabak bere behar fisikoetatik deskonektatzea, eta bere gorputzaren norabidea galtzea». Nievak esplikatu du sintomatologia hori kronifikatu egiten dela bisitak mugatzen ez direnean, eta, ondorioz, haurrek indarkeriazko jokabideak normalizatu eta genero-rol tradizionalagoak sortzera jotzen dutela.

Portaera hori are muturrekoagoa izaten da adingabeak aitarekin izandako bisitak amaitu eta beste gurasoarekin bueltatzen direnean, adituaren arabera. «Ohikoa izaten da adingabeak amaren aurkako adierazpen bortitzak egitea, eta aitak amaren aurka erabili ohi dituen indarkeriazko hitzak erabiltzea». Nesketan ohikoagoak dira irainak; mutiletan, berriz, indarkeria fisikoa.

Nievak ezinbestekotzat jo du erasotzaileei bisita erregimena mugatzea amaren eta seme-alaben arteko lotura «osasuntsua» eraikitzeko. Hainbat datu eman ditu horren erakusle: aitarekin bisitarik egin gabe gutxienez hiru hilabete daramaten adingabeek sintoma gutxiago garatzen dituzte. Eta emakumeengan ere sumatzen da aldea: aitaren bisitarik gabe gutxienez hiru hilabete daramaten adingabeen amek hobeto garatzen dute euren seme-alabekiko harreman afektiboa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.