Udako barnetegietako arduraduna

Alba Ayucar Castro: «Aisia euskaraz egiteak hizkuntzan murgiltzen laguntzen die»

Alba Ayucarrek AEK-ko udako barnetegiak antolatzen ditu: «Barnetegia euskara ikasteko eta gozatzeko da, ez sufritzeko»

Alba Ayucar, AEK-ko udako barnetegien kartelarekin. GORKA RUBIO / FOKU
Alba Ayucar, AEK-ko udako barnetegien kartelarekin. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2024ko uztailaren 13a
05:00
Entzun

AEK-ko udako barnetegietako arduraduna da Alba Ayucar Castro (Donostia, 1990). Barnetegi desberdinak eskaintzen dituzte: familia barnetegiak, maila egiaztatzeko azterketa prestatzeko barnetegiak, euskalduntze barnetegia eta zuberera barnetegiak. Oraindik izena eman daiteke, orain Internet bidez ere, AEK-ko webgunean.

Zer helburu du AEK-k barnetegia antolatzean?

Euskalduntze prozesu horretan daudenei laguntza bat ematea eta euskara beste modu batean ikasi ahal izatea. Gure ikasleek euskara gertutik bizitzea eta denbora gutxian pauso handia eman ahal izatea nahi dugu. Ikastaro luzeekin jendea nazkatu egiten da; gurea, ordea, ikastaro trinkoa da, eta, gainera, kultura bizi dezakete.

Nola lagun diezaiekete aisialdiko ekitaldiek ikasleei euskara ikasten?

Ikaskideekin konfiantza lortzeko momentuak dira, eta euskara ikasten laguntzen die. Guretzat oso garrantzitsua da gelatik kanpo hitz egin eta praktikatu ahal izatea.

Zer da zailagoa: euskara ikastea edo egunerokoan hitz egitea?

Nire iritziz, egunerokoan hitz egitea, batez ere lotsagatik ez baitute egiten. Askok badakite euskaraz, baina, gero, lotsak ez die uzten behar adina hitz egiten.

Zer egiten zaie zailen ikasleei euskara saioetan?

Pentsatzen dut gramatika, baina orokorrean ez nuke esango barnetegian gauza zailik dagoenik; beti errazten dituzte ariketak gustuko dituzten gauza horiekin. Barnetegia ez da sufritzeko, baizik eta euskara lasai ikasi eta gozatzeko. Ikasturte osoko ikastaroak dira sufritzeko.

Euskaraz aritzeko lotsa galtzeko lekuak eta akatsak egiteari beldurra galtzeko ere izan daitezke? 

Normalean, iristen direnean lotsaren karga dute. Baina barnetegitik ateratzen direnean esaten dute lotsa hori lehenengo egunean gainditu zutela. Konfiantza giroan lortzen dute lotsa alde batera uztea eta, hala, euskaraz lasai hitz egitea.

Motibazioa elkarri ‘kutsatzen’ diote? Elkar laguntzen dute?

Bai. Askotan, gutxien dakienak gehiago dakiena motibatzen du, gehiago dakien horrek irakasle rola jokatzen baitu. Eta alderantziz: gutxi dakien horri motibazioa ematen dio gehiago dakien batekin hitz egiteak, normalean bere mailako jendearekin hitz egitera ohituta dagoelako.

Euskara irakasteaz gain, segurtasuna, harrotasuna eta halakoak transmititu behar zaizkie?

Bai, baina ez da esfortzu ikaragarria egin behar hori transmititzeko. Barnetegira joaten diren irakasleek nahi gabe transmititzen diete, beren izateko moduarekin transmititzen baitiete.

Hasieratik bukaerara nabari dute aldea? 

Bai, aldaketa nabaria da, eta oso pozik ateratzen dira. Batez ere lotsa alde batera uzten dutelako gertatzen da, askotan lotsak ez baitie uzten dakiten hori erakusten. Horren ondorioz, asko hobetzen dute.

«Euskera ez da lana lortzeko tresna bat bakarrik; plazerez eta ekintzen bitartez ikas daiteke»

Hamabostaldiak egiten dira barnetegietan. Euskaran murgiltze bat da?

Bai, guztiz. Ikasleak oso ohituta daude ikastetxean euskaraz hitz egiten eta, gero, etxean beren ama hizkuntzan aritzen. Barnetegian, eskolez gain, aisia, tailerrak eta beste motatako ekintza batzuk ere euskaraz egiten dituzte, eta horrek euskaran murgiltzen laguntzen die.

Ikasle batzuek euskara lan egiteko behar izanda ere, barnetegiak laguntzen die euskara plazerarekin, gozamenarekin eta aisialdiarekin lotzen?

Kasu horretan helburua lanerako ikastea izaten da, baina barnetegietan ikasten dute euskara ez dela lana lortzeko tresna bat bakarrik, eta plazeraren eta ekintzen bitartez ikas daitekeela. Adibidez, mendira joatean edo herriko giroan murgiltzen direnean, euskara beste modu batean ezagutzen dute. 

Familientzako barnetegiak ere antolatzen dituzue. Gurasoen eta seme-alaben arteko etena gutxitzeko balio du?

Bai. Ez da bakarrik etxeko lanekin laguntzeko. Familia erdaldun askok barnetegiko txanpa hori aprobetxatzen dute, eta etxean ere euskaraz hitz egitea lor dezakete.

Nola aldatzen zaio familia bati beren artean komunikatzeko hizkuntza?

Barnetegiko hamaika egunetan euskaraz hitz egitera ohitzen da familia, eta, gero, etxean hori eutsi behar diote. Horretarako, gurasoek esfortzua egin behar dute, barnetegian komunikatu diren hizkuntzan hitz egiten jarraitu behar dutelako.

Eredu horrek gero eta arrakasta handiagoa du?

Bai, gu gara familia barnetegiak eskaintzen dituzten bakarrak, eta geroz eta jende gehiago daukagu. Aurreko urteetan ibili direnek beti errepikatzen dute.

Zer leku du euskal kulturak halako egonaldietan?

Leku oso garrantzitsua dauka, eta gure ikasleei azaltzen saiatzen gara. Ez dugu bakarrik euskara irakasten, kulturalki azalpenak ematen eta bizitzen ere saiatzen gara.

Ikasle kopurua handitzen ala gutxitzen ari da?

Urtearen araberakoa da, baino aurten iaz baino jende gehiago espero dugu.

Nola ikusten duzue euskararen eta euskaltegien etorkizuna?

Guk optimismoz ikusten dugu, gero eta ikasle gehiago edukiko ditugun esperantzarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.